Otsailaren 1erako manifestaziora deitu du OPA Herri Plataformak

Aikor aldizkaria 2024ko abe. 19a, 11:56

“Osasun publikoaren defentsan, promesa gehiagorik ez; konponbide errealak orain!”, lelopean, OPA Herri Plataformak manifestaziora deitu du otsailaren 1erako EAEko hiriburuetan. OPA da Osasun Publikoaren Defentsarako Herri Plataformen Koordinakundea, eta bere barruan dago Larrabetzuko LOPA. Euren esanetan, “osasun-eskubidea arrisku larrian dago, eta Eusko Jaurlaritzak osasun-sistema publikoa desegiteko estrategiarekin jarraitzen du”.

Estrategia horrek “zerbitzuaren kalitatea kaltetzen du, eragin negatiboa du herritarren osasunean, eta osasun-langileen lan-baldintzak okertzen ditu, sistema pribatizatu baten alde eginez”. Adierazi duten moduan, lehen mailako arretaren egoera bereziki da kritikoa, “ordutegi-murrizketak daudelako, osasun-zentroak ixten direlako eta mediku-falta eta lan-gainkarga dagoelako”. Era berean, esan dute osasun-sistema publikoa sakonki eraldatzeak eskatuko lukeela osasun publikora bideratutako aurrekontua nabarmen handitzea. “Izan ere, Osakidetzaren narriaduraren arrazoi nagusietako bat izan da haren finantzazio eskasa, eta 2025erako aurrekontuan ez da igoerarik aurreikusten. Lehendakariak 5.000 milioitik gorakoa dela behin eta berriro errepikatzen badu ere, pisua galtzen du aurrekontu globalari eta Barneko Produktu Gordinari dagokienez, eta oso urrun dago gurearen antzeko ahalmen ekonomikoa duten herrialdeen finantzaziotik”. Euren hitzetan, “klinika eta enpresa pribatuentzako diru-partidak handitu dira, eta publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza-politikei esker, diru publikoaren ehunka milioi jasoko dituzte berriz ere. Gainera, ez da autokontzertazioa handitzea ez da zalantzan jartzen”.

Osasun publikoaren aldeko plataformen iritziz, premiazko norabide-aldaketa behar du osasun-sistema publikoak. Hala ere, “aldaketa ez da bakarrik Euskal Osasun Itunaren Mahaian gertatu behar. Premiazko arazoek eskatzen dituzten konponbideez gain, beharrezko egitura-aldaketak adostu behar dira, osasun publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatekoa bermatzeko”. Horretarako, adierazi dutenez, beharrezkoa da “pribatizazioa baztertzea, baliabide ekonomiko gehiago ematea, lehen mailako arreta indartzea, osasun-langileen lan-baldintzak hobetzea eta kudeaketa-eredu gardena eta partaidetzazkoa garatzea”.

Plataformek esan dute promesa asko entzuten dizkiotela Osasuneko sailburuari, baina ez dutela egiturazko arazoak konpontzeko ekintza zehatzik ikusten, eta murrizketek eta pribatizazioek aurrera jarraitzen dutela. “Horregatik, beharrezkoa da modu bateratuan eta zabalean erantzutea. Osasun publikoa defendatzen duten eragile sozial, sindikal, publiko, auzokide, feminista eta abarren atxikimendua bilduko dugu datozen asteetan, otsailaren 1ean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egingo diren manifestazioekin bat egin dezaten”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).