Lezama jaietan murgilduko da asteburuan

Aikor aldizkaria 2018ko ira. 3a, 14:43

San Antolin ospatu ostean, andramariak izango dira irailaren 7tik 10era. Aurreko urteetan moduan, Basobaltz jai-batzordekoek herritar guztiei zuzendutako jai-egitarau oparoa antolatu dabe: mozorro txapelketea, kaleko antzerkia, umeentzako ekintzak eta dantzak, tartean. Besteak beste, Egurra ta kitto, Josetxu Piperrak & The Riber Rock band eta ETS taldeek, eta Rayden rap abeslariak girotuko dabe bariku eta zapatuko gaua. Kurtzeko jaiek lekukoa hartuko dabe hilaren 13tik 15era bitartean.

Barikuan, pelota partiduen ostean, kuadrillen mozorro- jaitsierea izango da Mikel Zarate enparantzatik. Aurtengo gaia “publizitatea” izango dela, jaitsiera hori jai-egitarauaren ekintzarik aitagarrienetako bat da, Basobaltz jai-batzordearen ustez. Jaitsierea txupinazoagaz lotuko da, eta jarraian, Sakatu elektrotxarangeak girotuko dau tabernaz tabernako poteoa. “Pregoia Ekidazu abesbatzak irakurriko dau aurten. Horreek aukeratu doguz, urte asko daroezalako bai herriko jaietan, bai urteko gainerako ekitaldietan parte hartzen”. Mozorro lehiaketearen sariak banatu eta kontzertuei ekingo diete. Toc, Egurra ta kitto,  Josetxu Piperrak & The Riber Rock band eta Urrats taldeak agertokira igoko dira. Gainera, tabernetan eta jatetxeetan odolosteak eskainiko dira afaltzeko, eta mozorroa janzten dabenek 2x1 eukiko dabe garagardo eta kalimotxo katxietan eta alkohol bako edarietan, 21:30etik 00:00etara.

Zapatuan egun nagusia izango da, Andra Mari Eguna, eta eguerdian jaietako nobedadeetariko bat egongo da: tortilla txapelketea. “Era berean, ume eta gazteentzako ekintzak indartu egin ditugu”. Arratsaldean, pelota partiduak izango dira, kaleko antzerkia eta abesbatzen kontzertua. Gaua En Tol Sarmiento eta Ozen taldeek musikatuko dabe, baita Rayden Estatuko rap abeslariak ere. “Normalean sarrera erosi behar izaten da horren kontzertuak ikusi ahal izateko. Jaialdi askotan hartu dau parte eta ez da ohikoa Euskal Herrian ikustea”, esan deuskue. “Erabagia hartzea erraza izan ez dan arren, uste dogu arrakastatsua izango dala. Arriskatu gura izan dogu, bere abestietan oso balio aberatsak helarazten ditualako”. Jatetxeetan eta tabernetan, berriro egongo dira odolosteak afaltzeko.

Domekan jaiak jarraituko dau. Besteak beste, dantzen agerraldia eta mariachiak egongo dira. Bolalekuko jaiek paella eta mus txapelketak, puzgarriak, txokolatadea eta erromeria ekarriko deuskuez astelehenean.

Trena gauez

“Adin-tarte ezberdinetakoei zuzendutako jaiak antolatzen saiatzen gara, herritarren parte-partea ahalik eta handiena izan daiten”. Halanda be, aitortu deuskue gero eta gatxagoa dala jaiak urterik urte antolatzea. “Gero eta jente gitxiago gagoz jai-batzordean. Ideak bukatzen doaz eta, gazteak garen arren, gatx egiten jaku adin-tarte guztientzako ekintzak asmatzea. Herriko alkarteak eta Udala hor dagoz laguntzeko, baina hemendik deia egin gura deutsegu herriko gazteei zein nagusiei, jaien antolakuntzan parte hartzera animatu daitezan”.

Erraza ez bada be, Basobaltz jai-batzordeak, betiko moduan, jai-egitaru dotorea prestau dau aurtengo andramarietarako. Orain lezamarrak eta txorierritarrak kalera urten eta jai-giroan murgiltzea baino ez da falta, Lezaman jai biribilak eukitzeko. “Gainera, trena egongo da gau osoan eta, ondorioz, ez da kotxea hartu beharko. Beraz, ez dago atxakirik!”. Horri lotuta, Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskainiko dau bariku gauean. Trena ordu hauetan aterako da Lezamatik: 22:52, 23:51, 00:51, 02:51, 04:51 eta 06:48. Eta Kukullagatik ordu hauetan: 00:08, 02:08, 04:08, 06:08 eta 07:24.   

