Mahatsondo bateko mahatsa

Aikor aldizkaria 2017ko api. 5a, 10:05

Andoni Aretxabaleta, txakolingilea

Egur bateko ezpalak dira arebatxaletatarrak. Edo, hobeto esanda, mahatsondo bateko mahatsak. Izan be, Lezamako familia horrek 100 urte daroaz baserritik bizimodua ataraten, eta batez be txakolina egiten. Andonik, azken belaunaldiko ordezkariak, arbasoen pausoei jarraituko deutse.

 

 

 

Azken urteotan, krisialdia dala-eta, gazte askok baserrian bilatu dabe bizimodua. Baina zure familia betidanik ne­kazaritzatik bizi danean, baserria etxea izateaz gain, ogibidea be bada. Eta ziur asko hori da Andoni Aretxabaleta lezamarrari gertatu jakona. Familia ezaguna da gure artean Magalarte txakolina egiteagaitik eta gure 25 urteko gaztea be murgildu da senideen negozioan. Baina An­donirentzat txakolina ez da bakarrik bizimodua, pasinoa baino, eta hori bera adierazoten dau beragaz berba egitean. “Txa­kolina egitea izugarri gustatzen jat: ez da inoz amaitzen, eten barik hobetu behar da eta besteen kontra zein zure buruaren kontra zagoz lehian. Lana gogorra izan arren, egunak konturau barik joan egiten jataz. Gustura nagoan seinalea izango da (kar, kar)”.

Beharbada betidanik jakin izan dau, baina Andonik denporaren poderioz argi baino argiago euki dau txakolina egin gura ebala. “18 urte bete nebazanean, argi neban ingeniaritza ikasi gura nebala, eta azkenean, Errioxara joan nintzan, ne­kazaritza-ingeniaritza ikastera. Laugarren mailan espezializazinoa egin behar da eta nik enologia aukeratu neban. Errioxan izugarrizo pasinoa adierazoten deutsie ardauari, zelan ez, eta horrek kutsatu egin ninduen ni”.

Aita, Iñaki, be beti izan da oso garrantzitsua Andonirentzat. “Aita erreferente bat da, baina amak eta arrebak be izugarrizko babesa emon deuskue. Aitagaz lan egitea oso mesedegarria da biontzat, osagarriak garalako. Ni bere alboan nabil ikasten eta, bide batez, ardura batzuk arindu deutsadaz. Azken baten, sudur ba­kar batek sudur bik baino akats gitxiago topatzen dauz. Eta eztabadaidak euki arren, jakin badakigu hika-mika guztien ganetik produktua bera dagoala, hau da, kalidadeko txakolina ataratzea”.

 

Bosgarren belaunaldikoa

Aitak eta semeak alkar akuilatzen dabe beharrean. “Bosgarren belaunaldiko txakolingilea naz eta horrek harrotasuna ekarten deust, nire atzetik izugarrizko on­darea dagoalako: Nicolas hasi zan; Ga­brielek, aitaren aititek, jarraitu eban; on­doren, aititak Bialtxa Bizkaiko Txakolingi­leen alkartearen sortzaileetako bat izan zan; eta azkenean, aitak eta osabak indarbarritu eben txakolina ekoiztea, batez be azken 10 urteotan”.

Unibersidadean egoala, Andonik su­hiltzailea izateko oposaketak ibili zan prestatzen, baina azkenean txakolinaren aldeko apustua egin eban. “Oso zirraragarria da ardaua ekoiztea. Arbasoek txakolina ekoizten eben eta gaur egun, Euskal He­rrian zehar, baita ehundaka lagunek be. Hondarrabi zuri barietatea desbardin egiten gaitu eta ganera, gero eta lur eremu gehiagotan egiten da txakolina.  Gure ardaua bizirik dago, eta gu guztiz murgilduta gagoz bertan”.

Eurena familiako enpresa danez, An­donik danetarik egin behar dau. “Ga­raiaren arabera betebehar bat edo beste bat dago. Gaur, esate baterako, ongarria bota dot. Lan polita da egunero gauza desbardinak egiten dozuzalako”. Andonik egunerokotasunari ez eze etorkizunari be begiratzen deutso. “Gauza barriak egin gura doguz, ospe handiagoa lortzeko. Ganera, txakolin gehiago saldu behar dogu kanpoan, baina, horretarako, egileok alkarregaz joan behar gara”. 

 

 

 

Ieup!

Andonik eta aitak hiru txakolin merkaturatzen dabez. Azkena, Ieup!, martxoan aurkeztu eben Baserri Antzokian. “Eskerrak emon gura deutsaguz aurkezpenera joan ziran guztiei. Jenteari txakolina gustau jakon eta jai handia egin genduan Taberna Ibilitaria taldeagaz batera. Baserri Antzokia be oso leku aproposa da eta dana borobil urten zan”, esan deusku Andonik. 

Egileen berbetan, Ieup! gorputz handiko ardaua da, garraztasun atsegina eta zapore gozoa dauzana. “Txakolin berezia da, aukerakoa. Produktua modernoa da, batez be gazteak erakarteko. Izena aitak aukeratu eban eta, gure ustez, oso aproposa da, txakolinaren ezaugarriak oso ondo islatzen dauzalako: hemengoa, alaia, jaiari lotuta, lagunakaz konpartitzeko modukoa...”. Ieup! txakolina Magalartekoen produktu barria da, baina, Andoniren berbetan, ez da “azkena” izango.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).