Taldea Zorribike Lezamako txirrindularitzaren eta Gela Pedagogikoaren arteko hitzarmenari esker sortu da. Jose Manuel Olanok, Zorribike elkartearen presidenteak, azaldu digun moduan, “alde batetik, Gela Pedagogikoak bere gazteei BTT modalitatean jarraitzeko aukera emateko beharrizana zuen; eta bestetik, gazteei zuzendutako taldea sortu nahi genuen Zorribike elkartearen barruan”.
Zorribike-Gela Pedagogikoa BTT taldea 14 urtetik 18 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta eta gaur egun bost txirrindulari daude bere baitan, kadete eta jubenil kategorietan. “Taldea edozein gazteri dago zabalik, mutilei zein neskei, lezamarrei, txorierritarrei zein inguruko herrietakoei”. Horrela, bada, Zorribike taldetik animatzen dituzte gazteak hara joan eta saiatzera. “Eta bereziki neskak animatu nahi ditugu. Izan ere, oso neska gutxi dira bizikletaz ibiltzen direnak eta asmatu behar dugu horiek era batean edo bestean kirol honetara erakartzera”. Taldeak sortzen dituen gastuak erakunde biek hartu dute euren gain, eta txirrindulariek ez dute ezer ordaindu beharrik.
Sustatzaileek txirrindulariak lasterketetara eramatea dute helburu, “baina ez irabaztera”, zehaztu du Olanok. “Nahi dugu gazteek jakitea zer den lasterketa bat, eskola-kirola egiteari utzi ondoren, ikus dezaten zer den kirola apur bat serio egitea. Era berean, txirrindulariak trebatu eta futbola ez den kirol alternatiba bat eman nahi diegu, ondo pasa dezaten. Eta hori guztiaz gainera, garaipenak badatoz, bada, hobeto. Baina ez da helburu nagusia”.
Baseari indarra
Lasterketen haritik, aipatu beharra dago Zorribike-Gela Pedagogikoaren txirrindulariek jadanik proba bitan hartu dutela parte. “Guztientzat izan da lehenengo aldia holango lasterketa batean, eta, logikoa denez, ez dira oso ondo ibili. Gauza bat delako Gela Pedagogikotik atera eta lagunekin bizikletaz ibiltzea; eta beste gauza bat, lasterketa batean aritzea. Hala ere, lasterketa amaitu dutenean, eta oso nekatuta ibili diren arren, poztasuna sumatu dugu beren aurpegian eta hori inportantea da. Dena dela, hobeto ibili dira bigarren lasterketan”.
Entrenamenduei dagokienez, Zorribike elkartearen prestatzaile batek, emakumezkoa denak eta halako taldeetan eskarmentua daukanak, zehazten du txirrindulari gazteen entrenamendu-programa. “Gazteek mila gauza dauzkate astean zehar egiteko, ikasketak tartean. Horregatik helburua da txirrindulariek eurek euren entrenamendua kudeatu dezatela, prestatzaileak ezarritakoa kontuan hartuta, noski, eta euren beharrizanen arabera. Modu honetan gazte helduak izan daitezela ere lortzen dugu”.
Olanoren esanetan, apurka-apurka, eskolak sortzen dabiltza txirrindularitzan. “Gela Pedagogikoak eta Zorribikek txirrindularitza baseari indarra emateko konpromisoa hartu dugu, izan ere, gaur egungo harrobia ez da oso handia eta hori indartu behar dugu”.
Informazio gehiagorako: zorribike@zorribike.com