Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Lezamako Hirigintza Plan Orokorra

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 9a, 11:40

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Lezamako Udalak 2015ean onartu zuen Hirigintza Plan Orokorra –HAPO-. Horren kontrako helegitea Lezama Bizirik herri elkarteak aurkeztu zuen. “Pozik jaso dugu epaia, baina penagarria iruditzen zaigu herriaren garapena antolatuko duen plan urbanistikorik gabe segitzea”.

Ez da HAPOa bertan behera uzten duten lehenengo aldia. Lezamako Udalak 2006an onartu zituen arau subsidiarioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak horiek baliogabetu zituen 2009an. Espainiako Auzitegi Gorenak 2011n berretsi zuen epaia. Udalak arau subsidiarioen lekukoa hartzen zuen HAPOa onartu zuen 2010ean. Bizkaiko Foru Aldundiak plan hori ontzat hartu zuen 2015ean, baina oraingo epaiak baliorik gabe utzi du.

Lezama Bizirik elkartekoen esanetan, epaileak lau arrazoirengatik agertu da Lezamako Udalaren planaren kontra: hiruk Euskal Herriko legedia urratzen dute; eta azkenak, Espainiakoa. “Batetik, plana garatzeko behar bezalako prozesu parte-hartzailea urtebete beranduago bultzatu dute; bestetik, balio handiko lurra babesteko egin behar diren izapiderik ez dute egin; halaber, lurzoru batean hainbat urteetan jarduera kutsagarria egin den susmoa dago eta hori aztertzeko txostenik ez dute aurkeztu; eta azkenik, aireportuko eremuan gaudenez, telekomunikazio-txostena aurkeztu behar da Madrilen, baina Udalak ez du horrelakorik egin”. 

Elkartearen ustez, Udal gobernuak aukera bi dauzka. “Edo orain arte bezala, kasurik ez egitea eta helegitea Auzitegi Gorenean, Madrilen, aurkeztea. Baina epaia jakin arte urteak pasatuko dira eta dirutza xahutuko da. Gainera oso zaila izango da Auzitegi Gorenak Erkidegoko Auzitegi Gorenaren sententziak ezeztatzea. Edo plana herriko auzokide, elkarte eta enpresekin negoziatzea”. “Gure iritziz, plan honek ez dauka zentzurik. Alde batetik, EAJk beste alderdiekin edo herriko taldeekin inongo adostasunik lortu gabe onartu duelako; eta bestetik, hango proposamenek Lezama bezalako herri batean ganora handirik ez dutelako. Adibidez, beharrezkoak ez diren etxebizitzak eraiki nahi dituzte, eta 600.000 m2 gehiago proposatu dira industria-erabilerako, Kurtze industria gunearen erdia beteta ez dagoenean”.

 

Formazko akatsak

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkatea etsituta azaldu da epaiarekin. “Albiste txarra da herriarentzat, ezin izango dugulako ez etxebizitzarik eraiki, ez industria-eremurik garatu. Ekonomia gorantz doa eta ezin izango dugu aukera aprobetxatu, herrira industria apur bat ekartzeko, ezta horrekin batera datozen lana eta dirua ere”.

Alkatearen esanetan, HAPO berri bat ezinbestekoa da, “Lezamak hori behar duelako”, baina oraindik pentsatu behar dute zer egin. “Ez dakigu epaiari helegitea jarriko diogun ala ez. Dena dela, gu lasai gabiltza, epaiaren arabera, plana ondo dagoelako: etxebizitzen kopurua, industria-eremua... Hala ere, formazko akatsak egon dira eta txosten batzuk aurkeztu behar izan ditugu. Hala ere, horietako batzuk ez ziren beharrezkoak HAPOa lantzen hasi ginenean, baina tira…”.

Aurrekoetxeak uste du HAPOak herriaren beharrizanak betetzen dituela. “Gehienez 472 etxebizitza eraikitzeko proposamena egiten dugu, gazteek herritik alde egin behar ez izateko. Industria-eremuari dagokionez, Kurtze I industrigunea % 80 dago beteta, eta Kurtze II.ean, HAPOan proposatzen dena, promozio publikoak sustatu nahi ditugu, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez”.

HAPO berria lantzeko, lezamar guztiekin hitz egin beharko dela esan du Aurrekoetxeak. “Azken batean Lezama Bizirik elkartean 60 lagun daude eta euren interesak defendatzen dituzte, baina Lezaman 2.000 lagun bizi gara eta ikuspuntu orokorra izan behar dugu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).