Erabilera egokitik edo desegokitik harago, gizarte-sareak adikzioa sortzeko diseinatuta daudela abiapuntutzat hartu behar dela diozu.
Euren negozio-eredua honetan oinarri- tzen da: gu zenbat eta denbora gehiago pantaila aurrean egon, orduan eta informazio handiagoa lortuko dute guri buruz, eta informazio horrek ahalbidetuko du eragin-ahalmen handiagoa izatea. Azken hori, hain zuzen, salduko diete gero marketin politikoko agentziei, osasun pribatuko aseguru-etxeei, airelineei… Adibidez, Facebookek erabiltzaile bakoitza sailkatzeko 98 kategoria zituen, eta like-kopurua aztertuta oso informazio zehatza lortzen zuen berari buruz. Nola lortzen dute gu pantailari begira denbora luzea ematea? Bada, gure pasioak eta gabeziak zeintzuk diren jakiteaz gainera, badakite gure ezaugarrien antzeko ezaugarriak dituzten milioika erabiltzailerekin albo-eragin positiboa zerk izan duen eta zerk ez. Hortaz, algoritmoari instrukzio zehatzak emango zaizkio gure arreta eskuratzeko edo, adibidez, salerosketa bat egin dezagun.
Helduak harrapatzea erraza da; are errazagoa gaztetxoak eta nerabeak harrapatzea.
Jakina. Enpresen diskurtsoaren eraginez, euren produktuaren benetako izaera hu- tsaldu, eta auzia teknologia ondo edo txarto erabiltzean ipini da; hau da, ardura erabiltzailearengan ipini da. Hamabi urteko pertsona batek ez du sistema emozionala erabat garatuta, eta hortaz, ez da bidezkoa adikzioa sortzen duen produktu batekin arduratsua izateko eskatzea. Inpultsiboak gara nerabezaroan eta ez ditugu epe luzeko arriskuak ikusten; bada, gizarte-sareen aurrean ere ez dugu horretarako gaitasunik. Kontua da gaztetxoei laguntzea mendekotasuna sortzen duten sare horiekin harreman osasuntsua izan dezaten; bestela, ez direlako erabiltzaileak izango, erabiliak baino. Eta erabiliak diren neurrian, ondorioak pairatzeko aukera handiagoa izango dute: antsietatea, arreta ipintzeko arazoak, portaera-arazoak eta psikologikoak…
Nola harrapatzen dituzte?
Nerabeari modu faltsuan ematen diote behar duen guztia: onarpen soziala, komunitatearen parte izatea, lagunak… Eta lengoaia zehatza erabiltzen dute horretarako: gehitu laguna, sartu komunitatean, jarraitzaileak… Orduan, arazoa ez da soilik kontsumo-ikuspuntutik ulertu behar, begirada zabaletik baizik, kontsumo horretatik ondorioak etorri daitezkeelako, hala nola autoestimu baxua, konparazio desitxuratuak, etengabe balioztatua izatea, feedback negatiboak jasotzea eta eduki ez egokiak kontsumitzea eta normaliza- tzea. Nolanahi ere, eta pantailen aurrean bospasei ordu ematen dituztela kontuan hartuta, uko egiten dieten gauzengatik ere kezkatu beharko genuke, adibidez, jarduera fisikoa, naturarekin harremanetan egotea, emozioak kudeatzea, irakurtzea, sormena, benetako giza harremanak… Azken batean, horiek guztiak oso inportanteak dira euren garapenerako.
Zein da gurasoen eginkizuna?
Lehenengo eta behin eredu izan behar dute, ekintzek hitzek baino gehiago adierazten dutelako. Ondoren, bidelagun izan behar dute. Telefono mugikorrarekin harreman osasuntsua izaten ikasi ostean, ezagutza eta tresnak helarazi behar dizkiete umeei. Izan ere, umeari telefono mugikorra emateko adina atzeratzeak ez du ezertarako balio, heziketarik ematen ez badiogu. Hau da, pantailaren aurrean jarri baino lehen oso ondo jakin behar da pantailaren atzean zer dagoen. Hori da erabiltzailea, eta ez erabilia, izateko modu bakarra. Hala ere, kontuan izan behar da nerabeaz, familiaz eta eskolaz gainera, auzi honetan beste aktore batzuk ere badaudela, eta horregatik, lege koherenteak ere exijitu beharko lirateke.
