Osasun publikoaren aldeko manifestazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei

Aikor aldizkaria 2025ko urt. 17a, 12:11

OPAk, Osasun Publikoaren Defentsarako Herri Plataformen Koordinakundeak, manifestaziora deitu du otsailaren 1erako. Larrabetzuko LOPA dago koordinakundearen barruan. Manifestazioa Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dute, eta herritarrei deia egin diete ekintzetan parte hartzen dezaten. “Osasun publikoaren pribatizazioak eta murrizketa-politikek jarraitzen dute gure osasunerako eskubidea mehatxatzen. Hortaz, osasun publikoa, unibertsala eta kalitatekoa defendatu behar dugu”.

Atzo, urtarrilak 16, agerraldia egin zuten Barakaldon, Gasteizen eta Tolosan. Adierazi zutenez, “Eusko Jaurlaritza estrategia orokor bat garatzen ari da, osasun-sistema publikoa desegiteko eta pribatizazioa bultzatzeko. Estrategia horrek zerbitzu publikoaren kalitatea hondatzen du, herritarren osasuna kaltetu, osasun-langileen lan-baldintzak okerragotu, eta kudeaketa autoritarioko eredua sendotzen du; eta azken horrek herritarron parte hartzeko eskubidea urratzen du”. Koordinakundearen esanetan, ondorioak bereziki Lehen Arretan dira larriak. “Arreta sanitarioaren % 80 artatzen du, eta bere funtsezko elementu gehienak bertan behera utzi dira: eskuragarritasuna, unibertsaltasuna, integraltasuna, arretaren jarraitutasuna, ekitatea eta orientabide komunitarioa”.

Beste alde batetik, adierazi dute azken hilabeteetan Osasuneko sailburua ahalegintzen dela Osakidetzaren arazoak zuzentzen ari diren ideia helarazten. “Osasun publikoaren sistema hobetzeko, diru gehiago inbertituko dela agindu du, eta zifrak jakinarazi ditu itxarote-zerrenden ustezko gutxitzeei eta osasun pribatura bideratzeei buruz. Sailburuak ez duela egia esan salatzen dugu, eta zifrak nahiera manipulatzen dituela. Badakigu 19 hilabeteko itxarote-zerrendak daudela, eta osasun pribaturako desbideraketak gutxitzeari dagokionez, azaldu beharko du 2025ean horretara bideratutako aurrekontua zergatik, murriztu beharrean, handitu den”. Horri lotuta, eskatu diote datuak jakinarazteko, “daten, zentroen, espezialitateen eta abarren arabera zehaztuta”, eta itxarote-zerrenden kontrol publikoa ahalbidetzeko.

Beste aldetik, koordinakundeak esan du sailburuak bere egin duela lehengo sailburuek hasitako desegite-estrategia, “osasun-zentroen eta etengabeko arreta-guneen ordutegiak murriztuz eta zentroak itxiz”. Azaldutakoaren arabera, Gabonetan murriztu zen 110 osasun-zentroren ordutegia. “Eta hori arnas infekzioek gora egin zuten testuinguruan. Medikorik gabeko zentroak, beste udalerri batzuetara joan behar izatea arreta jasotzera, hainbat espezialitatetan profesionalik ez egotea, lan-gainkarga eta prekarietatea, finantzaketa gutxi… Betikoa. Azken egunetan zabaltzen dabiltzan kanpainaren helburua da herritarron erantzuna neutralizatzea, batez ere otsailaren 1eko manifestazioen aurrean”.