Hitzarmena adosteko eskatzen dute Zf Sachs enpresako langileek

Aikor aldizkaria 2016ko api. 7a, 14:51
Langileek manifestazioa egin dute gaur enpresa alemaniarrak Lezaman duen egoitzatik herriko plazaraino. Era berean, greba egin zuten martitzenean. Enpresa-batzordetik adierazi digutenaren arabera, euren hitzarmena 2014. urtean amaitu zen eta 17 hilabete daramatzate enpresarekin hura negoziatzen, baina ez dute akordiorik lortu. “Guk gure gaur egungo lan baldintzak mantentzeko eskatzen dugu: lanaldia mantentzea, soldata kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igotzea, eta aldi baterako langileei lan-kontratu mugagabea egitea”. Beren esanetan, enpresak jarrera immobilista dauka eta “kalera ateratzea baino beste erremediorik ez dugu eduki. Gu negoziatzeko prest agertu gara, baina enpresak tinko jarraitzen du: lanaldia handitzen ez bada, ez da soldata igoko”. Enpresa-batzordetik esan diguten bezala, espero da datorren urtean lan gehiago etortzea, eta “enpresak horregatik nahi du lanaldia handitzea. Azken bost urteotan, enpresak irabaziak eduki ditu eta jarrera honekin irabazi gehiago lortzea nahi dute”. Bestalde, aldi baterako langileek egoera horretan urteak daramatzatela aipatu digute. “Gaurko manifestazio eta martitzeneko grebaren ondorioz, enpresaren jarrera eta mezua aldatzea espero dugu. Maiatzean ikusiko dugu egoera zelan dagoen eta zer egin dezakegun”. Zf Sachs enpresan 210 langile daude gaur egun eta tutu bakarreko motelgailuak egiten dituzte. Enpresarekin ipini gara harremanetan, eta hango gerenteak eta Giza Baliabideen zuzendariak adierazitakoaren arabera, prezio lehia handia dago merkatuan eta enpresa kostu altuko egoera batean dago gaur egun. “Helburua kostuak gutxitzea da eta horretarako, lanaldia handitzeko proposamena egin da, eta soldatak ez ukitu. Lanaldia 1.632 ordukoa da gaur egun gure enpresan, eta Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenean jasotakoarekin parekatu nahi dugu: 1.688 ordu. Datozen urteotan soldata igotzeko proposamena ere egin da, igoera hori txikia izango den arren”. Bestalde, azken urteotan enpresak irabaziak eduki dituela onartu dute, baina ñabardurak azaldu dituzte. “I+G departamentua eta salmentena Alemanian dauzkagu. Lezamako enpresaren datuei erreparatuz gero, onak dira; hala ere, datuak oro har aztertzen baditugu, datu txarrak dira”. Aldi baterako langileei dagokienez, aurreko urteetan egoera horretan egon diren langileak izan diren arren, gaur egun langile bakarra dagoela esan digute, eta baja bat betetzen dabilela. Euren esanetan, espero dute lan-karga 2016an eta 2017an oso antzekoa izatea, eta ez dute behin behineko langilerik beharko. Hala ere, uste dute 2018an susperraldi arin bat egon ahalko dela. “Neurriek enpresaren etorkizuna 2019. urtetik aurrera bermatzea dute helburu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).