Aste batez mugikorra ez erabiltzeko erronka egin zenuen ikasleekin. Familia, ikastetxe… guztietan egin beharreko ariketa da?
Bai. Erronka 15-16 urteko ikasleekin egin nuen, eta hiru ataletan banatu genuen. Lehenengo eta behin, ezagutza sendoa jaso genuen eraikitzen hasteko; gero, iritzi kritikoa jorratu genuen; eta azkenean, mugikorra astebetez ez erabiltzeko aukera eman zitzaien, zelan sentitzen ziren eta ondorioak aztertzeko. Hezitu behar ditugu, baina frustrazioan erori gabe. Azken batean, seme-alabei telefono mugikorra emateko ordua ailegatuko da momentu batean edo bestean, eta ahalik eta ondoen prestatuta egon beharko dute horretarako.
Zelakoa da pantailekin harreman osasuntsua izatea?
Gomendioa da egunean pantailen aurrean bi ordu baino gutxiago ematea, eta inondik inora hiru ordu baino gehiago. Pentsa ezazue, egunean zortzi ordu lo ematen baditugu, beste zortzi ordu lanean, joan-etorriak…, bost ordu gera- tzen zaizkigu guretzat; eta erdia pantaila aurrean ematen badugu, bada, zerbait galtzen gabiltza. Bestalde, hiru aldagai garrantzitsuri erreparatu behar diegu. Lehenik hausnartu behar dugu mugikorra eskura ez dugunean zelan sentitzen garen: urduri, ez seguru… Bigarrenez, aztertu behar dugu mugikorra eskura dugunean berarekin zelako harremana dugun, adibidez, nahi gabe hartzen dugun. Eta azkenik, hausnartu behar dugu mugikorrak presentziarik izan beharko ez lukeen jardueretan zelako presentzia duen, esaterako, lanean, ikasten gabil- tzanean, lagunekin gaudenean, ohera joan aurretik edo esnatu bezain pronto. Pantailekin harreman osasuntsua izatea da haiek neuk nahi dudanean eta nahi dudanerako erabiltzea.
Gune digital seguruak
Gazteen eta Umeen Ministerioko Adituen Batzordearen kidea da Lazkano, eta euren helburua da adingabekoentzat gune digital seguruak sortzea. “Euren eskubideak errespetatzen diren guneak dira: pederastek adingabekoekin harremanik ez izatea, pornografiarik gabekoak, euren ongizatea arriskuan ipiniko duten edukirik gabekoak… Enpresa teknologikoek oso ondo dakite gure garuna nola ustiatu, eta xedea da teknika horiek nerabeekin ez erabiltzea eta kontu honi guztiari mugak jartzea; hau da, adingabekoek euren ongizatea arriskuan ipini barik Interneten baliabideak eskuratzeko eskubidea izan dezatela" .
Lazkanoren ustez, atzo baino gertuago gaude gune digital seguru horietatik, baina ez da lan erraza, familiez eta erakundez gainera, auzian beste eragile batzuk ere nahasita daudelako. “2022an, Apple historiako lehen enpresa izan zen Erresuma Batuko barne-produktu gordina baino aberastasun handiagoa sortzen. Beraz, imajina dezagun hainbat enpresa teknologiko batzen direla; bada, nahiz eta hainbat estatu ere batu, enpresek aberastasun handiagoa izango dute, eta neurri batean, boterea. Era berean, lehiakortasun handia dago euren artean, eta batek erritmoa moteltzen badu, beste batek bizkortuko du. Ondorioz, autorregulatuko ez direnez, legeak behar dira negozioen oinarrien kontra egiteko. Dena dela, jurisdikzio aldetik ere zailtasunak daude, batzuk ez daudelako gure araudi juridikopean, eta, bestalde, Internet nazioarte mailakoa izateak oztopatzen duelako jardunbideen eraginkortasuna bera”. Esanak esan, zen-tzu honetan atzo baino hobeto gaudela esan digu, “baina espero dut bihar baino okerrago egotea”, gaineratu du.