Lezamako elkarteek badute zentro berria

Aikor aldizkaria 2009ko mai. 7a, 19:05

Apirilaren 25ean Uribarri Topalekua inauguratu zuten Lezaman. Hori erabilera askotako eraikina da eta erantzuna ematen die herriko elkarte eta taldeen beharrizanei. Izan ere, elkarte batzuek udal guneetan izan dute egoitza orain arte, eta beste batzuek ez dute eduki non bildu. Inaugurazio ekitaldian 400 lagun batu ziren; Roman Pomposo Lezamako alkateordea, zinegotziak, Txorierriko ordezkariak eta herritarrak, tartean. Uribarri Topalekua Garaioltza auzoan dago. Solairu biko eraikina da eta guztira 241 metro karratu ditu. Beheko solairuan Done Jakue bidea egiten duten erromesentzako aterpea egokituko da, eta gainontzeko hilabeteetan Lezamako elkarte zein Udalaren ekintzak egiteko erabiliko da. Solairuak 109 metro karratuko azalera du eta aterpe eta erabilera askotarako aretoaz gainera, hauek daude bertan: atondoa, komunak, aldagelak, biltegia, igogailua eta lehenengo solairurako sarbidea. Kanpoaldean lorategia dago. Bigarren solairua herriko kultura eta kirol elkarteei dago zuzenduta. Ikastaroak edo udal tailerrak ere han emango dira. Solairuak 132 metro karratu ditu eta besteak beste, hauek atondu dituzte han: aretoa, aldagelak, komunak eta biltegia. Eraikin modernoa da eta eguzki-plakak ditu, energiaz hornitzeko. Desadostasuna, herrian Inaugurazio egunean, Lezama Bizirik Auzo Elkarteko kideak eta lezamar batzuk batu ziren Uribarri Topalekuaren aurrean, eraikinaren zabaltzearekin euren desadostasuna adierazteko. Orotara 35 lagun elkartu ziren. Lezama Bizirik elkartetik jakinarazitakoaren arabera, “elkarteentzako proiektua izan arren, herriko taldeok ez dugu inolako aukerarik izan, proiektu horretan parte hartzeko. Ondorioz, guztiz eskasa eta desegokia da elkarteen funtzionamendurako”. Horrezaz gainera, azaldu dute herriko elkarte guztiak ez dituztela gonbidatu, ez eraikinaren funtzionamendua zehazteko egin zen bilerara, ez inaugurazio ekitaldira. “Lezama Bizirik Auzo Elkartea eta Oxangoiti Kultur Elkartea berriro ere baztertu dituzte”. Proiektua 2007. urtean jarri zen martxan, eta elkartekoek gogorarazi dute Arkitektoen Elkargoak ez zuela hura ontzat eman, hirigintzako arauetara ez baitzen egokitzen, eta horren haritik prozesu judiziala zabaldu dela. Eraikinak 2007. urtean indarrean zeuden arau subsidiarioetan ezarritakoa baino 40 metro karratu gehiago ditu. Amaia Arteaga bigarren alkateordeak azaldutakoaren arabera, “denbora eta epeekin zerikusia duen arazoa izan da”. Proiektua martxan jartzeko aukera sortu zenean, arau subsidiarioak berrikusten zebiltzan eta aurrera egitea erabaki zuten. “Eraikina gaur egungo hirigintzako arauetara egokitzen da; arau berriak kontuan hartuta, metro karratu gehiago ere eraiki gintezkeen”. Beste alde batetik, inauguraziora herriko elkarte guztiak gonbidatu dituztela adierazi du, eta lezamar bakoitzari gonbidapena luzatu diotela. Azkenik, eraikina elkarteek Udalari helarazitako iradokizunak eta beharrizanak kontuan hartuz diseinatu eta atondu dutela azaldu du, “beraz, parte-hartzea izan dute proiektuan”.