"Lagunak betiko egin dodaz"

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 16a, 11:53

Añes Zarate, euskarAbenturazalea

Añes Zaratek betiko gogoratuko dau azken uda. Izan be, gazte lezamarrak EuskarAbentura egitasmoan hartu dau parte eta, horreri esker, Euskal Herri osoa zeharkatu dau beste 109 gazte euskaldunakaz batera. Gogorra bai, baita ahaztezina be.

Zelan euki zenduan EuskarAbenturaren barri?

Nire ahiztak ikusi eban gizarte sareetan eta berak animau ninduan. Gainera, antolatzaileak institutura etorri ziran berbaldia emotera. 

Eta zergaitik animau zinan parte hartzera?

Normalean ez naz udalekuetara-eta joaten, baina hori desbardina iruditu jatan. Nire edadeko jenteagaz, euskaldunakaz, estilo berdineko lagunakaz ibiliko nintzala uste neban. Abentura polita, azken baten. Eta bide batez, Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeko aukera paregabea be bai.   

Gatxa izan zan proiektuan sartzea?

Tira, lan bat egin behar zan, bakotxak gura eban euskarrian: idatziz, bideoa... Nik Lezama eta euskerearen gaineko lan bat egin neban. Mikel Zarateren gainean be idatzi neban, familiakoa zalako (kar, kar). Familiak lagundu eustan lana borobiltzen. 

Zer sentidu zenduan antolatzaileek hartu zinduezanean?

Oso pozik, baina urduri aldi berean. Lehengusinagaz apuntatzeko asmoa neban, baina azkenean berak ezin izan eban lana egin, azterketakaz lanpetuta egoalako. Eta bakar-bakarrik joan nintzan hara, inor ezagutu barik. 

Zelan EuskarAbentura esperientzia?

Oso ondo, poz-pozik etorri nintzan. Lagun pilo bat egin dodaz. Ez neuke ezta txango bat be kenduko. Guztiz gomendagarria da, eta ahal izan ezkero, barriro egingo neuke. Oso aberasgarria da, batez be nire adinagaz, aldaketa prozesuan murgilduta zagozalako. 

Barriro egin daiteke?

Egitasmoan parte hartu ahal izateko, berriro lan ederra aurkezten badugu, beharbada bai, baina ziur asko, ez. Gu dagoeneko joan gara, eta abentura bizi izateko aukera beste batzuek be aprobetxatu behar dabe.  

Zelangoa zan egunerokotasuna?

Done Jakue Bideari jarraitu geuntsan. Normalean, goiz-goiz izartzen ginan ibilpidea goizean osatzeko, eta arrastietan ekintzak egiten genduzan: berbaldiak, tailerrak… Egunero 20 kilometro inguru egiten genduzan oinez eta gabean, herri ezbardin baten egiten genduan lo. Behin, aterpe barik be bai, eta goizeko 6etan euri zaparrada itzela jauzi zan eta guztiok, ehun eta piku lagun, karpa txiki baten sartu behar izan genduan. Janariari jagokonez, enpresa batek ekarten euskun.    

Beste anekdotaren bat kontau ahal deuskuzu?

Pilo bat, egunero zerbait kontatzeko modukoa gertatzen zan. Normalean, hiru taldetan banatzen ginan, eta behin nirea astiroago ibili zan eta galdu egin ginan. Beraz, hasi ginan walkie-talkieen bidez berba egiten beste talde nagusiagaz ea bidea barriro topetan genduan. Azkenean bat egin genduan taldeagaz.

Fisikoki esperientzia gogorra emoten dau, ezta? Zerbait egin zenduan zeure burua prestatzeko?

Bai, gogorra izan da, kilometro asko egin doguzalako. Joan baino lehen ez neban gauza handirik egin, bakarrik mendira joan noizbait. Ez asko (kar, kar). Egia da aurten atletismoan hasi nazela, eta hori seguruenik lagungarria izan da. 

Zer ikasi dozu EuskarAbenturan?

Gauza asko. Jente asko ezagutzen dozu, bakoitxa desbardina, eta horreri esker, zeure burua hobeto ezagutzen ikasten dozu. Eta 10 urte barru, lagunak hain zuzen be, izango dira gogoraratuko dodana. Lagunak betiko egin dodaz.    

Euskal Herriko hainbat lagun ezagutu dozuz, baita kanpokoak be. 

Bai, herrialde guztietako lagunak egozan. Eta pare bat, Ameriketakoak: bata, argentinarra; eta bestea, estatubatuarra. Hemengook ikusgura genduan, jakina, eta galdera pilo bat egiten geuntsezan: euskeraz zelan dakien, zergaitik…. 

Ia Euskal Herri osoa ikusi dozu. Zein izan da gehien gustatu jatzun lekua? 

Kostaldea. Itziarrerako bidea, Gipuzkoan, oso polita izan zan.

 

 

 

Euskal Herriko itzulia

EuskarAbentura irabazi asmo bako alkarteak hiru urte emon dauz izen bereko proiektua garatzen. Guztira, 110 gaztek hartu dabe parte horretan, Ameriketako bik, barne. Abenturazaleek, 16-17 urteko 72 neskek eta 38 mutilek, Euskal Herria zeharkatu eben, uztailaren 1etik 31ra bitartean. Ibilpide horretan – 483 kilometro oinez, eta guztira 783 km–, hiriburu guztiak eta UNESKOk izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitau ebezan. Gazteek lurralde bakotxean euskerak bizi dauan errealidadearen barri euki dabe. Ganera, egitasmoak gazteen arteko sareak sortzea dau helburu. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).