“Jakin-mina sortuko dut”

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 4a, 09:49

Hakima Flissi Velez, abeslaria

Lezamarrak Gaztea maketa lehiaketaren 27. edizioa irabazi du aurten, eta sari ekonomikoaz gainera, BBK Live jaialdian kontzertua eskainiko du uztailaren 13an. Ahots bereziko neska da eta aukerak baditu. Musika munduan bere lekua topatzen dabil. 

Pozik baino pozago zaudela igartzen zaizu. Baina urduri?

Ez. Asko gustatzen zait egiten nabilena eta konfiantza handia daukat neure buruarengan; beraz, ez daukat ez beldurrik, ez dudarik. Hala ere, gerta daiteke azken momentuan urduri ipintzea, noski. Ea kiboren bat ateratzen zaidan… Baina ez jendaurrean abesteagatik. Musikari esker, beldurra galtzen dut; pertsona moduan beldur asko dauzkadalako.

Dena dela, ez da jendaurrean abesten duzun lehen aldia izango.

Bertsioren bat abestu dut tabernetan eta Pentagrama Sondikako elkartearekin kantatu dut. Baita Mugarik Gabeko Dantzak jaialdian ere. Nire abestiak Gaztea maketa lehiaketaren haritik abestu ditut lehenengoz. 

Buru-belarri ibiliko zara BBK Live jaialdiko kontzertua prestatzen, ezta?

Arturo nire laguna, produktorea eta dj-a da, eta berarekin batera nabil sei abestiek osatutako EP bat prestatzen. Oraindik ez didate jakinarazi BBK Livekoa zelako kontzertua izango den, baina kantu horiek han aurkezteko asmoa dugu. Abesti berriak izango dira, Gaztea lehiaketara eraman genituenak zaharrak direlako. Jo eta ke gabiltza lanean.

Abestiak Bartzelonan grabatzen zabiltzate.

Arturo hangoa da eta jende asko ezagutzen du bertan. Bartzelonan mugimendu handia dago musikaren inguruan eta berak badaki nora jo. Beraz, leku batetik bestera nabil ni. Denboraldi batez han bizi izatea gustatuko litzaidake, nire musika mugitzeko eta kontzertuak emateko.  

Gustura egongo zara Gaztea maketa lehiaketara aurkezteko erabakiarekin.

Oso. Lagun batek animatu ninduen lehiaketan parte hartzera, izena emateko epea amaitzen zen egunean bertan, eta bakarrik bederatzi boto-edo lortu nuen arren, epaileek aukeratu ninduten lehiaketan aritzeko eta azkenean finalista izan nintzen. Talde oso on asko ibili ziren lehiaketan, baina zerbait berria aurkeztu genuen eta pentsatu genuen jendeari gustatu lekiokeela. 

Zer esan nahi duzu “zerbait berria” horrekin?

Ahots-tinbre nahiko berezia daukat, oso entzuna ez dena eta jendeari gustatu ohi zaiona. Batzuek esaten didate gogora Amy Whinehouse ekartzen diedala… Ahots erlatsa erabilita abestu dezaket, baina “aingeruek bezala” ere bai.

Nondik edaten duzu?

Jazzetik, souletik, R&B berritik… Baina popa ere entzuten dut. Egia esan, denetarik. Hemendik eta handik hartzea gustatzen zait. Indiako musika ere badut gustuko.

Zertaz mintzatzen dira zure abestiak?

Maitasunari buruz hitz egiten dut, eguneroko frustrazioei buruz, zoriontasunari buruz… nire sentimenduei buruz, azken batean. Nik abestia ateratzen zaidan moduan abesten dut, eta gero zatitxoak hartzen ditut, abestia berriro idazteko. Orain banabil kantu bat euskaraz idazten. 

Gaztelaniaz eta ingelesez ere abesten duzu. Zergatik hizkuntzen nahaste hori?

