Goretti Dañobeitia Eguia, kazetaria: “Latinoamerikan 13 milioi ume dabilz lanean”

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 25a, 09:36
Lezamarrak ia zortzi urte daroaz Costa Rican, eta han Telefonica Fundazinorako egiten dau behar. Gure artean 8.483 kilometro distantzia dagoan arren, teknologiaz baliau gara distantzia hori laburtu eta bere barri eukiteko. Zelan ailegau zinan Latinoamerikara? Euskal Telebistako albistegietan nenbilela atzerrira joateko gogoa biztu jatan, eta Montrealen, Kanadan, hile batzuk emon nituan ingelesa eta frantsesa hobetzen. Handik bueltau, eta kanpora joateko ideia euki neban barriro buruan. 2004ko urtarrilean Venezuelara joan nintzan, Eusko Jaurlaritzak Caracasen daukan bulegora. Kooperazinoari, enpresari eta euskal kolektibitateei lotutako gaietan ibili nintzan han. Horrezaz aparte, euskerea irakasten neban Euskal Etxean eta EITBrako egiten neban behar. Guztiz aldatu ninduen urte bi izan ziran. Oraindik be badaukat gogoan hara ailegau nintzan eguna; dana zan hain ezbardina: jentea, etxeak, argia... Venezuelatik Costa Ricara, Unescon lan egitera. Han urtebete baino apur bat gehiago egin neban, komunikazinoaren garapenerako proiektuak Erdialdeko Amerikan, Mexikon, Kuban eta Dominikar Errepublikan kudeatzen. Programak adierazpen askatasuna, komunikabideen aniztasuna eta hedabide komunitarioen garapena zituen helburu. Kazetaria izanda, guztiz interesgarria izan zan komunikazinoa alde horretatik ikustea eta bultzatzea. Unescotik Lanaren Nazinoarteko Erakundera (LNE) pasau nintzan, haurren lanaren aurkako nazinoarteko programan behar egiteko. Komunikazino arduradun ibili nintzan Erdialdeko Amerika, Haiti eta Dominikar Errepublikako bulegoan. Lau urte oso aberasgarriak izan ziran, izan be umeen alde egin ez ezik, beharraren mundua zelan eratzen dan be ikusi neban. Orain Telefonica Fundazinoaren arduraduna zara Costa Rican. Zein da zure beharra? Hemen be umeen lanaren aurkako programak doguz, eta hezkuntzea da gure bidea. Erakunde publikoakaz egiten dogu behar. Erakunde publikoen eta pribaduen arteko loturea oso aberatsa da; asko daukagu ikasteko. Berton hasi aurretik ez neban oso argi zein zan enpresa pribaduaren indarra gizarte gaietan, eta guztiz harritu ninduan enpresa pribadu batek gogor egiten ebala ikusteak. Latinoamerikako 14 herrialdetan gabilz. Zein da Latinoamerikako ume eta gazteen errealidadea? Hareetariko askoren egoerea ez da ona; pobrezia ez da lagun ona. Eta dirurik ezak ikasketak amaitu ezin izatea dakar askotan. Milioika neskato 18 urte bete baino lehen dira ama eta umeen aitek ez dabe ardurarik hartzen. Horrek be aukerak mugatzen deutsez gerorako. Biolentzia –armak tartean, herrialde batzuetan-, drogak, migrazinora jo behar izatea, lanik eza... Ez dago behar egokirik gurasoentzat eta umeak lanean dabilz. Latinoamerikan 13 milioi ume dabilz lanean, hain zuzen be. Erronka handiak ditue bai Ipar Amerikan (Mexiko), bai Ertamerikan zein Hego Amerikan. Zelakoa da “Pura vida” lelotzat daukan herrialde baten bizi izatea? “Pura vida” esaerea danerako erabilten da hemen: agurtzeko, eskerrak emoteko, ona dan edozein gauzatarako... Ticoak –halan esaten jeke Costa Ricako biztanleei- lasai bizi dira, ez jake burruka gustetan, eta ahoan beti daukie irribarrea. Paisajea ikusgarria da. Herrialde txikia izanik, danetarik dauka; edurra izan ezik. Oihanak ikaragarriak dira, piztiak edonon. Hori dala-eta, turismoa da diru-sarrerarik handienetariko bat dakarrena. Ekonomiaren oinarria kafearen eta bananaren esportazinoa izan da beti, eta orain ananea be bai. Teknologia enpresa handiak eta software esportazinoa be badira dibisa askoren zergaitia. Bestalde, kalean dirua ikusten dan arren, zorrak handiak dira, bai persona edo familia mailan, bai Estadu mailan. Eta badagoz eragozpen handiak erreforma fiskala aurrera aterateko. Presidente barria aukeratuko da apirilean; ea zein izango dan gobernu barriaren proposamena. Venezuela eta Costa Rica ondo ezagutzen dozuzan herrialde oso ezbardin bi dira. Bai, guztiz ezbardinak dira. Costa Rican, adibidez, ez dago armadarik eta hezkuntzan egiten dan inbertsinoa handia da, nahiz eta behar bestekoa ez izan. Jentea be oso diferentea da: bertokoak neurritsuak dira harremanetan, eta venezuelarrak, askoz zabalagoak eta alaiagoak. Gauzak be askoz ordenatuagoak dira hemen... Hainbeste dira diferentziak... antzekotasunak baino askoz gehiago. Oso momentu kritikoa bizi dabe Venezuelan. Demokraziarik ezak dakarrena ez da inoz ona. Zer geratzen da Venezuelan? Ba, pobreak beti pobre (orain arte izan dituen hobekuntzak ez dira behin betikoak, ez dira estrukturalak) eta aberatsak beti aberats (krisietan beti dira irabazleak). Baina txarren dagozanak erdi mailako klasekoak dira, langileak eta enpresa txiki eta ertainen jaubeak. Ahal izan dabenak –edota gura, zeren eta ahal daben askok ez dabe gura izan- kanpora joan dira. Zenbat lanpostu galdu egin dira? Zenbat ekoizteari itxi deutsie? Ez dakit zein izango dan bidea, baina Venezuelak aldaketa handia behar dau. Karibean bizi izanda, leku zoragarri baten, ez dakigu herriminerako astirik izango dozun... Herrimina beti dago, nahiz eta ondo egon. Batez be familia eta lagunak... Urterik behin edo birritan noa hara, baina ez da inoz nahikoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).