Herri olinpiadak, nobedadea Goitioltzako jaietan

a: Gaizka PeƱafiel eta jai batzordea 2017ko uzt. 4a, 08:40

Jaiak uztailaren 7tik 9ra bitartean izango dira Lezamako auzoan, eta bertako jai-batzordetik adierazi digutenez, koadrilen arteko herri olinpiadak izango dira aurtengo nobedade nagusia. 

“Koadrilek lauzpabost probari egin beharko diete aurre. Herri kirolekin zerikusia edukiko dute, baina apur bat moldatuko ditugu, ondo pasatzeko eta giro alaian egoteko. Probak zertan dautzan? Bada, sorpresa izango da hori. Sei kidek osatuko taldeak izan beharko dira; eta parte-hartzaileak, 16 urtetik gorakoak. Gainera, genero ikuspegi batetik, baloratuko da taldean hiru emakumezko eta hiru gizonezko egotea”. Irabazleek txosnan edo herriko dendetan gastatzeko diru-txartel bat jasoko dute saritzat.

Enduro txapelketa klasiko bat bihurtu da jaietan. “Mendi goian hasi eta beheko aldean bukatzen den froga honek jaitsiera gogorrak eta igoera aldapatsuak tartekatzen ditu. Abiadura handian doazela, txirrindulariek arriskuz betetako ibilbide bat gainditu behar dute. Bakoitzak hiru txanda egin behar ditu eta denborarik onena lortzen duenak irabazten du”. Aurreko urteetan, 30 txirrindulari inguruk hartu dute parte txapelketan. “Kategoria bakoitzeko hiru sari ematen dira: txapela eta dirua, irabazlearentzat; eta dirua, besteentzat”.

 

Sutan

Bestetik, paella txapelketa jaietako ekitaldirik jendetsuena da. “Giro polita sortzen da. Koadrilak goiz goizetik batzen dira landan, bakoitzak bere tresnekin. Lekua jendez gainezka dago eguerdirako, eta paellak, sutan! Lehia apur bat dago taldeen artean, ea nork egiten duen paellarik goxoena!”. Urtero 35 paella inguru aurkezten dira lehiaketara eta epaile herritarrak ibiltzen dira. Saria Lezamako denden, txakolingileen eta enpresen eskutik da.

Ohikoa den moduan, txakolinaren dastatzea egongo da domekan, baina aurten mago bat ibiliko da Arkaitz Estiballes bertsolariarekin. Dastatzen duten txakolinak zelako sentsazioak transmititzen dizkien azaldu beharko dute, txakolin hori norena den jakin barik.

 

Uztailak 7, barikua

18:00: Txupinazoa eta jaien hasiera.

18:30: Umeentzako puzgarriak.

21:00: Diskofesta, Oihan Vegaren eskutik.

 

Uztailak 8, zapatua

10:00: Mahaiak eta aulkiak banatzea.

10:30: “Goitioltza ezagutu”,  Zorrizketan euskara elkartearen eskutik.

12:00: Kurutze dantza taldearen emanaldia.

13:00: Paella Txapelketan izena ematea.

14:30: Paellak aurkeztea.

15:00: Enduro Txapelketa.

18:00: Herri olinpiadak. Saria irabazlearentzat.

19:00: Enduro txapelketaren sariak banatzea.

20:00: Dantzaldia, Patxi eta konpainia taldearekin.

22:30: Erromeria, Batek daki taldearen eskutik.

 

Uztailak 9, domeka

13:00: Txakolina dastatzea, magiaz eta bertsoz jantzita. Bertsolaria: Arkaitz Estiballes. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).