Unai ez zegoen ados horrekin eta laster konturatu zen herrian beste batzuk ere bere iritzikoak zirela. Eta elkartu ziren herrian sinadurak batzeko. “Hau Txorierriko bidaiariekin baino ez da gertatzen, izan ere, ibilbidea 3. linearen Bilboko tartean hasi edo amaitzen bada, 1. edo 2. lineetara trenez aldatzeak ez dakar kostu gehigarririk, www.euskotren.eus/es/node/4390 webgunean argi eta garbi adierazten duten moduan. Diskriminazio hau onartezina da, beste behin ere txorierritarrok bigarren mailako bizkaitartzat jotzen gaituztelako”, dio lezamarrak. Bere hitzetan, Getxoko edo Sopelako lagunak “lehenengo mailakotzat” hartzen dira, “Bilbo osoan zehar, baita bertako 3. linea berritik ere, bigarren bidaiarik ordaindu gabe” bidaiatzeko aukera dutelako.
“Arazoa ez da Txorierrin bizi garenona bakarrik, gure bailaran lan egiten dutenena ere bada. Jende askok ez zekiten, baina horren berri eman bezain pronto, bat egin dute gurekin. Lezamako dendek eta tabernek ere eskaini digute babesa eta horietan sinatu daiteke gure eskaera. Laster kultur elkarteengana joko dugu. Gaur egun, 300 sinadura inguru lortu ditugu Lezaman”. Elkartekoek sinadurak batzeaz gain, herriko Udalarekin hitz egin nahi dute. “EH Bilduko lagunekin batzar informalak izan ditugu eta oso jarrera ona adierazi digute. Udalarekin batzarra formala egin nahi dugu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”.
Udala
Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak esan digunaren arabera, laster bilduko da auzokideekin. “Udalbatzan dauden zinegotziekin jorratu nahi dugu gaia eta hurrengo asteotan bilera egingo dugu eskaera hori ekartzen diguten lezamarrekin. Patxadaz jokatu behar da. Arazoa bailara osoarena da, behintzat trena dugun herriona. Eta horregatik txorierritarrok batera aritu behar dugu. Argi dago ezberdintasun bat dagoela. Bakoitzak zer esan behar duen entzungo dugu eta gero azalpenak eskatuko dizkiogu Bizkaiko Garraio Partzuergoari, bera baita trenen prezioen arduraduna”.
Sinadurak batzeko kanpaina Lezaman jarraituko da, behintzat udara arte. Beste herri batzuetan, esate baterako, Derion eta Zamudion, lagun batzuek ere adierazi dute euren kezka, eta Unairen iritziz, bertan ere hasiko dira sinadurak batzen. “Gurea herritik sortutako ekimena da, baina ordezkari politikoek –batez ere Udalekoek, gertuenak direlako– lagundu behar digute, eurek gure bizi-baldintzak hobetzeko egin behar dutelako lan. Badakit trenaren prezioa ez dela euren ardura, baina zerbait egin beharko dute. Guk esan eta esan aritzen jarraituko dugu, gure eskaera gauzatu arte”.
Euskotrenetik, aldiz, horixe adierazi digute: "Trenetik metro sistemara igarotzerakoan beti kobratzen da transbordoa. Horrela gertatzen da Txorierriko lineatik L1 edo L2ra igarotzerakoan baina Durangotik, Bermeotik edo Ermuatik datozen Euskotreneko erabiltzaileei ere gertatzen zaie gauza bera. Metro sistema barruan, L3tik L1era edo L2ra igarotzerako orduan, Euskotrenek akordio bat itxi zuen Bizkaiko Garraio Partzuergoarekin, enpresa ezberdinak izan arren baldintzak berdinak izan zitezen, L3ko bidaiariak kaltetuak ez izateko".