Zelan Lezaman?
Bagenekien eskualdean jarraitzaile asko ditugula eta, guretzat, halako kontzertuak plus bat dira. Jendea hain animatuta egotea, eta gainera, hain goiz izanda… Kontzertu horiek merezi dute.
Eta ez da lehenengo aldia hemendik zabiltzatena.
Azken bost urteotan, Txorierriko herri guztietan izan ez bada, herri gehienetan ibili gara. Ez dakit Bizkaiko jendeak zer duen, txorierritarrak tartean, ezen kontzertuetan dantza egiteko eta animatzeko gogo handiagoa nabaritzen da, energia handiagoa.
Zelan joan da uda?
Ondo. Aurreko lana, Ametsetan, berezia denez –zuzeneko batek, kanta berri batek eta dokumental batek osatuta–, dudan geunden jendeak ulertuko zuen eta uda zelan irtengo zen, baina udaberria eta udazkena bitartean 25 bat kontzertu eman ditugu Euskal Herri osoan, eta pozik.
Zuzeneko taldea zarete, zuen esanetan.
Taldearen berezitasuna izan daiteke gure musika freskoa, zuzena eta alaia dela. Halandaze, hain musika alai baterako jai giroa behar dugu eta horregatik gure kontzertuak herriko jaietan izaten dira, aretoetan baino. Diskoak grabatu ditugunean beti eduki dugu zerbaiten falta eta, egia esateko, azkena zuzenekoa denez, bada, askoz gehiago gustatzen zaigu. Gainera, guk asko prestatzen ditugu zuzenekoak: muntaia, argiak… emanaldi oso bat eskaintzeko, eta ez bakarrik musika emanaldi bat.
Zein da ETSren sekretua plazak betetzeko?
Gu ez gara teknikoki nabarmentzen, gure abestien konplexutasunagatik. Gure abestiak nahiko sinpleak dira; hala ere, horiek egiterakoan garrantzia ematen diet melodiei eta denbora asko ematen dut melodiok lortzen saiatzen. Sekretua edo gakoa, nire ustez, hor dago. Azken batean, kontzertuetan jenderi gustatzen zaiona abestea da. Eta gero, jotzeko orduan, indarrez egiten ere saiatzen gara.
Zelako harremana duzue jarraitzaileekin?
Taldeen eta jarraitzaileen arteko harremana askoz hotzagoa zen orain 15 urte; bakarrik kontzertuetan izaten zen. Orain, talde moduan egon nahi baduzu, gizarte sareetan izan behar zara ia egunero, eta zaleen mezuak erantzun. Dena dela, guk ez dugu gure burua musikaritzat hartzen. Gu pertsona arruntak gara, bakoitzak bere lana du, eta kontzertuen ondoren beti geratzen gara jarraitzaileekin hitz egiten. Eta gizarte sareetan ere bai.
Uda amaitu dela, zelan datoz hurrengo hilak?
Oraindik lauzpabost kontzertu eman behar ditugu eta horien ondoren ideia da udaberrira-edo arte gelditzea. Eta gero gauza berriak prestatzen hasi. Aurreko diskoak lan handia ekarri zigun, baina ez konposizio arloan, eta horregatik dugu zerbait berria prestatzeko gogoa. Ez dakigu nondik nora joango den, baina argi dugu gustatuko litzaigukeela honik aurrera sortzen diren abestiei beste kutsu bat ematea.
Esan moduan, Ametsetan lana kaleratu zenuten iaz. Ametsa izan da 2005etik hona gertatu zaizuena?
Bai. Taldearekin hasi ginenok, behintzat, ez dugu musika prestakuntzarik eta zentzu horretan ez gara oso musikari sentitzen. Orduan, hobby batetik abiatuta jendetza batzea… bada, batzuetan ez dugu ezta sinetsi ere egiten. Egia da nahiko lan egin behar dugula eta taldeak nahiko garrantzi hartu duela gure egunerokotasunean, asteburuak, adibidez, beteta ditugulako, baina, bueno, gu saiatzen gara momentua bizitzen.
Zelako bilakaera eduki du ETSk urte hauetan?
Zerotik hasi ginen lehenengo urteetan eta oso gutxi entseatzen genuen, hilean behin edo, ni Gasteizen bizi naizelako, eta besteak, Logroñon. Ahal genuena egiten genuen eta, egia esan, ez ginen oso onak. Gero, denborak aurrera egin ahala, konturatzen zara ondo zer egiten duzun eta zer ez, zein den zure eremua, erregistroa… Orduan ditugun baliabideekin lan eginez lortu dugu batera joatea eta nahi genuena helaraztea. Hainbat urteren ondoren lortzen dugu gauzak ondo egiteko seriotasun hori eta, aldi berean, barruan dituzun gauza alai horiek guztiak ematea. Indibidualki hobetu egin gara, baina batez ere talde moduan haztea lortu dugu.
Hitzetan ere nabaria da bilakaera hori?
Bai, bakarrik hizkuntzan bada nabaria, lehenengo diskoetan abesti asko erdaraz egiten genituen, eta orain euskaraz. Era berean, abestiak zuzenagoak ziren lehenengo diskoetan eta pixkanaka-pixkanaka barrura begiratzen joan naiz. Beldurrik ez diskoan, adibidez, sentimenduei buruz hitz egiten saiatu naiz abesti guztietan. Barruko hitzak idazten saiatu naiz, jendea gelditu eta pentsatzeko, eta abestiak esanahi bakar bat ez izateko, baizik eta bakoitzak berea topatzeko.
Nondik dator En Tol Sarmiento izena?
“Sarmiento” Arabako Errioxan askotan erabiltzen dugun hitza da, mahatsondoaren aihena izateaz gain, ikatzaren ordez erabiltzen dugulako, adibidez, txerrikia-eta erretzeko. Lagun batek asmatutako hitz jokoa da: joko zaitut en tol sarmiento! Eta koadrilakook hasi ginen esamoldea erabiltzen. Taldearekin hasi ginean ez genekien ezta gitarra jotzen ere, eta taldeari izen hori ipintzea erabaki genuen. Noski, garai hartan ez genuen espero gaur gauden lekuan egotea. Urte hauetan izenaz aldatzeko aukera eduki dugu, baina ez dugu egin. Gero, siglak ere erabiltzea erabaki genuen, jendeari errazteko izenarekin gogoratzea.