Oihane Goienetxe, industria-diseinuko ingeniaria: “Enpresek pixkanaka-pixkanaka ezarri beharko dute ekodiseinua”

Aikor aldizkaria 2008ko eka. 23a, 13:57
Oihanek Industria-diseinuko Ingeniaritza Teknikoa ikasi du Mondragon Unibertsitatean. Gipuzkoako Peritu eta Industri Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak ‘IV. Memorial Felix Sopelana’ ikerketa tekniko onenaren saria eman dio hil honetan Lezamako gazteari. Zure karrera-amaierako proiektua saritu dute... Unibertsitatean Ekodiseinu Gela dago, eta bertan merkatuan dauden produktuak aztertzen dira, ingurugiroa kontuan hartuta horiek hobetzeko. Niri Fagor enpresako ‘Driron’ lehorgailu-lisatzailea ikertzea egokitu zitzaidan. Zelan izan da prozesua? Ekodiseinu Gelan prestakuntza jaso nuen hiruzpalau hilabetean, eta ondoren Fagor enpresako IBAI sailean izan nintzen lanean martxotik urrira bitartean. Lehorgailu-lisatzailearen bizi-zikloa aztertu behar izan nuen. Helburua produktu horrek ingurugiroari ahalik eta kalte gutxien egiteko proposamenak aztertu eta prozedurak ezartzea izan da. Ekodiseinuaz ari zara, zer da hori? Enpresak pixkanaka-pixkanaka haienganatuz joan beharko diren kontzeptua da. Kostuak, kalitatea, etekinak eta beste alderdi batzuk kontuan hartzen dituzten moduan ingurugiroa ere kontuan hartu beharko dute produktua diseinatzerakoan. Adibidez, elektrotresna gehienek erabilera fasean kutsatzen dute gehien, eta hori murrizteko ahaleginak egin beharko dira. Era berean, produktuak desmuntatzen errazak izatea lortu behar da, horien bizi-zikloa amaitu ostean era egokian birziklatu ahal izateko. Gustura ibili zara? Bai. ‘Driron-aren Ekodiseinua’ eman zidaten gaitzat proiektua egokitu zitzaidanean, eta pozik hartu nuen, ingurugiroaren aldeko ekarpena egin ahalko nuelako. Ingurugiroarekin kontzientziatuta dagoen neska zara. Kiotoko Protokoloa, CO2 isuriak gutxitzeko politikak, hainbat eta hainbat neurri... Beranduegi? Erakundeak alde ekonomikoa kolokan ikusten dutenean jabetzen dira arazoaz, nire ustez. Neurriak aldez aurretik hartu beharko ziren, eta orain ez dagoela zer egiterik uste dut. Estatuek baldintzak eta neurriak ezartzen dituzte orain; beranduegi da eta, gainera, ez dira betetzen. Beste alde batetik, energia berriztagarriei buruz hitz egitea modan jarri da. Etorkizuneko aukera izan beharko dira, zalantzarik ez, baina teknologia hori ere aldez aurretik garatu beharko zen, eta ez orain, beste baliabideak agortzear ditugunean. Bonba atomikoa nahiko azkar asmatu zen; eguzki-panelak garatzeko, berriz, denbora gehiago behar izan dugu. Produktuak diseinatzen diren enpresa batean egiten duzu lan. Zer gustatuko litzaizuke egitea bizitzan? Gaur egun egiten dudana: edozein gauza diseinatzea. Beno, altzariak diseinatzea, batez ere. Izugarri gustatzen zaizkit altzariak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).