Eta frantsesez abestea ere gustatuko litzaidake. Hizkuntzaren arabera, muga batzuk edo beste batzuk dauzkat hiztegi aldetik, eta horrek laguntzen dit beti gai berberei buruz ez hitz egiteko. Gainera, hizkuntzekin jolastea gustatzen zait, eta melodiaren arabera, hizkuntza bat bestea baino aproposagoa izan daiteke melodia horretan txertatzeko.

Publikoak ulertuko du hizkuntzen nahaste hori?

Egia esan, ez dut publikoarengan pentsatzen. Nire lana gustatzen zaiona beti egongo da nire alde; eta gustatzen ez zaionak beti edukiko du zerbait kexatzeko. Ni musikan hasi baino ez naiz egin, eta nire lekua eta estiloa topatzen nabil. Horretarako, ahal dudan hizkuntza, estilo… guztiekin saiatu nahi dut. Dena dela, jakin-mina sortuko dudala uste dut, eta hori ona da. Bestetik, ikus-entzunezko artean dabilen jendearekin elkarlanean aritzea ere gustatuko litzaidake.

Zelan datoz hurrengo hilak?

Kontzertuak emango ditugu ekainean eta irailean, baina, egia esan, orain nahiago dut arreta BBK Live jaialdian ipini eta plan gehiagorik ez egin… osterantzean, proiektuetan galdu nintekeelako. Gainera, abesti berriekin batera bideoklipen bat ere grabatu nahi dut. Nolanahi ere, argi daukat ez dudala neure burua behartu nahi musika kontu honekin. Nik bizitza arrunta eduki nahi dut, musika egin eta nire lana errespeta dezatela. Lana, zaletasuna ere badena.

Zelan zabiltza gertatzen ari zaizuna barneratzen?

Egia esan, asko gustatzen zait gertatzen ari zaidan guztia. Batxilergoa orain dela urte bi amaitu nuen eta hurrengo ikasturtean zer ikasi argi ez neukanez, Ingalaterrara au pair joatea erabaki nuen, ea burua argitzen nuen. Musika munduan zebilen jende asko ezagutu nuen eta itzuli nintzenean lagun batek proposatu zidan ezagun baten estudioan saiatzea. Abesti bat grabatu eta “hau da egin nahi dudana” esan nion neure buruari. Gaur egun musika-hezkuntza, kantu eta combo eskola jasotzen dut, eta oso pozik nago animoak eta oso hitz politak esaten dizkidatelako.

 

Ristoren begietara begira

Azken hilabeteotan, Hakimaren bideo bat biral bihurtu da. Lezamarrak Factor X talent show-ean hartu du parte aurten, eta bere emanaldian Back to black abestia begiak itxita zituela abestu zuen. Risto Mejidek, saioaren epaileetariko bat, zakar-fama duenak, esan zion abestia bere begietara begira berriro kantatzeko. Saioaren arduradunek bideo hori kaleratu dute titulu honen pean: Hakima, Ristoren begietara begira kantatzea lortu duen bakarra. “Beno, apur bat esajeratu egin da horrekin. Egia esan, nik gauza gutxi dakit Ristori buruz, eta bera zein besteak pertsona arruntak ziren niretzat. Edozein entzunaldian topatu ditzakezunen modukoak. Egia da zati batzuk moztu dituztela, nik esan niolako: Orain? Hau beldurra! Baina, beno, egin behar nuen eta egin nuen, kito. Nolanahi ere, errespetua nabaritu nuen bere aldetik”.

Hakimak bere kanala dauka YouTuben eta saioaren erredaktore bat horren bidez ipini zen harremanetan gaztearekin, eta saioan parte hartzeko proposamena egin zion. “Kuriositatez joan nintzen Madrilera. Castingak gainditu eta entzunaldia egin nuen, eta dena ondo joan zen. Baina azkenean ez ninduten hurrengo saiorako hartu. Pozten naiz, kamera aurrean ez nagoelako eroso. Urduri ipintzen naiz”.           

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).