Hori ulertzeko, kalean bertan umeei esaten zaizkien gauzak eta esateko moduak aditzea besterik ez dago: heldu bati norbaitek horrela hitz egitekotan, baten batek poliziari deituko lioke. Helduen artean beste norbaiten jokaerak baliogabetzeko "umekeria" bezalako hitzak erabiltzea ere oso adierazgarria da. Gainera, heldu asko gazteenak menderatzeko eta kontrolatzeko ahalmenarekin sentitzen dira.
Helduzentrismoa ikusteko eta desnormalizatzeko, diotenez, beharrezkoa da haurrei eta gazteei aktiboki entzutea, gertatu ohi diren botere-harremanak behatzea eta praktika adultista horiek indarkeria-mota bat direla onartzea. Neurri handi batean, kontrol logika batetik abiatzen dira, eta ez askatasun edo bizikidetza logika batetik.
Bada garaia umeak pertsona osoak direla ulertzeko, eta ez pertsona-proiek- tuak. Haurtzaroa ezin da bizitzarako "prestakuntza" tarte gisa ulertu, eta horrek ezkutatzen duen oinarri adultista ulertu beharko genuke: bizitza "baliozkoa", berez, bizitza heldua dela.
Helduok jolasteko daukagun gaitasun eta ohitura faltarekin lotzen dut nik heldukeriaren kontu hau. Helduegiak bilakatu gara, gizaki serio eta zurrunegiak jolasten ibiltzeko eta, egitekotan, oso esparru mugatuetan egiten dugu. Atzean utzi dugu umetasun eta jolasteko grina oro.
Jolasa sorkuntza ororen oinarrian dago eta giza-ikerketaren osagai funtsezkoena da, bizitzarekiko pasioa da. Jolasean bere burua askatzen duenak mundua argi diferentean ikusteko aukera dauka. Zeharo mugatuta dugu ordea. Umeak ere gero eta gutxiago jolasten dira. Heldu aspertuen alde honetara gero eta lehenago aldatzen direla dirudi.
Ez dut ondo ulertzen zergatik daukagun itxita egunerokoan jolaserako ate hau, osasun hutsa dena. Kontsumotik kanpoko alternatiba, zentzumenak ireki eta zure buruarekin eta besteekin gozamenetik konektatzeko aukera ematen duena. Helduak eta umeak elkarrekin jolasten diren herria herri zoriontsua izango baita.