Omenaldi hunkigarria, Igor Urrutikoetxeari

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 20a, 12:36

Lezamako frontoia txiki gelditu zen joan den zapatuan. Han ehunaka lagun batu ziren Igor Urrutikoetxeari omenaldi beroa eta hunkigarria eskaintzeko. Ekitaldian senideek hartu zuten parte, lagunek, Munduko Federazio Sindikalaren (MFS) delegatuek, Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak, Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiak eta sindikatuaren kideek. Evaristo abeslariak ere hitz batzuk izan zituen lezamarrarentzat, eta Karlos Kristobal presoak kartzelatik idatzitako lerro batzuk irakurri ziren. Sentimenduak agerian izan ziren ekitaldi osoan zehar. Parte-hartzaileek Igorrek sindikatu arloan, Euskal Herri mailan zein mundu mailan, egindako lana azpimarratu zuten. Baita politika arloan eta brigadista moduan izandako ibilbidea ere. Baina batez ere Igor pertsona moduan ekarri zuten gogora, Etxaidek adierazi zuen bezala, bera semea, mutil-laguna, neba, osaba eta laguna zelako. Bestalde, CTB Brasilgo sindikatuaren delegatuak esan zuen moduan, “Igor Urrutikoetxeari egin ahal zaion omenaldirik onena langileen alde lan egiten jarraitzea da”. Hitzalditxo bakoitzaren ostean, parte-hartzaileek kartoi bana hartu eta guztien artean collage bat osatu zuten, lezamarraren lana, borroka eta pentsaera islatzen zituena. Ekidazu Lezamako abesbatzak Xalbadorren heriotzean kanta jo zuen, eta frontoian bildutakoek Eusko gudariak kanta eta Intrenazionala himnoa abestu zituzten. Txalo zaparrada handi batek amaiera eman zion ekitaldiari. Igor Urrutikoetxea Lezaman jaio zen orain dela 38 urte. LAB sindikatuko nazioarteko arloaren arduraduna izan zen 2008. urtetik hona, sindikatuaren zuzendaritza-batzordeko kidea ere bazen, eta MFSko mundu-kontseiluko kidea. LAB sindikatuan, lege-arloan eman zituen lehenengo urratsak, eta horren ostean, Hego Uribeko eskualdeko arduraduna izan zen. Sindikatuaren metal arloko arduradun ibili zen lau urtean, nazioarteko idazkaritzan egon baino lehen. Azaroan hil zen Brasilen, istripu baten ondorioz.