“Ume handi bat bezalakoa naiz”

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 4a, 11:41

Iker Zarate l aktorea eta musikaria

Artea beti eraman du barruan Iker Zaratek (Lezama, 1994), baina aktorea izateko erabakia 20 urte zituela hartu zuen. Gaur egun arte dramatiko eskola batean dabil ikasten eta egunik egun bizi dela esan digu. Eta gero gerokoak.

Aktorea izan nahi duzula etxean esatea ez da erraza. Hasieran, Ikerren gurasoei ere kostatu zitzaien semearen erabakia onartzea, baina gaur egun “izugarri” ba­besten dute gazte lezamarra, zelan ez. “Familia beste esparru batzuetan aritu dira eta batzuetan ardi beltza bezala sentitu naiz (kar, kar)”, esan digu Ikerrek. Gazteak ez zuen aktorea izateko erabakia egun batetik bestera hartu. “Batxilerra bukatu nuenean, Soziologia ikasten hasi nintzen, baina urte bi pasatuta utzi egin nuen, nire benetako bokazioa aktore izatea delako. Betidanik izan naiz koadrilako bufoia, beti txantxatan eta lelokeriak egiten. Ume handi bat bezalakoa naiz. Prozesu naturala izan da, nire izaerak eraman nau antzerkigintzara”.

Iker lezamar peto-petoa da, “bertan hazia eta hezia”. Baina arte dramatikoa ikastera, kanpora joan behar izan du. “Santutxuko Anima eskolan nabil, Bilbon. Hango irakasle batzuk errusiarrak dira, eskarmentu handikoak: batzuk Konstan­tin Stanislavski handiaren ikasleak izan ziren”. Arte dramatikoa goi-mailako lizentzia da, lau urteko ikasketak. “Oso gustura nago eskolan eta izugarri ikasi dut tarte honetan. Eskoletan esaten digute bihotzez egin behar dugula lan. Interpretazio ikasgaiak ditugu, noski eta, horietaz aparte, musika, mugimendu eta ahots eszenikoa, metodoa, dantza, poesia...”.

Lanari dagokionez, Ikerrek denerik egin du orain arte, batez ere antzerkian. “Iaz, antzerki eskolen arteko jaialdi batean hartu genuen parte Hamlet antzezlanarekin eta irabazi egin genuen. Era berean, Proceso Jesus antzezlanean egin dut lan Balmasedan eta beste leku batzuetan ere egingo dugu. Yerma ere antzeztu dut...”. Ikerrek antzerkia eta zinema nahiago ditu telebista baino. “Telebistan azkarregi egiten da lan. Eta aktore baten ikuspuntutik, nahiz eta dirutza eta lan finkoa ekarri, artistikoki ez dizu aukera handirik uzten. Eta agian zinemak edo antzerkiak denbora ematen dizu, pertsonaia benetan lantzeko. Dena dela, praktikoa naiz, eta telebistak jaten ematen badit han sartuko naiz duda barik”.

 

Musika

Antzerkigintzaz gainera, Ikerrek musika ere jorratzen du. “Gitarra jotzen dut. Txikitan Larrabetzuko eskolara joan nintzen, baina hiruzpalau urte baino ez ziren izan; geroago, Galdakaoko lagun bat maisu ibili zen eta nik neure kabuz ikasi dut. Denboraren poderioz, lagun batek elkarrekin jotzeko proposamena egin zidan eta Egarri taldea sortu genuen. Guztira, lau lagun ginen; abesti batzuk egin eta maketa bat grabatu genuen. Hori Durangoko azokan aurkeztu genuen iaz, eta kontzertu batzuk eman genituen”. Horietako bat Lezamako jaietan izan zen. “Azterketa bezalakoa izan zen. Sentitu nin­tzen herri osoa niri begira egongo balitz legez (kar, kar). Eskerrak eman be­har dizkiot jai-batzordeari jaietan jotzeko aukera eman izanagatik. Oso gustura ibili ginen, harrera polita izan genuen eta kontzertu ederra atera zen, errepikatzeko modukoa. Plazer handia izan zen”.

Gaur egun, Egarri talderik ez dago. “Bateria-joleak beste talde bat zuen Lekeition; baxu-joleak, Galdakaon; eta trikitilariak, beste leku batean. Ez genuen denbora askorik eta azkenean bakoitza bere kabuz joatea erabaki genuen”. Hala ere, Ikerrek ez du musika utzi nahi izan eta Elektrotxaranga Txorierriko taldean hasi da. “Oso gustura nago horretan, guztiak ezagunak, txorierritarrak, gertu dauden lagunak. Gaur egun 10 partaide inguru gabiltza taldean. Taldeak bertsioak egiten ditu, ondo pasatzeko modukoak eta estilo anitzekoak: Kortatu, Fermin Muguruza, Pirritx eta Porrotx... Denerik”.

Gazte lezamarra hainbat esparru jorratzen dituen artista da. Egunik egun bizi da eta oraindik ez daki etorkizunak zer ekarriko dion. Epe luzerako planik ere ez du egiten. “Ez dakit zer egingo dudan, baina arteetan jarraituko dudala argi dut. Pozik bizi naiz aktorea izaten. Badakit bide erraza ez dela izango, baina gogor egiten badut lan, azkenean lortuko dut helburua. Ez diot neure buruari mugarik jartzen. Ametsak handiak izan behar dira; beharbada ez zara helduko amets egin duzun punturaino, baina urrunera begiratzen ez baduzu, ez zara inoiz oso urrun helduko”. Gaztea eta ameslaria, baina iparra galdu barik. Urrunera helduko da gure Iker. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).