Pilota modan dago AIKOR! aldizkarian: uztailean Bengoetxea VI.a izan genuen, eta orain Barriola eta Martinez de Irujo etorri zaizkigu Mikel Olazabal eta Aitor Zubietarekin. Lau pilotariek binakako partida jokatu zuten Lezamako jaietan, eta takoak ipintzen zituzten bitartean harrapatu genituen. Oso solasaldi atsegina izan zen barre artean, sasi euskaraz, sasi gazteleraz. Giro paregabe batean Irujo eta Barriola bozeramaile aritu ziren, batez ere.
Txorierriko herrietan pilota eskola bana dago. Ezagutzen dituzue?
Abel Barriola: Hemengoak ez ditut ezagutzen, baina Leitzan ere, nire herrian, eskola bat badago eta oso ona da. Mikel (Olazabal) Aresokoa izan arren, Leitzako pilotalekuan ere hezi da. Gure frontoitik pilotari asko ateratzen dira, pilota lehenengo kirola baita herrian. Futbolak ere jarraitzaile asko ditu, baina aritu, pilotan aritzen da gehien.
Pilota gero eta oihartzun handiagoa hartzen dabil. Nola ikusten duzue fenomeno hori? Eta etorkizuna?
A.B.: Nire ustez, pilotak ikaragarrizko aurrerapausoa egin du azken bolada honetan. Telebista ezinbestekoa da goi mailako edozein kirol kontsumo handikoa izan dadin. Pilota, zorionez, nahiko kirol erraza da saltzen, eta, erakargarria denez, telebistan ematen dute. Booma izan zen aspaldian; batzuek pasatuko zela esaten zuten, baina pilota oraindik jarraitzen da ikusten. Zaletasun handia da-go herrialde guztietan eta telebista horren lekuko izatea seinale ona da.
Udan partida asko daude. Zenbat jokatzen dituzue?
Juan MartÃnez de Irujo: Ahal beste (kar, kar). Pilotariok udan jokatzen ditugu partidarik gehienak, eta ondorioz, hura da gehien disfrutatzen dugun sasoia. Hilean hamar bat partida joka dezakegu. Txarrena da batzuetan jarraian aritu behar dugula. Baina garairik onena da guretzat: partida asko daude eta gainera, inoiz baino presio gutxiagorekin, erakustaldiak eta jaialdiak baitira; ez txapelketa garrantzitsuak. Guk gustura jokatzen dugu eta txartela ordaindu duten lagunak ere gustura sentiarazten saiatzen gara. Partidak dibertigarriak dira. Hainbeste jokatzen duzunean nekatzen zara, baina irabazteko beharra ez da hain handia.
A.B.: Denboraldi bi izango balira bezala da. Bata, txapelketena, urritik ekainera arte jokatzen dena. Tarte horretan, buruz burukoa, lau t´erdikoa eta binakakoa daude. Haiek maila ematen diete pilotariei. Bestean, hau da, udan egiten den denboraldian, herriko jaialdietara joaten gara: San Fermin, San Mateo, La Blanca… Garrantzitsuena negua da, baina beste jaialdietan ere maila on bat emateko eskatzen zaie pilotariei. Izan ere, telebista bertan dago eta ondo aritu behar da.
J.M.I.: Ze ondo hitz egiten duen Abelek. Edozein hizkuntzatan gainera, e! (kar, kar).
Eraginik du telebistak pilotalekuaren barruko portaeran?
Mikel Olazabal: Telebistari esker jende askok ikusten ditu partidak, eta bertan dagoela jakinda, ahalegin berezi bat eskatzen diozu zeure buruari.
A.B.: Horregatik, topera ibili behar dugu urte osoan.
Baina partida guzti-guztiak ezin dituzue jokatu…
A.B.: Ez, fisikoki ezinezkoa baita.
M.O.: Eta eskuak ere zaindu behar ditugu. Partida batzuetan neurtu behar duzu ahalegina; guztietan ezin da %100 eman.
Pilota kirol ikusgarria da. Hala ere, Euskal Herrian baino ez da jokatzen. Kanpora zabaltzeko aukerarik ikusten duzue?
A.B.: Uste baino hedatuago dago pilota. Udan Salamancara joan behar izan dugu noizbait, eta 2.000 lagun bildu dira partida ikusteko. Eta Burgosen eta Sorian ere antzeko gauza bat gertatu da. Frontoi dotoreak ere badaude Euskal Herritik kanpo. Dena dela, leku horietan benetako zaletasuna pizteko, hango pilotariren bat sortu beharko zen. Arazoa hau da: bertako gazteak udan hasten dira pilotan eta neguan nekatzen dira, urtaro horretan erabiltzen den pilota gogorra baita. Horrek eskuetako mina sortzen du, ondo babestu ezean.
Datorren txapelketa lau t´erdikoa da. Zelan zabiltzate prestatzen?
M.O.: Lehenik eta behin, lehenengo partida irabazi behar da, eta gero ligaxka. Horraino ailegatuz gero, anbizio osoz jardungo dut.
J.M.I.: Ni laurdenetan hasiko naiz, Abel moduan. Nire ustez, Abel eta Titin dira faboritoak. Gainontzekook maila apur bat baxuagoa dugu.
A.B.: Bai zera!
Azken hamarkada honetan errematatzaile on gutxi egon dira, Titin izan ezik. Ados zaudete? Zein izan da maisua, zuen ustez?
J.M.I.: Zuk zeuk esan duzu, Titin bezalakorik ez da egon. Berdin dio pilota motak, beti dabil ondo.
Errematatzaileek partida biziagoak jokatzen dituzte. Ez da hori jendeak nahi duena?
J.M.I.: Bai, interesgarriagoa da. Jendeak ez ditu atsegin ez pilotakada luzeak, ez atzelarien arteko jokoa. Jaialdietan, batez ere.
Eta nork du horren ardura, publikoak ala jendeak?
Aitor Zubieta: Lehenik eta behin, jendeak. Zalerik ez badago, ez dago kirolik, ez ezer. Aritzeko momentuan, aldiz, gure esku dago.