Zelango harrera du J Martinak Euskal Herritik kanpo?
Egia esan, sorpresa izan da Euskal Herritik kanpoko kontzertuetan aurkitu dugun giroa, eta, talde bezala, etxetik kanpo ibiltzea ere polita izan da. Espero baino jende gehiago etorri da kontzertuetara, eta ez soilik euskaldun jendea. Konturatu gara gure musika euskaraz ez dakien jendeak ere entzuten duela, formalki musika gustatzen zaielako, edota gure diskurtsoa edo izaera politizatuak erakartzen dituelako. Musikak indar handia du hizkuntzaz haratago jendearengan gauza ezberdinak sortzeko, eta nahiz eta hasiera batean letrak ez ulertu, nahi duenak bilatuko du haien esanahia.
Hitzorduak etxean dituzue hurrengo hilabeteetan. Modu berezian bizi dituzue Euskal Herrian egiten dituzuen kontzertuak?
Urduri eta gogotsu gaude kontzertu horietarako. Zuzeneko berezi bat prestatu dugu, eszenografia berriarekin eta partaide gehiagorekin. Etxean egiten diren kontzertuak beti dira bereziak: publikoarekin sortzen den harremana oso polita izaten da, eta gustatzen zaigu horrelako aukerak aprobetxatzea, gure partetik ere zerbait berezia eskaintzeko.
Zeintzuk dira publikoarekin gehien konektatzen duten abestiak?
Zuzenekoetan nabaritzen da bereziki abesti batzuek publikoarengan duten indarra: Gazte baten ametsak, Amore, Bilbo eta Negu Gorri, baten bat aipatzearren. Zer esaten den eta nola esaten den arteko nahasketak indar handia hartzen du kanta horietan. Emozionalki edota politikoki sakonak diren gaiak aipa- tzen dira, eta esango genuke melodiek eragiten dutela mezuak era indartsuan sentitzea.
Aipatzen zabiltzatenez, izaera politiko nabaria duen taldea zarete; sozialismotik oso hurbila. Ezinbestekoa da artistek, musikariek… jarrera hartzea?
Oso garai nahasiak bizitzen ari gara, eta, gure ustez, gizarte osoak hartu behar du ardura, gertatzen ari denaren aurrean: salatuz, borrokatuz, antolatuz… Artistok eta musikariok ez gaude aparte, eta guk ere pentsatu beharko genuke inguruan gertatzen ari diren gauza guztiekin zein eratako harremana izan nahi dugun, eta batez ere izan daitezkeen aldaketetan nola eragin.
Nahiz eta kalterik ekarri?
Ez dugu uste politikoki inplikatzeak kalterik eragiten duenik. Agian, interes komertzialetan eragin dezake, baina, musikari bezala, indar eta zentzu handia eman diezaioke zure proiektuari. Jendearekin eta errealitatearekin konektatzeko gaitasuna ematen dizu, eta gure kasuan, oso motore garrantzitsua da bilaketa artistikorako.
Azken lanean hitz egiten duzue faszismoaren goraldiari buruz, politika parlamentariak sortutako deze-pzioari buruz… Musika-industria ere kritikatzen duzue. Zaila dirudi musikaria izanda industria horretatik kanpo egotea erabat.
Musika-industriaren motorra irabaziak dira; ez musika bera. Gaur egun, multinazionalek, banatzaileek eta enpresa handiek dute entzuten denaren eta musika-zirkuituen monopolioa. Eskala txikian ere gertatzen da: Euskal Herrian egiten diren makro jaialdiak eta ekitaldi handiak nork antolatzen dituen ikustea besterik ez dago, eta, gainera, zein baldintzatan. Ezin daiteke musikatik bakarrik eragin, arazoa globala delako. Baina gure esku ere badago zirkuitu komertzialetik kanpo dauden espazioak indartzea, hala nola gaztetxeak eta ekimen autogestionatuak, baita beste logika baten baitan antolatzen diren kontzertuetan parte hartzea. Era berean, gure lana da zirkuitu komertzialean dauden dinamikak salatzea.
Beraz, aldarrikatzeko tresnatzat duzue musika. Euskal Herrian, tradizioz, rocka, punka… erabili da aldarrikatzeko; zuek, berriz, musika elektronikora eta popera jo duzue.
Guk ere asko edan eta edaten dugu punketik, rocketik eta beste estilo batzuetatik, baina konposatzerako orduan gehien gustatzen zaiguna da musika elektronikoaren munduan murgiltzea eta pop-doinuak egitea. Besterik gabe. Horrelako estiloak oso baztertuta egon dira musika politiko bezala, eta, gure iritziz, aukera handiak ematen dituzte agitaziorako.
Momenturen batean edo bestean beldur izan zarete funtzionatuko ez ote zuen?
Ez dugu ardura hori izan. Hasieran pentsatu genuen ez ote ginen arraroegiak izango, baina ez zen kezka, pentsamendua baizik.
Zein musika entzuten duzue?
Hirurok musika asko eta oso ezberdina entzuten dugu, baina disko berrirako entzun ditugun artisten artean daude Angele, Shygirl, Ralphie Choo, Sen Senra, Toc eta Belako.
Hiru urte pasatu dira Jaio naiz baina diskotik (2021) Negu Gorri diskora arte. Badago alde handirik lan bien artean?
