Ahiztek azaldu deuskuen moduan, lehen baino etekin gitxiago ateraten deutsie gaur egun dendeari eta horretan batez be hiru faktorek daukie eragina: krisialdiak -zelan ez-, ohituren aldaketeak eta bezeroen tipologiaren aldaketeak. “Gu hasi ginenean ez egoan supermerkatu handirik eta oso bezero onak euki genduzan, asteko erosketak berton egiten ebezan andrak, esate baterako. Baina edadekoak izan dira eta hiltzen joan diran heinean galdu egin dogu, gazteek supermerkatu handietara joan gurago dabelako. Hona zerbait faltatzen jakenean datoz. Kozinatzeko ohiturak be aldatu egin dira; orain ez da lehen beste kozinatzen. Aurrez prestatutako jakiak erabilten dira asko”.
Denda txikiek ezin dabe supermerkatu handiakaz lehiatu, prezio eta produktuen aniztasunaren aldetik. Beraz, beste estrategia batzuk erabili behar dabez bezeroak erakartzeko, eta horreek kalidadea eta tratu hurbila dira. “Guk bertoko produktuak daukaguz salgai eta batez be frutaren aldeko apostua egiten dogu. Kalidadeko frutea ekarten dogu. Produktu ekologikoak be euki doguz, baina arrautzak izan ezean txarto saldu dira. Izan be, begiakaz jaten dogu eta, logikoa danez, produktu ekologikoen itxura ez da besteen beste ona, nahiz eta askoz goxoagoak eta hobeak izan”. Era berean, garai barrietara egokitu behar izan dira eta lehen herri txiki bateko janari-denda baterako pentsaezinak ziran produktuak salgai ipini. “Ahuakateak, esate baterako”.
Aiztek erosketak etxera eroateko zerbitzua be eskaintzen dabe hasieratik. “Eta Goikobarrioraino, urrin-urrin, be joan gara inoz arroz pakete bat eroateko, e!”. Esan deuskuenaren arabera, bezeroakaz harremanetan hainbat urte egon ostean, familia handi bat balira moduan da akabuan. “Maitasuna hartzen deutsagu alkarri eta bezeroek zure beharra be baloratu eta eskertu egiten dabe. Faboreak be egiten dira: andraren bat uleapaindegiraino lagundu...”. Tratu ona ahizten beste erakargarri bat da. “Guk bardin-bardin tratatzen doguz asteko erosketa egiten dauena eta bakarrik ogia erosten dauena”. Jenteaurrean lan egiteko, pazientzia be euki behar da, eta psikologia erabili. “Asko. Bezeroren bat arazo bategaz-edo jatortzunean entzun egin behar deutsazu, lan handia euki arren. Zer egingo dozu, ba!”.
Denda txikiek auzoa girotu eta bizitasuna emoten deutsie herriari. “Eta lana sortzen edo manteniten be laguntzen dogu, jeneroa herriko ekoizleei hartzen badeutsegu”. Garrantzitsuak dira herriko ekonomiarako. “Baina handiek dana daroe beti. Denda asko zarratzen dabilz... eta pena bat da. Denda txikiak eta autonomoak zaindu egin behar doguz, izan be, guztiok zarratzen badogu... Pena bat izango zan kipula bat erostera ez dakit noraino joan behar izatea...”.
Familiartean
Lan handia egin behar da negozio bat aurrera ateratzeko eta hori ondotxo dakite Lezamako ahiztek. “Txarto pasau genduan hasieran, bezero gitxi egoalako. Baina, pitika-pitika bezeroak egiten joan ginen, eta oso onak, ganera. Bestalde, lehen, goizeko bostetan joaten ginan Merkabilbaora jenero bila, eta dendea gaueko 9ak arte geunkan zabalik. Orain Lezamako bati hartzen deutsagu frutea eta dendara ekarten deusku. Dendea 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabaltzen dogu, astelehenetik zapatu goizera arte; domeketan eta jai-egunetan zarratu egiten dogu”.
Bego eta Mari Carmenena ohiko janari-dendea da eta bertan danetarik topau daiteke: jatekoak, garbitzeko produktuak, higiene-produktuak... Betiko janari-denden itxurea be badauka, ahiztek ez dabelako gura izan aldaketa handirik egin. “Betiko kutsu hori mantenidu gura izan dogu. Frutea-eta be geuk zerbitzatzen deutsegu bezeroari”. Urte asko dira lau horma horreen artean eta oroitzapenak berehala datoz burura. “Barre asko eta asko egin doguz berton... eta esuztekoak be bai euki doguz: bezero biri infartua emon eusten dendan. Eta disgustuak: bezero bat, laguna be bazana, dirua ostuten harrapau genduan”.
Jendaurrean lan egitea ez da erraza, batez be hasieran. Baina kontu horreek gaindituta, lezamarrek oso gustura eta oso pozik egiten dabe lan. “Lan polita da, familiartean gagoz. Bezero asko hil egin dira eta atzera begiratzen dozu eta pentsetan dozu: ene, zenbat jente joan jaku!”. Begok aitortu deusku penea emoten deutsola dendea ixtea. “Jakina! Baina aprobetxauko dot orain arte ezin izan dodana egiteko”. Mari Carmenek ahal arte jarraituko dau dendeagaz, eta beste pertsona bat hartu dau laguntzeko. “Beitu, beste lanpostu bat sortu da”. Eta dendan lan egingo ez dauen arren, handik agertzen jarraituko dauela esan deusku Begok, batez be lehengusinagaz batera hartzen daben kafea hartzeko ordua ailegatzen danean. Ohitura onak ez diralako galdu behar.