Akrobata skate parkean

b: Filmer Sk 2018ko eka. 6a, 11:06

Bere talentuaren publizitate handirik ez du egin nahi, baina Izanek aho bete hortz utzi zituen apirilean Break On Stage Festibalean batu zirenak. Are gehiago, skate park-ean egindako itzulipurdiek eta trukoek garaipena ekarri zioten Scooter Free Style modalitatean

Izan Lezamakoa da eta 14 urte ditu. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila dabil ikasten Txorierri institutuan, Derion. Txikitatik dauka lotura estua kirolarekin eta esan digu etxean badagoela urte bat-edo zeukaneko argazki bat, skate taula gainean. Futbolean egin du, baita eskupilotan ere, eta moto-krosean aritu da, baina berari benetan gustatzen zaiona patinatzea da. Horregatik utzi zion aipatutako beste kirolak egiteari. “Gero, zazpi urte neuzkala, amak patinete tolesgarri bat erosi zidan eta erabiltzeko errazagoa iruditu zitzaidan, erosoago nindoan… eta skate albo batera utzi nuen. Amak erositako patinetea apurtu zitzaidanean berria erosi nuen eta horrela hasi nintzen Scooter Free Style praktikatzen”.

Kirol horrek poztasuna ekartzen diola aipatu digu, eta ahal duen guztietan patinatzera joaten dela. “Batez ere asteburuetan eta libre daukadanean. Normalean Leioara joaten naiz, Galdakaora, Bilbora… eta Iruneraino ere eraman naute gurasoek. Lehen patinatzeko U bat geneukan herrian, eta bere ezaugarrien aldetik oso ona ez bazen ere, bazen zerbait… Lezaman beste bat ipiniko balute, erabili egingo nuke, noski”. Rider-ak azaldu digun moduan, Scooter Free Style patinetea erabilita ahal diren gauza guztiak egitean datza. “Itzulipurdiak, trukoak, barandetara eta bankuetara igo… Skate parkeetan edo kalean bertan praktika daiteke”. Skate park-en ezaugarriei buruz esan digu on batek apur bat denetarik eduki behar duela. “Arrapalak, kaxak, barandak… Baina ni ondo moldatzen naiz edonon patinatzen, eta arrapala asko eta kaxa gutxi dauzkan U bat gustatu dakidake, eta bakarrik kaxak eta barandak dauzkan beste U bat ere bai”.

Trebetasun handia daukan rider-a da eta badaki. “Gehien gustatzen zaidana itzulipurdiak egitea da. Alboz, bi egiten ditut. Indar handia egin behar da itzulipurdika ibiltzeko eta oso neketsua da. Batzuetan nagia eta guzti sortzen dit… Baina beste batzuetan ez diot uzten itzulipurdiak egiteari… Zorabiatu ere egiten naiz”. Dena dela, aspaldi honetan apur bat kontu handiagoarekin dabilela aitortu digu. Izan ere, nahiz eta babesgarriak erabili, lesio asko izaten ditu. “Orain orpoko minarekin nabil… Eta orpoko mina ez denean besoko mina da, orkatilako mina, hatzamarretakoa… Hortzak ere apurtu ditut… behin baino gehiagotan. Gerrako zauriak direla esaten didate; bai zera, zelako mina! (kar, kar)”.

 

Patinete zurrunak

Kirol minoritarioa da Izanek egiten duena, eta hori praktikatzeko lekuak topatzeko orduan ez ezik patineteak erosteko orduan ere bada nabaria. “Gasteizko denda batean erosten nituen lehen, baina itxi egin zuten eta orain Interneten bidez erosten ditut. Gutxi gorabehera urtean behin erosten dut patinete berria; Olentzerori eskatu ohi diot (kar, kar). Baina inoiz ez dakizu; gerta daiteke urte batean patinete bi apurtzea... Nolanahi ere, niri patinetea berritzen joatea gustatzen zait: taula berriekin saiatzea, gurpilekin, eskulekuekin…”. Bere gustuen haritik, aipatu digu patinete zurrunak nahiago dituela. “Eskulekua tolesgarria izan dadila eta helduleku erosoak eta luzeak eduki ditzala; taula zabala izan dadila, orpoko mina ez izateko; eta balaztak eduki ditzala, zapatilak ez apurtzeko. Patineteak garestiak diren? Beno, prezio askotarikoak daude”.

Ordu asko ematen ditu YouTuben, besteak beste, Estatu Batuetako, Zelanda Berriko eta Australiako rider-en bideoak ikusten. “Gehien gustatzen zaidana Roomet Säälik da, Estoniako mutil bat. Nik ere ospea lortu nahi badut, jarraitu beharko dut ondo patinatzen eta txapelketetan parte hartzen”. Scooter Free Stylerako daukan zaletasunak eraman du kirol honi buruz han eta hemen aztertzera eta hainbat txapelketetan aritzera: Donostian, Irunen, Durangon eta Bartzelonan, tartean. Break On Stage festibala azkena izan da. “Egia esan, ez nuen espero irabaztea. Zenbait gauza zelan egin nituen ere ez dakit… Ni saiatu nintzen eta atera egin zitzaizkidan”. Hala ere, hori ez da irabazi duen lehiaketa bakarra. Esate baterako, Donostian ere txapelduna izan zen. “Entrenatzen jarraitzea gustatuko litzaidake, txapelketetan parte hartzea eta tituluak irabaztea”.

Patinete gainean dabil Izan leku batetik bestera. “Nik patinatu egiten dut gustatzen zaidalako eta kito. Institututik atera eta modu bat da ikasketak, arazoak… albo batera uzteko. Patinatzen gogoa kendu arte edo ezin arte jarraituko dut”. Hala bedi, ba. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).