Testua: Ibon Meñika Orue-etxebarria, Teixeiro-Curtis espetxetik, 2010eko abenduan
Gabon garaiak, sinbolismoz betea, gure herrietako bazterrak esanguraz blaitzen ditu. Urtea ahal den neurrian amaitu eta datorrena hobeagoa izan dadin desioaz, aurrera begira jartzen gaitu denok, baita lau hormetan iltzaturik gaituztenok ere.
Sakabanaketaren distantzia eta tarte fisikoa murriztu egiten zaigu egunotan gatibu gaudenoi;ez aldiz, gu bisitatzera datozen senitarteko eta lagunei. Milaka eta milaka kilometro egitera beharturik baitaude elkartasun eta maitasun hauspoa gureganatzeko. Ez dute horregatik funtzio amultsu hori egiteari uzten.
Garai berriak datozela entzuten dugu azkenaldion, maiz. Entzun, ikusi eta sentitu ere debekatua dugun eremu honetan, heldu dira berriok. Baieztapen borobil horrekin ados ez nagoela esango banu “Iboni hor barruen burua joan jako†pentsatuko luke batek baino gehiagok, haizearen kontra joatea ohitura legez harturik edukiko banu bezala.
Eta barkatuko didazue nire burugogorkeria baina ez, ez nago esaldi desiragarri honekin ados. Garai berriak sortzen gabiltza, sortuko ditugu, sortu behar ditugu, sortzeko beharra dugu, ene ustez. Eta, euskaraz argitaraturiko proiektu komunikatiboan idazten ari banaiz ere ( Zorionak Aikorkideok zuen lanagatik!) ez dut hizkuntz eztabaida bat planteatu nahi.
Ezberdintasuna norbera zein lekutan kokatzen den datza. Aro berri eta itxaropentsuaren itxaronaldiak Lezamatik Bilbora garamatzan trenaren geltoki batean jartzen gaitu bai baina, beharbada geldiunerik egiten ez duen Astintze moduko estazio zaharkituan. Bigarrenak ordea, lotzeko beta eta beharra azalarazten digu. Eta ez dadila eserleku guztiak okupaturik egotea arrazoibide, hogei gehiago jarriko ditugulako. Eta ez dadila abiadura oztopo izan, garrantzitsuena helmugara heltzea delako. Eta ez dadila trenbidea matxuratzeko arriskua freno, konpontzeko langileak ditugulako.
Trena hartzea beharrezkoa zaigu, ezinbestekoa. Urtarrilaren 8an har dagigun eta erakuts dezagun bere balioa. Bilbon elkartuko gara egun horretan! Egin dezagun urratsa.