“Hezkuntzan metodologia barriak topatzen gabilz, eta hemen daukagu bat”

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 30a, 10:37

Ainhoa Gana Dañobeitia l irakaslea eta ikerlaria

Lezamarrak Takolo, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen pailazogintzea aztertu eta horren gaineko lana aurkeztu dau master amaierako proiektu moduan. Lan handia egin dau; buruak gidatuta, baina sentimentuetatik abiatuta.

Zergaitik aukeratu gai hori?

Gizarte eta Hezkuntzaren ikerketarako masterra izan da eta hasieratik eduki dot argi esparru honeetariko bat jorratuko nebala: euskerea edo balioak. Izan be, irakasle-ikasketak egiten edo praktiketan edo begirale ibili nazenean, ikusi dot Hezkuntzan horreek ez dirala behar dan moduan lantzen. Irakasle batek animatu ninduan euskal pailazoen lana aztertzera, hareek esparru biak jorratzen dabezalako, eta ez neban zalantzarik izan. 

Zelan antolatu zenduan lana?

Lanagaz urrian hasi nintzan eta, egia esan, buruhaustea ekarri eustan ha­sieran, aurretik inork ez eukalako halako lanik aztertuta. Gainera, gaia komikotasunetik harago landu gura neban. Akabuan galdera honi erantzun behar neutsala erabagi neban: zelan sortzen da eredu pe­dagogiko bat izaera hezitzailea daukan euskarazko pailazogintzaren bidez? Eta horren barruan hiru helburu bete be­har nebazala: beraiek benetan sortutako eredu pedagogikoa dan egiaztatzea; pro­iektuaren ezaugarriak aztertzea; eta Hez­kuntzari egiten deutsien ekarpena be az­tertzea. Horretarako, alkarrizketatu ne­ba­zan taldeka zein bakarka; puzzleak, jo­lasak eta askotariko materiala aztertu ne­ban; eta euren ikuskizunetara eta hitzaldi pare batera joan nintzan.

Eta eurek sortutako eredu pedagogikoa da?

Bai. Irakasleak ziren eta Takolok Pi­rrutx (gizona zan hasieran eta izena halan eban) eta Porrotx sortu ebezan, garai ha­tan Lasarte-Orian ez egoalako ezer umeentzat euskeraz. Pailazo klasikoen eskemak kopiaten hasi ziran, eta gero gizartean dagozan errealidade ezbardinak ezagutu eta beste alkarte batzukaz batera lanean hasi ziran neurrian, euren pailazogintzea sortzeari ekin eutsien. Holan, azpimarratzekoa da Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek alkarteakaz batera egiten daben lana. Izan be, hasiera baten eu­ren helburua umeei euskerea modu alai baten transmititzea bazan, herriko eragileakaz alkarlanean ibilita, balioak be transmititzen hasi ziran, eta eragile horreekaz hainbat proiektutan parte hartzen. Azken baten, herrigintzatik sortu ziran, he­rrigintzatik elikatzen di­ra eta herrigintza elikatzen dabe. Gainera, nire ustetan, pailazo ikertzaileak be badira, momentu oro dabilzalako errealidadea ikertzen, eta Hezkuntzea eta gizartea bera eraldatzen joan ahala, eurek be moldatzen dabe eu­ren pailazogintzea.

Eredu pedagogiko horren ezaugarriak?

Herrigintza, euskerea, alaitasuna, ba­lioak, alkarlana, besteekiko enpatia... Oso izaera ezbardinetako alkarteakaz dabilz ha­rremanetan, gai eta lesbianakaz zein iji­toakaz eta gaixotasun arraroak daukiezan umeakaz, adibide batzuk ipintearren, eta horreentzako guztientzako mundua aldarrikatzen dabe, demokratikoa dana eta inklusioa ardatz daukan mundua hain zuzen be.

Hezkuntzari egiten deutsien ekarpena?

