OPA plataforma oso kritikoa da Osasun Itunari buruz, eta bileran zergatiak helaraziko dizkiote teknikariari. Euren iritziz, alde batetik, “prozesuaren metodologiak eragozten ditu parte-hartzea eta eztabaida plurala, demokratikoa eta gardena”; eta bestetik, “Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako diagnostikoaren laburpen-dokumentua ez da osasun publikoaren egoerari buruzko diagnostiko erreala, osasunari ez baitio heltzen alderdi soziosanitarioak, lan-osasuna edo osasun-determinatzaileak barne hartzen dituen ikuspegi oso batetik”.
Era berean, adierazi dute pribatizazioa eztabaidatik kanpo utzi dela eta ez dela “publiko” hitza aipatzen. “Horrek agerian uzten du pribatizatzen jarraitzeko apustua egiten dutela eta osasun pribatuari babesa ematen diotela”. Bestalde, OPA plataformaren hitzetan, dokumentuan ez diote heltzen osasun publikoak duen finantzaketa eskasa jarraituari, eta “hori Osakidetzaren eta bereziki lehen arretaren gaur egungo narriaduraren arrazoietako bat da”.
Azkenik, jakinarazi dute jarraituko dutela osasun publikoaren narriadura salatzen eta mobilizatuko direla, “guztiontzat osasun publikoa, kalitatea, integrala eta unibertsala defendatzeko”.