Desazkundea kontzeptu berria ez bada ere, ez da oso ezaguna.
Desazkundea, bereziki, antolaketa- eta izaera-politikoa duen apustua da. Jendea harritu arren, zientzia jarduera politikoa da, hau da, gizarteari axola dion jarduera. Adibidez, minbiziaren aurkako tratamendu bat aurkitzen baduzu, horrek garrantzi politikoa du, baina zientziak ezin du alderdikoia izan. Gaur egungo egoera nabarmena da: etxebizitzaren prezioak, inflazio handiak eta lanaren prekarizazioak kaos eta pobretze egoera batera garamatzate. Txikiagotuko gara, gure ekonomiak nahitaez txikituko dira, eta berdin dio zer egiten dugun. Ezinbestean baliabide gutxiago egongo diren eta ingurumen-egoera zailagoa izango den egoera batera goazenez, desazkundearen proposamena da bide hori modu planifikatuan eta demokratikoan egitea.
Doikuntza teknikoak diruditen arren, haratago doa.
Aldaketa soziala da. Oso kontu sakon bat dago: kapitalismoa bertan behera utzi behar da. Eta kapitalismoa zalantzan jartzea tabu kulturala da egun, sozialki onartezina. Irabazia handitzeko interesa alde batera uztea eta gizartearen ongizatearen bermea handitzea dakar. Horrela izan beharko luke, baina bidearen uneren batean iparra galdu genuen. Gauzak oso gaizki doaz, baina hala ere ez gara gai paradigma honetatik irteteko.
Hartu beharreko neurriek izaera makroekonomikoa dutela dirudi: botere gune handietan erabaki eta gero tokikora jaitsi.
Logikoa denez, izaera makroekonomikoa dute, erabaki behar baita ez garela haziko eta herritarren ongizatea hobetzeko neurriak hartuko ditugula. Baina gero dena mikro da. Ezin da bestela izan: birlokalizazioaz ari gara, tokiko beharrak aseko dituen tokiko produkzioa berreskuratzeaz. Energia ugariak eta merkeak eragin zuen globalizazioa. Txinan ekoitzi zenezakeen edozer eta gero hona ekarri. Energia hain ugaria eta merkea ez den heinean, birlokalizazioa gertatzen da, produkzioa berriz bueltan dakarzu, eta hori nahiko maila mikro batean gertatzen da: nola antolatuko zara hemen zure elikagaiak, produktuak eta zerbitzuak ekoizteko? Toki bakoitzak bere idiosinkrasia du eta egiteko modua ez da berdina izango Bilbon, Iruñean edo Extremaduran. Zure bioeskualdeak asko baldintzatzen du, ezaugarri, baliabide eta arazo propioak baititu.
Tokian tokiko ikuspegi hori saihestezina al da?
Saihestezina da, eta Euskadin oso agerikoa egiten ari da. Elite ekonomikoak eta alderdi nagusiek babestu duten ereduak esportaziora bideratutako eredu industrialistak dira, eta ezin dira baliabide mugatuko mundu batean mantendu. Gehiago arduratu behar gara hemen kontsumitzen diren produktu eta zerbitzuen ekoizpena bermatzeko moduaz. Paradigma-aldaketa oso garrantzitsua da, eta alderdi politikoek ez dakite nola erantzun.
Badirudi, norberak, energia-trantsizioan urratsen bat egin nahi badu diru nahikoa izan behar duela.
Trantsizio energetikoaz hitz egiten denean, eredu bakarra dagoela ematen da aditzera. Eta gaur egun, eredu horretan, ez dago trantsiziorik, ez dagoelako ordezkapenik. Dirua eta dirulaguntzak erakartzeko mekanismo bat da. Beste trantsizio-ereduez hitz egiten hasi behar dugu: elektrizitatea ekoiztetik pasatzen ez den energia berriztagarrien aprobetxamenduaz, tokiko aprobetxamenduaz. Elektrizitatea oso problematikoa da alderdi askotan, baina, bereziki egun, materialik ez dagoelako, eta kobrea ere falta zaigu.
Premiazkoa al da pauso hori ematea?
Oso premiazkoa dugu. Apustu egin dugun ereduak ez du funtzionatzen. Gainera, egoera geopolitikoa guztiz kaltegarria da. AEBk orain muga-zergak jarri dizkie esportazioei. Nazioarteko merkataritza hondatu nahi du. Eurek baliabide naturalak dituzte, beren enpresak birlokalizatuko dituzte eta, ziurrenik, beren merkatu naturalarekin biziraungo dute. Txina egoera berean dago. Baina Europar Batasunak ez du baliabiderik eta etsita dago. Administrazioa sinplifikatzeko azken dekretuak, berez, ingurumen-araudia erlaxatzeko dekretuak dira. Nondik aterako ditu baliabideak etorkizunean? Afrika inbadituz.
Egun hauetan, Europar Batasunak biziraupen-kit bat eskuratzea gomendatu du
Albiste horiek psikosia sortzeko dira, jendeak bermilitarizazioa onar dezan, batez ere kontzientziaren aldetik. Bide militarra gure arazoak konpontzeko bide naturala dela onar dezagun. Epe ez oso handian Aljeria inbaditu behar dugula esaten badigute, guk ezinbestekotzat hartzeko. Erabat ezmorala izateaz gain, baliabideak ia agortuta daude Afrikan ere bai. Gainera, Europa kolapsatu egin daiteke ahalegin militarragatik eta areagotzen ari diren gizarte-arazoengatik.
Zer egin dezakegu, eskuin muturrak sare sozialetan eztabaida baldintzatzen duen garai honetan? Badirudi horrelako proposamenek ez dutela lekurik
Ezkerreko alderdiek akats estrategiko handia egin dute. Uste izan dute kapital handiarekin negoziatuz eta industria ereduari eusten saiatuz dena ondo joango zela. Jendeari ez zaio trantsizio energetikoa axola; bizi ahal izateko lana, bizitza duina eta ingurumen egonkorra izatea axola zaio. Jendearen benetako arazoak entzun behar dira. Teknikoki gauza asko egin daitezke, baina gizartea aldatzeko borondatea egon behar da. Alde batera utzi behar dugu daukagun hazkuntzaren eta gehiegizko industrialismoaren ideia absurdu hori.
Ikerketa eta dibulgazioa
Antonio Turiel Martínez (Leon, 1970) doktorea da fisika teorikoan eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC, gazteleraz) Itsas Zien-tzien Institutuan jarduten du egun. Bere ikerketa esparrua ozeanoak eta klima badira ere, urteak daramatza lehengaien agortzearen eta beste trantsizio-ereduen inguruan idazten, izan ere, dibulgazio lana ere bada Kontseilu Goreneko ikerlariei eskatzen zaien betebeharra. El futuro de Europa. Cómo decrecer para una reindustrialización urgente (Destino, 2024) da argitaratu duen azken liburua. Bertan, gaur egungo trantsizio-energetikoaren porrotari buruzko analisia egiten du, eta baliabideen eskasiaren aurrean hartu ahal diren hainbat irtenbide aipatzen ditu. Baina bereziki, bizi-eredu efiziente eta xume baterako gonbitea da Turielen liburua.