Igone Regidor García de Albeniz, itzultzailea: “Mugikorra beti eramaten dut soinean”

Aikor aldizkaria 2016ko mai. 27a, 09:27
Hogeita bederatzi urteko lezamar honek hizkuntzarekin egiten du lan. Hizkuntzarekin eta haren zuzentasunarekin, azaldu digunez, itzulpena ez da edonola egin daitekeen gauza; adierazteko erarik egokiena topatu behar da beti. Zelako lanak egiten dituzu? Itzulpenak eta zuzenketak, berrikuspenak. Webguneak berraztertu ere egiten ditut, testu guztiak itzulita dauden ziurtatzeko, irudien barruan dauden testuak ondo daudela egiaztatzeko… Transkripzioak ere egiten ditut, baina gutxitan. Zerbitzuak lau hizkuntzatan eskaintzen ditut: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta alemanez. Itzulpenak euskarara edo gaztelaniara egiten ditut beti; adibidez, alemanezko testu bat hartu eta euskaratu. Gaztelaniazko eta ingelesezko testu ofizialak itzultzeko titulua ere badaukat. Zein hizkuntzatan da zailagoa itzulpenak egitea? Nik alemanarekin dut zailtasun gehien, baina testuaren araberakoa izaten da hori, nork idatzi duen… Eta gaiaren edo arloaren arabera, ezta? Jakina! Nik denetarik itzuli ditut: marketineko testuak, jantziei buruzkoak, ekonomikoak, sustapen kanpainak… Baiezkoa eman baino lehen, bezeroari beti eskatzen diot testua begiratzen uzteko, badaezpada… Eta denbora nahikoa badaukat, gustatzen zait Interneten eta liburuetan begiratzea, itzulpenak eginez asko ikasten dudalako. Testu ekonomikoak itzultzeko orduan, esate baterako, zailtasun handiak izan ditut, testua ulertu arren, hura beste hizkuntza batean adierazteko modu zuzena jakin behar delako. Baita hiztegi pilo bat ere. Aspergarria da? Izan daiteke. Testu astunak direnean edo bezero bakar batentzat lan egiten denean. Eta testu errazegiak badira, ez dagoelako erronkarik. Horregatik esan dut lehen ikerketan ibiltzea gustatzen zaidala. Irudia ezinbestekoa da enpresarako; itzulpen egokia? Itzultzaileok beti esaten dugu gure lana ez dela batere baloratzen. Izan ere, jendeak ez dio garrantzirik ematen testuak ondo idazteari. Baina ni, esate baterako, jatetxe batera banoa eta kartan-edo akatsik ikusten badut, beti jakinarazten diot arduradunari. Itzulpena ezin da edozein modutan egin; ondo egin behar da. Gainera, eragin zuzena du negozioaren irudian. Kontziente gara? Ez. Gertatu zait testu batean akatsa topatzea, beste batekin komentatu eta hark esatea: «Baina, beno, horiek txikikeriak dira». Ba, niretzat inportantea da, hizkuntzarekin lan egiten dudalako. Euskaren kasua da batez ere berezia, jendeak ez diolako garrantzirik ematen. Madrilen bizi nintzela, askok esan didate euskarak ez duela merezi, gutxi batzuek baino ez dutelako hitz egiten. Ba, ni ez nago ados eta saiatzen naiz itzulpengintzaren bidez uste hori aldatzen. Baina hori guztion ardura da, gizarte osoarena. Garrantzi handiagoa eman beharko genioke geure hizkuntzari. Zelan dago itzulpengintza mundua? Lana badago, baina, esan bezala, gure lana ez da behar bezala baloratzen eta oso gaizki ordaintzen da. Lehia ere handia da: zuk egiten ez baduzu, beste batek egingo du. Ez da erraza. Autonomoa egitea erabaki zenuen orain dela urte bi, bere alde onekin eta txarrekin… Neu naiz neure nagusia, eta neuk antolatzen dut neure lana. Ondorioz, lana ondo egitea are garrantzitsuagoa da, ondorioak neuretzat direlako. Alde txarrak ditu, noski: ordutegi finkorik ez izatea, nahiz eta atsedenaldiak-eta errespetatzen saiatzen naizen arren; diru sarrera gutxi egotea; bezeroak topatu behar izatea, lana ez datorrelako berez… Non bilatzen duzu? Interneten itzultzaile talde asko daude, eta ezagunek eta enpresek haien bidez argitaratzen dituzte eskaintzak. Lana neure webgunearen bitartez ere ailegatzen zait, gizarte sareen bitartez… Ezagunek ere euren garrantzia dute, jendeak azkenean ahoz ahokoari esker ezagutzen zaituelako. Ordenagailuarekin eta hiztegiekin egiten dut lan, baina beti eramaten dut mugikorra soinean, badaezpada ere deirik balego. Esaldiak itzultzeko ere erabiltzen dut. Norentzat egiten duzu lan? Hiru bezero mota daude: partikularrak, enpresak eta agentziak. Azken horiek bezero potoloak dira. Gure sektorearen araua da, kalitatea eskaintzeko, testuak birritan aztertu behar direla. Beraz, agentziatik testuak itzultzeko etortzen zaizkit, edota beste batek itzuli duena neuk berrikusteko. Libururik itzuli duzu? Ez, nahiz eta inoiz pentsatu dudan. Ondo legoke gazteentzako libururen bat itzultzea, irakurzaletasuna eta euskarazko testuak sustatzeko. Baina horretarako, beste guztia utzi beharko nuke albo batera, eta orain oso lanpetuta nabil. Zer gustatuko litzaizuke etorkizunari begira? Momentuz horrela jarraitu nahi dut, baina pentsatuko dut etorkizunean bulego bat alokatzea, edo batzuen artean enpresa bat sortzea. igoneregidor.com Turismotik Itzulpengintzara Hizkuntzak izugarri gustatzen zaizkio Igoneri, betidanik, eta horregatik erabaki zuen hizkuntzari lotutako ikasketak egitea. Hala, Turismo ikasi zuen Deustun, eta handik itzulpengintzara eman zuen saltoa. “Hotel batean egin dut lan eta, egia esateko, turismo lanaren falta sumatzen dut, ordutegiak batere onak ez diren arren. Izan ere, pilo bat gustatzen zait jendearekiko harremana. Horregatik, ahal dudan heinean eta autonomo moduan, saiatzen naiz etxetik irteten eta jendearekin harremanetan egoten”. Itzulpengintza Madrilen ikasi zuen eta beka bati esker urte bi eman zituen Alemaniako institutu batean. “Laguntzaile ibili nintzen, gaztelaniaz. Alemana ere ikasi nuen”. Etxera itzuli eta master bat egin zuen Castellón. Eta masterraren praktikak, Madrilen. “Gauza pilo bat ikasi dut. Nire ustez, oso garrantzitsua da kanpora irtetea eta jende berria eta ohitura berriak ezagutzea. Lana bakarrik egiten dudanetik ere asko ikasi dut. Izan ere, gauza pilo bat hartu behar dira kontuan. Batzuetan gehiegi dela dirudi, baina asko laguntzen du horrek”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).