Kurtzeko jaiak

Lezamako auzoan, Santa Kurtze ospatuko dabe irailaren 13tik 15era bitartean. Bertan, betiko eskemeari jarraitu jako, eguneko jaia eta txapelketa gastronomikoak indartuz. Txupinazoa barikuan botako dabe eta ostean kalejirea eta erromeria egongo da. Egun nagusia zapatua izango da. Ohikoa dan moduan, sukalki eta tortilla txapelketak antolatu dira eta, nobedade moduan, Lleidatik etorriko dira erraldoiak eta buruhandiak. Gainera, umeentzako jolasak, elektrotxarangea, zozketak, afari-meriendea eta txokolatadea egongo dira. Sorgina erretzeak amaierea emongo deutse jaiei.

Irailak 2, domeka

08:00 “Lezamako mugetatik” XIII. mendi martxea.

09:30 “Lezamako mugetatik” XIII. lasterketea.

09:30 Txikien ibilaldia.

12:30 Mezea. Ostean, Kopaua, trikitilariek girotua. San Antolin auzoan.

14:30 Adintsuen bazkaria.

14:30 Bazkarirako txartelak erosteko epea amaituko da. San Antolin auzoan.

15:00 Herri bazkaria (okela gisatua). San Antolin auzoan.

16: 00 Briska eta mus txapelketak. San Antolin auzoan.

 

Irailak 7, barikua. Odoloste Eguna

18:00 Pelota partiduak: Pelotako eskolako umeak eta “Andra Mari” Pelota Txapelketearen finalerdiak.

19:00 Kuadrillen jaitsierea, Mikel Zarate enparantzatik. Gaia: Publizitatea.

19:30 Txupinazoa eta pregoia, Ekidazu abesbatzearen eskutik.

19:45 Poteoa, Sakatu elektrotxarangak girotua.

21:30 Txosnak zabaltzea.

22:00 Umeen mozorro lehiaketearen sariak banatzea.

21:30 – 00:00 Mozorrotuta dagozanentzat, 2x1 garagardo eta kalimotxo katxietan eta alkohol bako edarietan.

22:00 Kontzertuak: Toc + Egurra ta kitto + Josetxu Piperrak & The Riber Rock band + Urrats.

01:00 Nagusien mozorro lehiaketearen sariak banatzea.

Jatetxe eta tabernetan, odolosteak afaltzeko.

 

Irailak 8, zapatua. Andra Mari Eguna

11:00 – 14:00 Umeentzako ekintzak eta puzgarriak.

12:30 Mezea.

13:00 Tortilla txapelketan izena emotea.

14:30 Tortillak aurkeztea.

16:00 – 19:00 Umeentzako ekintzak eta puzgarriak.

18:00 Pelota partiduak: Pelota Eskolako umeak, emakumezkoen partidak eta “Andra Mari” Pelota Txapelketearen finala.  

19:15 Babo Royal kaleko antzerkia, Ganso & Cía taldearen eskutik. Plazan.

20:15 Kontzertuak, eleizan: Ekidazu eta Bilboko korua eta ganbera-orkestra.

22:00 Txosnak zabaltzea.

23:00 Kontzertuak: En Tol Sarmiento + Talde sorpresa + Ozen erromeria taldea.

Jatetxe eta tabernetan, odolosteak afaltzeko.

 

Irailak 9, domeka

12:30 Mezea.

13:15 Dantzak, Kurutze dantza taldearen eskutik. Ostean, kopaua herriko plazan.

17:30 Xaibor diskofestea.

19:30 Mariachiak.

 

Irailak 10, astelehena. Bolalekuko jaiak

13:30 Paella txapelketan izena emotea.

15:00 Paellak aurkeztea eta sariak emotea.

16:00 Mus txapelketea.

17:00 Umeentzako puzgarriak eta tailerrak.

19:30 Txokolatadea.

20:00 Hotza erromeria taldea.

 

Kurtzeko jaiak

Irailak 13, eguena

Odolosteak, auzoko tabernetan.

 

Irailak 14, barikua. Santa Kurtze Eguna

12:30 Mezea, ermitan.

Txupinazoa eta kopaua, auzokoentzat.

20:00 Kalejira tabernetatik, KZ taldeagaz.

22:30 Erromeria, Broken Izotz taldeagaz.

 

Irailak 15, zapatua

10:00 Mahaiak eta aulkiak banatzea.

11:00 Umeentzako tailerrak.  

11:30 Sukalki eta tortilla txapelketetan izena emotea.

12:00 Mezea, ermitan.

13:00 Erraldoiak eta buruhandiak, Grallers y Tabalers D´Alcano taldeagaz (Lleida).

14:00 Sukalkia eta tortillak aurkeztea. Ondoren, sariak banatzea.

14:00 Jolasetan parte hartzen daben 12 urtetik beherako umeentzako bazkaria.

Umeentzako jolasak.

18:00 Sakatu elektrotxaranga.

19:00 Erraldoiak eta buruhandiak.

20:00 Zozketea.

20:00 Afari-meriendea: solomo eta hirugiharra-ogitartekoak.

21:30 Diskofestea.

22:00 Sorgina erretzea eta suziriak.

Diskofestea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).