Etorkizun handia, jokalekuan

Aikor aldizkaria 2018ko urt. 26a, 10:31

Ager Blanco, padel-jokalaria

Hamazazpi urteko lezamarra Euskadiko txapelduna da junior kategorian. Umetan hasi zen padelean, eta dagoeneko 30 kopa irabazi dituela, jokalari profesionala izatea amesten du. 

Txapelketa azaroan izan zen eta bertan Jon Iriondo gasteiztarrarekin batera aritu zen. “Pozik nago, urteko txapelketarik inportanteena delako. Partida hasi baino lehen ez genuen uste txapelketa irabaziko genuenik, baina ondo ibili ginen eta lortu genuen”. Agerrek iaz ere irabazi zuen txapelketa, kadete mailan.

Padel jokatzen sei urte zituela hasi zen. “Futbolean aritzen ginen eta denbora libre asko genuenez, lagun batek animatu ninduen padelean saiatzera. Hasi ginen eta izugarri gustatu zitzaidan”. Kirolak berehala harrapatu zuen. “Lagun pilo bat egiten dituzu eta partidak oso interesgarriak dira. Tenis partiden antzekoak dira, eta ordu eta erdi inguru irauten dute. Hiru set egiten dira, eta partida irabazteko, horietako bi irabazi behar dira. Niri jokoa bera gustatzen zait”.

Entrenamenduak Esmaspadel klubean egiten ditu, Zamudion. “Astelehenetan izan ezik, asteko gainontzeko egun guztietan aritzen naiz padelean, edo egiten dut kirola. Martitzenetan eguaztenetan eta barikuetan ordubeteko entrenamendua egiten dut, eta eguenetan gimnasiora joaten naiz. Bertan ordu bi ematen ditu. Garrantzitsua da gimnasioko saioa, sasoian egoteko eta nekatuta ez ibiltzeko. Osagarri bat da. Bestalde, zapatuetan eta domeketan partida izaten dut”. Ikasketez gainera, egunero entrenatu behar izatea gogorra iruditu daiteke, baina Agerren kasuan ez da horrela, “gustatzen zaidalako”.

Hamaika urte daramatza padelean jokatzen, eta adituek diote etorkizun handiko jokalaria dela. Denboraz ikusiko da hori, hala ere guk esan dezakegu, etxean 30 kopa eduki arren, oso mutil apala dela. “Ona naiz, baina jarraitu behar da entrenatzen; osterantzean ez da ezer egiten. Padela oso kirol neketsua da, fisikoki ez ezik mentalki ere bai, eta horregatik da oso inportantea kontzentrazioa. Arreta landu behar da, konzentratu ezik partida galdu dezakezulako.  Beraz, ondo egon behar da fisikoki zein mentalki”. Aipatutako trofeoak Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan lortu ditu, zeinetan txapelduna edo txapeldunordea izan baita. Era berean, iaz final-laurdenetara ailegatu zen Espainiako txapelketan. “Torneo asko jokatu  ditut. Zailagoak Estatu mailakoak dira, maila handiagoa delako”.

Gorputz Hezkuntza

Gaztearen esanetan, bikotekide ona izatea ere bada garrantzitsua. Iaz arte Gasteizko Jonekin ibili da partidetan, baina aurten Madrilgo mutil batekin egingo du, adina dela-eta, Jon senior kategoriara pasatu delako. “Madrilgo laguna orain dela urte bi ezagutu nuen, Badajozen. Elkarrekin jokatu genuen taldekako torneo batean eta ondo moldatu ginen. Bakoitzak bere herrian entrenatzen du eta, gero, partidetarako elkartzen gara”.

Etorkizunari begira, Agerri gustatuko litzaioke profesionala izatea. Eta Gorputz Hezkuntza ikastea. “Zaila izango da profesionaletan jokatzea. Gainera, dirua behar da torneoetara joan eta leku batetik bestera ibiltzeko. Babesleak-eta lortu behar dira. Urtean behin torneo bat egiten da Bilbon edo Gasteizen, eta koadrora ailegatzea ere ondo legoke”. Profesionala izateak lezamarrak entrenamendu gogorragoak egin beharko dituela esan nahi du, eta gogoa eta arreta bakarrik kirolean ipini beharko dituela. Ager ez da beldur, eta prest dago etor litezkeen zailtasunei aurre egiteko. “Gainera, egin nahi ditudan ikasketak osagarriak izan litezke”.

Padela sasoi onean dago, Agerren iritziz. “Orain dela gutxi World Padel Tour torneoa egin zen Bilbon eta sarrera guztiak saldu ziren. Izan ere, zale asko daude. Parte-hartzaileen aldetik ere badago jendea jokatzeko. Sasoian dagoen kirola da, arlo guztietan”. Lezamarra ere ederto dabil eta, ziur asko, aurten garaipen gehiago ekarriko ditu Txorierrira. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).