Handia da; hezkuntza formal, ez-formal, zein informalari. Alde batetik, sortzen daben material guztiak helburu pedagogiko eta kultural bat dauka. Eta bestetik, balioak lantzen dabezan me­zuak botatzen dabez euren ikuskizunetan, umeentzat ez ezik familia osoarentzat be badirenak. Hezkuntza ez-formaletik, euren pailazogintzaren bidez, euskal gizartea kontzientziaten dabilz, eta komunidadea mobilizatzeko herri hezkuntza bat garatzen. Hainbat errealidade ikusi eta hareen gainean egiten daben gogoeta praktikara eroaten dabe. Hez­kuntzan metodologia barriak topatzen gabilz, bada, hemen daukagu bat, orain arte aztertu ez dana.

Ze ondorio nagusi atera dozu lanetik?

Euskal pailazogintzaren bidez herritartasunaren hobekuntzea eta gizarte al­daketea lantzen dabilzala. Euren ikuskizunak-eta ez dira bakarrik barre egiteko; horreetan, denpora guztian badago ku­tsu pedagogiko bat. Alkarteak eta euren proiektuak erakusten dabez, balioak za­baldu, gizartea kontzientziatu... Mun­dua aldatu gura dabe, eta injustiziei aurre egin. Umorea erabilten dabe horretarako, euren esanetan, umorea bizitzaren aurrean eduki behar dan jarrera dalako. Gaine­ra, euskaldunak izatea ez da kasualidadea herrigintzatik holango proiektu bat sortzeko. Euskaldunok herri txikia gara eta txikia zarenean besteakaz enpatia garatzen dozu. Horregaitik sortu eben pailazogintza hezitzaile hau, hainbat beharrizani erantzuna emoteko.   

Lan handia egin dozu.

Eta gustura. Ikaskideak gogaituta ibili dira momentu batzuetan; baina ni, aurrera jarraitzeko gogoagaz beti. Lana emozinoetatik abiatuta egin dot eta motibazino handia izan da niretzat. Doktoretza egiteko asmoa daukat eta ha be euren proiektu pedagogiko, materiala edo par­te hartzen daben proiekturen baten in­guruan egitea gustatuko litzakit.

 

 

Mundua, danona 

Ainhoak Haur Hezkuntza ikasi dau. “Ez dakit bokazioa dan, baina be­ti euki dot harreman estua hezkuntzagaz eta argi neban haur hezkuntza egingo nebala. Halanda be, ikasketak amaitu eta erabagi neban neure bu­rua gehiago ikusten nebala nagusiei begira, unibersidadean”.

Ardura berezia dau hezkuntzagaz eta gizarte gaiekaz, eta enpatia handia kolektibo minorizatuekaz: emakumeak, homosexualak, beste arraza batzuetakoak... “Gizartean dagozan ez­bar­din­tasunak gainditzeko, beharrezkoa da herrigintzan aritzea, eta horretan da­nok inplikatzea. Guztion­tza­ko mundu baten alde egin behar dogulako, azken baten, guztion eskubidea dalako”. Eta ho­lan, Hamadako izarrak alkarteagaz dabil alkar­lanean eta Aste Santuan saharar erre­fuxiatuen kanpamenduetan izan da. “Pi­zzeria bat ipinten lagunduko deutsegu. Ha familia aurrera atera behar da­ben eta baliabiderik ez daben an­dreek kudeatuko dabe”.

Bestetik, kirol arloan be oso pozik dabil lezamarra. Derioko Emakumez­koen futbol taldeko jokalaria da, eta Euskal Ligara igotzea lortu dabe. “Apal­tasunetik hasi ginan eta gauza izan gara taldea urtero-utero aurrera aterateko. Bestetik, kirol arloan be oso pozik dabil lezamarra. De­rioko Emakumez­koen futbol taldeko jokalaria da, eta Euskal Ligara igotzea lortu dabe. “Txi­kitasunetik hasi ginan eta gauza izan gara taldea urtero-utero aurrera aterateko. Argi utzi dogu Txo­rierrin, kirolean, emakumeok be euki ahal dogula gure oihartzuna”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).