L, Kartzaroten lan barria laster egongo da kalean

a: Gaizka PeƱafiel 2018ko ira. 6a, 08:00

Heavy metal taldearen kideak azken ikutuak emoten dabilz L lanari, euren hirugarren diskoa izango danari, eta espero dabe hori urrian kalean egotea. Aurreratu deuskuen moduan, diskoa sei abestik eta bonus track batek osatzen dabe eta, gainera, trikitiaren soinua entzungai egongo da abesti baten. Ezkontza bitxia, duda barik.

Asier Vicario abeslariak eta Rober Mellid gitarra-joleak emon deuskue Kartzarot taldearen azken lanaren barri. “Chromaticity estudioetan grabatu dogu, Asuan, eta orain nahasteakaz gabilz. Eskari handia dauen estudioa da, batez be heavy egiten dogun taldeen artean. Izan be, hangoak asko laguntzen deutsu grabazinoagaz, eta konposizinoak be hobetzen deutsuz”. Diskoa urrirako kalean egotea espero dabe. “Ekoizpena gurea da oso-osorik, eta dan-dana gure artean adosten dogunez, ba, horrek pilo bat atzeratzen gaitu”.

Izpiritu asanbleario horri jarraituta erabagi dabe lanari L jartzea izenburu. “Momentu honetan harreman handia dogu L hizkiagaz: bide Luzea, XL neurria… eta taldearen sortzaileok –gitarra-jole biek eta abeslariak- 50 urte beteko doguz datozen hilabeteotan”. Diskoa sei abestik eta, 80ko hamarkadan egiten zan moduan, bonus track batek osatzen dabe. “Bonus track hori keinua da gugan hain eragin handia euki dauen hamarkadeari”. Aurreko lanean egin eben moduan, diskoa bozgorailutzat erabili gura dabe, kezkatzen dabezan gaiak salatzeko. Honela, euren hitzek ingurumenaren gainean egiten dabe berba, alzheimerraren gainean, lan baldintzen gainean eta sexu-erasoen gainean. Athletici eskainitako abestia be badago, eta omenaldi txiki bat Lezamari. “Leloak dinoan moduan, hainbeste zor deutsadan herriari”, zehaztu dau Asierrek. Abestien hitzak Lezamako euskaraz idatzi dabez eta behar horretan Juan Luis Goikoetxearen eta Zorrizketan Lezamako euskera alkartearen laguntzea jaso dabe.  

Taldekide biek azaldu daben moduan, disko hau aurrekoa baino heavyagoa da. “Heavy metal landuago, sakonago, koherenteago eta, beharbada, ulertzeko zailago baten murgildu gara lan honetan”. Gainera, heavy metal taldeen artean ohikoa ez dan euskal instrumentu baten soinua entzungo da Lezama abestian: trikitia. Ekarpena Gaizka Peñafielek egin dau. “Abestiari emongo deutsan plusa dudagabekoa da. Pozik baizen harro gagoz emaitzagaz eta ziur gagoz gustauko dan sorpresea izango dana”. Bestetik, A.O.R estilo amerikarrarekin be ausartu dira Train abestian, “oso melodikoa da; inoz jo ez dogun erara”.  

Kontzertuak

Diskoaren aurkezpen ofiziala Lezaman egitea gustauko litxakiela esan dabe. Baina diskoa kalean egon arte ezin dabe datarik ipini. “Esan geinke irailaren 22an, Santurtzin, Gernika Parkean, joko dugula Los Cojones eta Colajets taldeakaz batera, eta 28an, Dimetal Festibalean, Diman. Oso jaialdi berezia izango da, bertan 30 talde arituko garelako. Barakaldon be izango gara urriaren 6an, Done Bikendiko ostalarien alkarteak antolatzen dauan Euskal Jaian”. Aurreko lanak, Arima ez da galtzen, oso harrera ona euki eban eta oso kritika onak jaso ebazan komunikabide espezializatuetan. “Hori errepikatzea ez da erraza izango”. Halanda be, musikariek esan deuskue hareek aspaldidanik ez dabela harrera handirik itxaroten. “Berrogeita hamar urte inguruko lagunak gara eta hau egiten dogu, sortzea izugarri gustatzen jakulako eta ezin garelako geldirik egon. Eta gainera, emaitza asko gustatzen jakulako”.

Kartzarot taldea 1989an sortu zan eta 10 urte beranduago bere taldekideak banandu egin ziran. 2013an barriro alkartu ziran eta esku artean daben disko honezaz gainera, beste lan bi dabez kaleratuta: Kartzarot (2013) eta aitatutako Arima ez da galtzen (2015).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).