“Supersurra”, Txorierriri eraso berria

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 09:20

t: Izarne Agirre eta Txema Pico (Lezama Bizirik auzo elkartea)

Foru Aldundiak irailean Mugikortasunaren Astea ospatu arren, hilabete berean inauguratu zuen Metropoliko Hego Saihesbidea, Supersurra. Europa osoan gehien kostatu den errepidea, ziur asko, kilometroak 50 milioi baino gehiago, eta ingurumenean eragin bortitzena duena, beharbada. Hamazazpi kilometroko tartea tunel edo biaduktuetatik doa osorik, Ezkerraldean gelditzen diren balio naturaleko esparru urriak kaltetuz. Bizkaiko Errepideen Lurralde Plan Sektorialaren onarpena zela-eta, 1999an Foru Aldundiak lehen aldiz aitortu zuen Bizkaia oso gertu zegoela bere muga fisiko eta finantzierotik. Horrekin hau esan nahi zuen: aurrerantzean, trafikoari erantzuteko, ezin zela etengabeko errepide gehiagorik eskaini, ibilgailua kez erabiltzeko neurriak hartu baizik. Halako hausnarketa zuzenak arriskuan jartzen zuen Obra Publiko handien pagotxa, eta alarma piztu zen eraikitzaile eta bankuen artean. Baina orduko Ahaldun Nagusia, Josu Bergara, berehala agertu zen animoak lasaitzera: A-8aren hegoaldean superautopista berri bat eraiki behar omen zen. Orduz geroztik ikerketa teknikoz mozorroturiko gezur ofizialak etorri dira, bata bestearen atzetik. Gezurren artean, erakargarriena hau zen: Supersurrak A-8ko trafiko astuna erakarriko zuela. Ez ziguten esan, ordea, zer egingo zuten hori lortzeko. Supersurrak ordainsari altua du eta, ez dituenez kamioilariak erakartzen, A-8an trafiko astuna debekatzea otu zaie. Beraz, A-8tik ez da kamioirik pasatzen, baina Supersurretik ere ez, eta bertako trafiko astuna Txorierriko Korridorera errebotatu dute. Txorierriri beste behin egokitu zaio ordaintzea. Duela zortzi urte, Txorierriko Korridoreak Lezama igarotzen ez zuenean, soilik 14.000 ibilgailuk gurutzatzen zuten herria. 2010ean, aldiz, Korridore eta BI-737ren artean ia 70.000 ibilgailu izatera heldu da, horien %11 kamioiak direla. Baina dirudienez, gure eskualdea aireportuaren, inbasio industrialaren eta korridorearen ondorioz Bizkaiko kutsatuenetariko bat bada ere, ez da oraindik nahikoa kontribuzioa metropoliaren “garapenerako”. Orain, berriro guri ordainaraziko digute Foru Aldundiaren akats berria, eta Txorierrira bideratu dituzte lehen A-8tik pasatzen ziren 9.000 kamioetatik gehienak; Supersurra erabiliko ez duten berberak. Ez dago eskubiderik. Bilbo “berriari”, bere Abandaoibarrari eta Guggenheimi distira ateratzea oso modan dago gure erakundeetan, molestatzen duena, zaborra, industria kutsatzailea eta zarata Txorierri bezalako “atzeko patiora” jaurtiz. Politika honekin amaitu behar da. Gure eskualdeko Udalak behartuta daude bailara eta bertoko biztanleon bizi-kalitatea defendatzera, eta Foru Aldundiari eskatu behar diote hartutako neurriak atzera botatzeko.