Robertori aitarengandik jatorkio perretxikoetarako zaletasuna. Muskizko irakasleak hainbat artikulu zientifiko idatzi ditu nazioarteko aldizkarietan, eta Gara egunkariak kaleratutako ‘Perretxiko eta onddoen gidaliburua’ egokitu dau. Era berean, Urdaibaiko perretxikoen gaineko liburua argitaratu dau beste hiru egilegaz batera. Lezamako Kultura Aretoa baso bihurtu dogu ordu batzuetan.
Batzuek etxeko erremedioak erabiltzen dabez; halan be, zeri erreparatu behar deutsagu perretxikotan gabilzanean?
Perretxikoaren ezaugarri guztiak ezagutu behar dira, eta, ahal bada, izena be bai. Zilarrezko txanponaren formularen arabera, adibidez, txanpona eta perretxikoa alkarregaz egosi ostean, txanpona balzten bada, perretxikoa ez dala jangarria esan gura dau. Baina ez da egia. Zilarra balzten daben asko jan daitezke.
Eta gitxienezko ekipajea eroan behar dogu?
Otzara eta labana. Perretxikoak plastikozko poltsan sartzen badoguz, egosi edo usteldu egiten dira, eta batzuek, ganera, berez ez dabezan sustantzi pozoitsuak sortzen dabez. Saskian sartuz gero, hori saihestu ez eze perretxikoen esporak lurretik zabaltzen be lagunduko dogu. Beste alde batetik, labana erabili behar da perretxikoa mozteko orduan, lurrari ahalik eta kalte gitxien egiteko.
Autonomia Erkidego batzuek neurriak ezarri dabez –kuotak, ordutegiak...- perretxikoen batze masiboari aurre egiteko...
Kuotak ipini baino, laguneko hartu ahal diran ale kopurua zehaztu beharko dala uste dot. Dirua ordainduta gura beste ale hartu ahal bada, ez dogu aurrerapausorik emongo. Era berean, espezie batzuk desagertzeko arriskuan badagoz, horreek be zaindu beharko dira euren batzea gitxituz edo galarazoz.
Zenbat espezie doguz Euskal Herrian?
Milaka. Estimatuenak gorringoa eta onddo beltza dira, besteak beste. Eta pozoitsuak diranen artean amanita faloidea aipa daikegu, esate baterako. Espezie guztiek betebehar garrantzitsua dabe mendian, jangarriak ez diranek be bai.
Udazkena urtarorik oparoena da perretxikoei jagokenez, baina ganontzeko urtaroetan be topa daitekez, ezta?
Bai, udaberriko ziza, adibidez, oso ezaguna da. Eta urtean zehar be hainbat espezie topa daikeguz. Horreek oso garrantzitsuak dira mikologoentzat. Asko ikasten dugu.
Nondik zabilz zu perretxikotan?
Leku askotatik; basoetatik gehienbat. Baina beste ekosistema batzuetatik k be bai: landak eta hondartzak. Bai, hondartzak. Pentsa daitekeenaren kontra, perretxikoak-eta dunen artean, hare artean be sortzen dira. Uretan izan ezean, edozein tokitatik nabil ni perretxikotan.
Zein da hartu duzun alerik handiena?
Ezin deutsuet zehatz-mehatz esan, baina batu dodazan haundienen artean espezie berdinak egon dira beti: onddo baltza, esaterako. Hori 30 cm-ko neurria izatera heldu daiteke. Haundiena izaten dana, eta urtero oihartzuna duena komunikabideetan, astaputza da. Hori edozein neurritakoa izan daiteke, eta zortzi kilo pisatu daike.
Zelango ezaugarriak dabez elikagai moduan?
Proteinak-eta izan arren, ura dabe gehienbat, eta ez dira oso alimentu aberatsak. Beste plater batzuen osagarriak dirala esango neuke; eta ez dira inoiz gure dietaren oinarria izan behar.