Atzerritik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan dabiltzan euskaldunak ikusarazteko kanpainan parte hartu du Larrabetzuk

Aikor aldizkaria 2025ko ots. 18a, 13:03

UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, “Egin nirekin ere euskaraz” kanpaina ipini du abian. Beste herrialde batzuetatik Euskal Herrira etorri diren lagun askok euskara ikasi, eta ostalaritzan edo merkataritzan lan egiten dute. Hala ere, haiekin erderaz hasten diren euskaldunak badaude, eta, hortaz, kanpainaren helburua da aurreiritziak gainditzea. UEMAren baitan dago Larrabetzu, eta kanpainan herriko tabernari baten eskutik hartu du parte.  

Guztira 11 udalerrik hartu dute parte kanpainan, eta kartelak, diptikoak eta gizarte-sareetan zabaltzeko bideoak prestatu ditu UEMAk. Azaldu moduan, kanpainak “Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan” egitasmoa du oinarri, Zaldibian abiarazi zena, baina azken urteotan 29 herritara zabaldu dena. “Herri horietako batzuek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek oraindik indar handia dutelako, eta herritarrek beste herrialde batzuetatik etorritakoei eskotan erderaz egiten dietelako, euskaraz badakite ere. Horren aurrean, kanpainak nabarmendu nahi du euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla”.

Kanpainaren protagonistak jaio dira, besteak beste, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Bolivian, Sardinian eta Nikaraguan. “Euskara ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz egiten dute bezeroekin. Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik… erderaz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite euskara zubirik ederrena dela, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute: kanpokoak direla esaten zaie zeharka. Horregatik, haiei ere euskaraz egitea nahi dute, gustatzen zaielako eta euskaldunak sentitzen direlako”.