Oso ohikoa da betebeharretara itzuli eta lehenengo egunetan haserrekor, suminkor, gogo eta adore barik izatea, eta kasurik larrienetan loezina ere nozitzea. Ez da harritzekoa, sarri, errutinari berriro eutsi behar izateak ez baitu esperantzarik pizten. Pentsa dezagun, bada, zer egin genezakeen egoera horri aurre egiteko. Ez dago formula magikorik, baina zenbait proposamen aztertu, eta nork beretzat hartu ditzala ondoen datozkionak.
Hasteko, oporretatik itzuli eta hurrengo egunean lanean hasteak ez digu batere onik egingo. Era berean, lehenengo eguna patxadaz hartu beharko genuke, lagunak eta lankideak berriz ikusteko aukera da, oporretako gorabeherak kontatu eta asmo berriak partekatzeko.
Gero, astiro-astiro, kanpoan izan garen artean lanean zer gertatu den aztertuko dugu. Jarraian, ondo antolatzea komeni da, lan ildoa ezartzea eta planifikatzea. Hartara, ohiko lan erritmoa pausuz pausu berreskuratuko dugu. Helburu berriak jartzeak ere lagundu dezake lanera ilusioz joaten. Ez da etsi behar, guztioi egiten baitzaigu aldats gora egunerokora bueltatzea eta, konturatu orduko, egonezin hori desagertu egingo da.
Ezin ahaztu, lan-jardunaldia amaitu ostean, familiarekin edo lagunekin egoteko astia izango dugula, eta zaletasunei ekiteko denbora ere. Kirola edo jarduera fisikoa egiteak, esate baterako, estresari aurre egiten laguntzen du, baita lanaren monotonia apurtzen ere. Asteburuak eta jaiegunak ere kontuan hartu behar dira eta gozatu. Hori bai, unean unekoa biziz gero, dena da atseginago eta errazago.
Amaitzeko, urrats garrantzitsuena dator, baikor izatea. Hau da, egoeraren alderik onena baloratzea, oporrak izan ditugu, hartu dugu atseden eta orain lanerako ordua da. Gure erantzukizunari aurre egin eta dagokiguna ahalik eta ondoen egiteko unea, eta ez dezagun ahaztu, irribarreak zoriontsuago egingo gaitu eta lan-giro hobea sortuko du.