Disko berria ez da aurrekoa bezain sintetikoa eta beteago dago soinu aldetik. Dantzagarriagoa ere bada, eta gehiago landu dugu produkzioari dagokionez. Hiru urtean, nola ez, gu ere aldatu gara. Konposaketa aldetik asko ikasi dugu, eta soinuen bilaketan ere anbizio gehiago izan dugu.
Orain hirurek duzue pisu berbera ahots- eta instrumentu-arloan.
Hasieran inertziaz hartu genuen forma aldatu nahi izan dugu: dj batek eta bi abeslariek osatutako taldea izan beharrean, banda elektronikoa izaterako jauzia egin nahi izan dugu, eta zuzenekoa aberatsagoa egin.
Konposatzerako orduan nahiko kaotikoak zaretela irakurri dugu.
Bai. Ez dugu musika-ikasketarik egin, eta gehienetan intuizioz konposatzen dugu. Denboraren poderioz asko ikasi dugu eta funtzionatzen duten moduak ere hartu ditugu, baina ez dugu inoiz oso era ordenatuan konposatzen.
Ez dakigu gure gauza izango den, baina bertsolaritza-ukitua nabaria da abestietan.
Baliteke. Musika tradizionalarekin eta bertsoekin harremana dugu betidanik, eta horrek ere eragina du gure lanean. Disko berriaren lehen abestia, adibidez, Imanol Enbeitaren bertso batzuk dira. Oso zaharrak izan arren, gaur egungo garaiak deskribatu ditzakete.
Kaosa, konposatzerakoan, baina oso estetika landua, bideoklipetan.
Bideoklip bakoitzean saiatzen gara abestiari beste dimentsio bat ematen, esanahia indartzeko– Paktua abestian, esaterako– edo fikzio bidez beste mundu bat sortzeko –Eskuburdin kantan, adibidez–. Hainbat artistaren lana eta gure lana elkartzea gustatzen zaigu, eta zer gertatu daitekeen ikustea. Iruditegiarekin, sinboloekin, ironiarekin eta abarrekin jolasten gara: abestiaren zentzua zabaltzen da, eta, aldi berean, indartu.
Zer etorriko da aretoko biraren ostean?
Bada, printzipioz, kontzertuekin jarraituko dugu udaberrian.
Umiltasunez
Ane eta Kattalin Barcena Larrabetzuko ahizpek eta Javier Jorajuria barañaindarrak osatzen dute J Martina musika-taldea. Kattalinek eta Javik Arte Ederretako fakultatean ezagutu zuten elkar, eta hirukoteari piztu zitzaion musika elektronikoarekin esperimentatzeko gogoa. “Inolako pretentsiorik gabe elkartu ginen soinuekin jolasteko”. Barañaingoa Bilbora etorri zen bizi izatera, eta, azaldu digutenez, bere etxea izan zen taldearen lehen «estudioa». Ondoren, Cortes kalean izan zuten, eta gaur egun, Errekalden. “Bertan entseatzen dugu, eta konposatu”. Hori Bai gaztetxea ere izan dute sormen-lekutzat. “Dirurik eduki ezean, musikariok oso baliabide gutxi izaten ditugu gure musika sortzeko espazioei dagokienez. Hori Bai oso leku garrantzitsua da guretzat, ateak beti izan ditugulako zabalik, entseguak eta grabazioak egiteko. Baina musika egiteko beren-beregi egokitutako lekua bilatu behar izan dugu. Hala ere, zuzeneko berriak prestatzeko, Hori Bai erabiltzen jarraitzeko asmoa dugu”.
J Martina oso momentu latzean irten zen musika-eszenara, pandemia-garaian hain zuzen. “Egia esan, nahiko lauso dugu garai hori. Indarrean zeuden baldintzetan musika egiten hastea oso gogorra izan zen, batez ere zuzenekoak. Kontzertuak berriro zutik ikusten hasi zirenean, oso inflexio-puntu garrantzitsua izan zen gure ibilbidean, eta jarrai- tzeko indar handia eman zigun”. Kalean bi lan dituztela –Jaio naiz baina eta Negu Gorri– erreferente bihurtu dira Euskal Herriko musika-panoraman. “Esan moduan, inongo pretentsiorik gabe hasi ginen musika egiten, eta oso polita izan da gure musika zabaldu dela ikustea. Horri lotuta, uste dugu jendeak ematen digun oihartzun horrek hein batean erantzukizuna ere badakarrela, eta beti saiatzen gara horrekiko arduraz jokatzen”.
Azaldu duten moduan, J Martinak bi motore ditu: artearekiko konpromisoa eta inguruarekiko konpromisoa. “Sortzerakoan, beti saiatzen gara bi elementu horiek presente izaten. Gustatuko litzaiguke musika-arloan zerbait berezia egitea, eragingo duen zerbait, eragiteko forma berriak bilatzea… Beti ere umiltasunez”.
Aretoko birak hurrengo leku hauetara eramango dituzte datozen hilabeteetan: abenduak 21, Gasteiza (Jimmy Jazz); abenduak 27, Bilbora (Kafe Antzokia); urtarrilak 3, Donostiara (Dabadaba); otsailak 22, Azpeitira (San Agustin) eta martxoak 1, Atarrabira (Totem aretoa).