Lezama Bizirik elkarteak baso-plan teknikoa egiteko proposamena aurkeztu du Udalean

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 29a, 12:21

Proposamenak Lezamako mendi publikoaren kudeaketa eta ustiapen-erregimena ezartzea du helburu, eta hura Udaleko osoko bilkura osatzen duten alderdi biei –EAJ-PNV eta EH Bildu– egin diete.

Azaldu duten moduan, banda marroia/gorria gaixotasuna azkar zabaltzen den arren, pinuen monolaborantzara zuzendu diren basoek urteak daramatzate gaixotasunak jasaten, hala nola pinuaren minbizia moduan ezaguna den onddoa eta pinu-beldarra. Lezamako basoak ere badaude gaixorik, eta haietako batzuk, gainera, erabilera publikoko basoak dira. “Udalak 213,88 hektarea du Santa Marina Gangurengana mendian. Hektarea horietako %94 arboladia da, eta pinu pinaster-ak 62 hektarea hartzen du; pinu radiata-k, 42 hektarea; eta eukaliptoak, 36,5 hektarea. Azken hamarkadetan, udal basoen kudeaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Baso eta Mendi Sailaren esku egon da, eta emaitza begi bistan dago: pinu eta eukaliptoaren gehiegizko monolaborantza, eta balio natural eta etekin ekonomiko gutxiko basoak, lezamarrok disfrutatzeko inongo erakargarritasunik ez dutenak. Lezamak eta Udalak badute eskubidea –eta betebeharra– egoera aztertzeko; eta ados ez badaude, beste aukera batzuk bilatu eta proposatzeko”.

Elkarteak beharrezkotzat jo du baso-plan tekniko bat egitea, kudeaketa-irizpideak ezartzeko. Izan ere, jakinarazitakoaren arabera, Santa Marina Ganguregana mendiaren kudeaketa plana jasotzen duen dokumentua irakurtzeko aukera izan dute, eta hori ez da inongo plan teknikotan oinarritzen.

Lezama Bizirik elkartearen ustez, plan tekniko horrek arautu beharko lituzke Lezamako basoen kudeaketa eta ustiapena, batez ere lursail publikoetan eta erabilera publikoko mendietan daudenenak. Era berean, plan teknikoak, gutxienez, bost irizpide hartu beharko lituzke kontuan:

Lehenengo eta behin, aniztasun ekologikoa. Elkarteak pinu eta eukaliptoen monolaborantza progresiboki aldatzeko proposamena egin du, eta, zuhaitz-espezie horien ordez, bertako zuhaitzak landatu. “Aniztasunak hobetzen du basoak CO2 atmosferikoa xurgatzeko duen gaitasuna. Gainera, ekonomia-ikuspuntutik, ekoizten den egurrak kalitate hobea du. Aniztasunak lurraren emankortasuna ere hobetzen du. Bestalde, inportantea da pinuaren ordez eukaliptoa landatzeko aukera baztertzea”.

Bigarrenez, bertoko basoa berreskuratzea eta zabaltzea. “HAZIk –Landa, Itsasertz eta Elikagaien Sustapenerako erakundea– egindako azterketaren arabera, berton berez egongo liratekeen zuhaitzak haritzak eta elorriak dira. Hala ere, Lezaman, erabilera publikoko mendian, pinuek eta eukaliptoek 150 hektareak hartzen dituzte; eta kontserbazio basoek, berriz, 40 hektarea”.

Oxido kuprosoa

Hirugarrenez, bertoko zuhaitzak erabiltzea, baso iraunkorrak sortzeko. “Horretarako, arraseko mozketak eta antzeko sistema kaltegarriak debekatu beharko lirateke, horiek basoari kale handiak eragiten dizkiote eta. Esaterako, lursoroa babesik gabe uzten da eta lehortzen hasten da; muturreko tenperaturak handitzen dira; euriak erosio larria eragiten du; eta espezie inbaditzaileak sortzen dira”.

Laugarrenez, naturatik ahalik eta gertuen dagoen baso-kudeaketa ezartzea. “Baso-pistak mugatu eta kontrolatu behar dira. Makina eta ibilgailu astunen erabilera ere debekatu behar da, batez ere urteko hilabete euritsuetan. Era berean, naturatik gertu dauden teknikei eman behar zaie lehentasuna, eta ahalik eta produktu kimiko gutxien erabili”. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Espainiako gobernura bideratu dute eskaera bat, oxido kuprosoa erabilita aireko tratamendua egin ahal izateko, eta pinuen gaixotasunari aurre egiteko. Lezama Bizirik elkarteak eskatu dio Udalari tratamendu horren kontrako jarrera azaltzeko. “REACH arautegian jaso den moduan, kobre oxidoa uretako organismoentzat toxikoa da, eta ingurumenerako arrisku kronikoa eta handia ere bada. Gainera, ez dago frogatuta gaixotasun horren aurka eraginkorra denik”. Airetik fumigatzea Europan debekatuta dagoela ekarri dute gogora. “Espainiako Ingurumen Sailak “baimen bereziak” emateak ez dakar Udalak hori onartu behar izatea. Zehaztasun gutxiko praktika da, batez ere gurea bezalako lurraldeetan, zeinetan basoak, baserriak, aisialdirako guneak, baratzak, landak, azpiegiturak eta abarrekoak tartekatzen baitira. Praktika horrek ingurua eta herritarren osasuna ipiniko ditu arriskuan”.

Eta azkenik, jabe partikularrentzako aholkularitza eta laguntza zerbitzua martxan ipintzea, euren basoak modu jasangarriago batean kudea ditzaten. “Horrezaz gainera, ahalegina ere egin beharko luke, Administraziotik sektore pribatuari ematen zaizkion diru-laguntzak birbideratu, eta bertoko basoak berreskuratu eta indartzeari, eta naturatik gertu dauden tekniken erabilerari lehentasuna eman diezaieten”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).