Ruben Midón Maza bilbotarrak lasterketa irabazi zuen gizonezkoen kategorian (02:23:53); eta Andoaineko Vanessa Pelaez Martinezek, emakumezkoen kategorian (02:57:23). Gainera, Vanessa “Ganguren ziztu bizian” etapan ere izan zen txapelduna (00:29:15). Iban Buceta Martioda gasteiztarra lehena izan zen gizonezkoen kategorian (00:23:28).
“Lezamako mugetatik” saioa Andra Mari jaietako aurreko domekan egin ohi da, baina antolatzaileek azaldutakoaren arabera, aurten zapatura eraman dute, egun horretan San Antolin izan delako. Hala, data aldatzeaz gainera, ibilbidea kilometro bi luzeagoa izan da Legina auzotik pasatzeko eta bertan ospatzen den jaiarekin bat egiteko. Ondorioz, parte-hartzaileek 28 kilometroko ibilbideari egin behar izan zioten aurre. San Antolin domekan izango da datorren urtean; beraz, saioa domekan ere izango da.
Lehen esan moduan, “Lezamako mugetatik” mendi ibilaldia eta lasterketak 12 urte bete ditu aurten. “Orain dela 12 urte ibilaldi batzuk ziren, baina mendi lasterketa gutxi. Eta are gutxiago abuztuaren amaieran edota irailaren hasieran. Orain ehunka daude, mota guztietakoak; kirol enpresa multinazionalek, instituzioek eta Udalek antolatzen dituztenak tartean. Eta zaila da eszenatoki horretan irautea. Guk jarraitzen dugu, 60 bat herritar buru-belarri eta musu truk dabiltzalako. Izen emateak 14 euro balio du, zortzi euro lezamarrak badira, eta Udaletik diru kopuru txiki bat jasotzen dugu. Babesle txiki batzuk ere baditugu… Gastuak –kamisetak, aseguruak, piper-jana, azpiegitura, anoa-hornidurak…- kontuan hartzen baditugu, mirari txiki bat da baldintza horietan irautea”.
Ekimen solidarioa
Parte-hartzea apur bat gutxitu da azken urteotan, aurreko edizioetan ibilaldian 400dik gora lagun eta lasterketan 250 korrikalari ere ibili direlako, baina antolatzaileak pozik dabiltza saioak hartu duen norabidearekin. “Kirol jardunaldi zoragarria izaten jarraitzen duelako, eta herri izaera bete-betean mantentzen delako. Eta eskaintzak izan ditugu ekimenari izaera konpetitiboagoa edo elitistagoa emateko, baina guk ekimena apala eta herritarra izatea nahiago izan dugu beti”.
Eta ekimen solidarioa ere bada, izena ematearen bidez lortzen duten diruaren zati bat proiektu solidarioetara zuzentzen dutelako. Esate baterako, orain dela urte bi 1.000 euroz lagundu zioten Nepalen, lurrikara dela kausa, aurrera eramandako berregite-proiektu bati, eta iaz 400 euro eman zioten Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia elkarteari. “Estutasun ekonomikoengatik bakarrik diru kopuru hori eman ahal izan genien. Horregatik aurten ere lagunduko diogu elkarte horri”.