Sustraietara bueltan

Aikor aldizkaria 2016ko ira. 26a, 11:36
Indartsu heldu dira Lezamako Gailur Mendi taldekoak euren 25. urteurrenera. Ospakizun hilabetea iraila izan arren, urte osoa daramatzate elkartearen mende laurdena ospatzen eta ekitaldi bereziak prestatzen. Iraila hilabete garrantzitsuena izan da, eta Gailur Egunaz gain, Himalaya, beste begirada bat bideoa proiektatu zuten herriko Kultur Aretoan, bestelako sorpresez gain.
1991. urteko irailean, lagun mendizale batzuek Lezamako Gailur Mendi taldea sortzea erabaki zuten Andra Mari eta Gurutzetako jaietan. Helburua argi zeukaten: “Lezamatarrei laguntzea, mendizaletasuna garatuz, eta mendiarekin loturiko ekimenen bidez herriko sustraiak aldarrikatzea”, horrela aldarrikatzen du Mikel Zarate elkarteko kideak. Irailaren 23an, Himalaya, beste begirada bat bideoa proiektatu zen, elkarteko kideek Pakistan eta Nepalera eginiko bidaietan bizi izandako esperientziak kontatzen dituen ikus-entzunezko pieza. Gailurreko kideek eurek grabatu eta editaturik, bidaien nondik norakoak azaltzen ditu bideoak: “Euren esperientzia modu hurbilean kontatzen duen bideo polita da”, azaltzen du Zaratek. 24ean Gailur Egun ofiziala ospatu zen, eta elkarteak eginiko lehenengo irteera berregin zen goizetik, hots, Lezamako iturrien ibilbidea. Eguerdian, elkartea duela 25 urte sortu zuten kideei omenaldia egin zitzaien eta Gurutzetako Dantza Taldearen zein Ekidazu abesbatzaren laguntza izan zuten. “Helburu nagusia Lezamako plaza elkargune bihurtzea izan da, jan eta edaten genuen bitartean solasaldiak egiten”, azaltzen du Mikelek. Elkartea sortu zenean, kide gehienak lezamarrak ziren: “Baina denborak aurrera egin ahala, kanpoko bazkide berriak etortzen hasi ziren, kideen lagunak batez ere” azaltzen du Mikelek: “Mungialde, Algorta, Bilbo eta Donostiako bazkideak dauzkagu. Eskertzekoa, baina sustraietara bueltatu behar gara” azaltzen du kideak. Lezamako jendea erakartzearren, Gailurrek, Lezamako eskolako guraso elkartearekin batera Lezamako Eskolako Mendi Taldea osatu dute, eta bertan 35 - 40 ume inguru daude: “Irteera bakoitzean 50 - 60 pertsona inguru bermatzen ditugu, eta eskertzekoa da hori”, argitzen du Zaratek: “Duela urte batzuk bazkide lezamarren kopurua nabari jaitsi bazen ere, gaur egun gehiengoa bertakoak direla aitortu behar da”. Urteari hiru hilabete baino ez zaizkio falta, eta urriari begira, 26tik aurrera, argazki lehiaketako argazki onenak ikusgai egongo dira Grisson tabernan eta Osangoiti Kultur Elkartean antolatuko den erakusketan. Gainera, Gailurrek orientazio ikastaroa antolatu du hilaren 29an eta 30ean, alde teorikoa eta praktikoa izango dituena. Taldeko zenbait kide Akonkagua eta Himalayan izan dira, besteak beste. “Hala ere, hemengo inguruak ezagutzea berebizikoa da, aukera izugarriak ematen baitizkigu” azaltzen du Zaratek. Lehen laurdena bete berri duelarik, Gailurren hurrengo pausoa bertako sustraiak sendotzea, partaidetza handitzea eta belaunaldi erreleboa sendotzea da, mende erdira heltzen direnerako erronka interesgarria.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).