Pertsona arrunten istorioa

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 3a, 10:41

Toti Martinez de Lezea · Idazlea

Toti Martinez de Lezea Larrabetzuko idazleak bere azken eleberria kaleratu du: L’Arratien taberna. Tabernaren izena frantsesa izan arren, istorioa Mundakan kokatu du. Izan ere, jabearen senarra, Arratiakoa bera, Iparraldera joan ohi zen arrantza egitera, eta bertan L’Arratien esaten zioten. Inguru zoragarria aukeratu du pertsonaien gorabeherak kontatzeko; funtsean, gutariko edonorenak izan daitezkeenak, istorioa gaur egungo garaian gertatzen da eta.

"Orainaldian girotutako liburua idaztea errazagoa da, ez delako dokumentazio-lanik egin behar, eta bizitzen ari garen momentua denez, badakigu zelango arropa janzten dugun, leku batetik bestera zelan joaten garen… Hala ere, apustua da nire kasuan. Egia da La editorial eleberrian eta El maizal liburuaren azken zatian ere istorioa gaur egungo garaietara ekarri nuela, baina L’Arratien taberna eleberrian oraina erabili dut; hau da, «joan ziren eta jan zuten» erabili beharrean, «doaz eta jaten dute» erabili dut. Idazteko beste erritmo bat eta beste modu bat dira, eta saiatu behar nuen, erronkak asko gustatzen zaizkidalako. Oso pozik nago emaitzarekin”, azaldu digu egileak.

L’Arratien taberna agertoki nagusia dela, itsasaldeko herri bateko biztanleen egunerokotasuna hurbiltzen digu idazleak; euren bizipenak eta kezkak. “Nahiz eta gauza asko gertatzen diren, ez da ezer apartekorik gertatzen. Guztion egunerokotasuneko gauzak dira”. Nolanahi ere, irakurle batek ohartarazi dion moduan, bigarren aukerez hitz egiten duen liburua da. “Taberna oso egoera txarrean dago, baina sukaldari berria ailegatzen da eta berrabiarazten du; sukaldaria bere buruaz beste egitea pentsatzen dabil, baina lana topatzen du tabernan; tabernaren jabea erretiroa noiz etorriko zain dago, baina negozioa funtzionatzen hasten da berriro; dibor- tziatu den neska herrira itzultzen da alabarekin, eta aitarekin harremanetan izaten da berriro… Pertsonaia guztiek bigarren aukerarik ez badute ere, nagusiek badute”.

Umorez

Lezeak ondo ezagutzen duen herria da Mundaka, eta horregatik erabaki du istorioa bertan kokatzea. “Oso inguru polita da, eta lagunak ditut han. Hortaz, aitzakia eman dit liburuan dauden gaiei buruz hitz egiteko: turismo masifikatua, etxebizitzen prezioa garestitzea, gazteek herritik alde egin behar izatea, Urdaibaiko Guggenheim museoa, espekulazioa, goi mailako sukaldaritza, Gaztelugatxe… Bizi diren tokian bizitzeagatik kezkatzen dituzten gaiak dituzte hizpide protagonistek”. Egileak adierazi duen moduan, liburua ironiaz eta umorez idatzita dago, eta ez du inor mintzeko asmorik.

Beste alde batetik, larrabetzuarrak nabarmendu du eleberriaren bizitasuna. “Ez dago kapitulurik, sekuentzia bisualak baizik. Izan ere, zu eta biok hitz egiten ari garen bitartean, beste leku batean ere badaude pertsonak hitz egiten edo zerbait egiten. Gainera, pertsonaia nagusietako hiru 70 urtetik  gorakoak dira. Zergatik? Bada, adin horretakoak erabat desagertuta gaudelako… Beraz, gazteak eta nagusiak maila berean ipini ditut. Azkar irakurtzen den liburua da, eta istorioa ere gidoi aproposa izan daiteke ikus-entzunezko lanen batentzat (kar-kar)”.

Hainbat proiektu

Martinez de Lezeak proiektu batzuk ditu mahai gainean, baina aitortu digu ez dakiela hurrengo eleberria zein arotan kokatuko duen. “Nobela historikoa egiteak oso ahalegin handia eskatzen du dokumentazio eta ikaste aldetik, egiten bada, ondo egin behar delako: ezin dira Erdi Aroan tomateak ipini”. Gainera, aipatu digu hainbat egitasmotan murgilduta dagoela. “Nur eta Afrikarako bidaia gaztetxoentzako liburua ere kaleratu dut, eta La voz de Lug liburua Toti Martinez de Lezea Bibliotekan sartu denez, aprobetxatu dut hura zuzentzeko: semantika, gramatika, txarto ipinitako puntuazio-markak…”. Bestalde, duela urte batzuk kontatzeko ipuinak idatzi zituen umeentzat, eta apirilean edizio berria kaleratuko da. “Era berean, Gorka Hermosarekin eta Edurne Zabalorekin nabil musika-ekitaldiak egiten, eta abestiak eta poesia idazten hasi naiz”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).