Emakumeak ekoizten

Lezamako Udalak babestutako edukia 2019ko mar. 21a, 13:29

Martxoaren 22an, 19:00etan,  Fabricando mujeres dokumentala eskainiko da Lezamako Kultur Aretoan. Al Borde films ekoiztetxeak egin du lana, eta horretan kontsumoari lotutako indarkeria matxistak salatzen dira. Ana Serna lezamarrak zuzendu du dokumentala, Paula Iglesiasekin batera.

SETEM Hego Haizea garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak indarkeria matxistak eta kontsumo kapitalista lotzen dituen ikerketa egin du, eta Fabricando mujeres dokumentalak ikerketa horretan du sorburua. “Ezohiko dokumental bat egin nahi zuten, ahalik eta lagun gehiengana ailegatu zitekeena, eta askatasun handia eman ziguten hura sortzeko. Guk, lanean, elkarren osagarri diren, baina aldi berean kontrajarriak diren, mundu bi adierazteko proposamena egin genien: alde batetik, Maiteren lantegia; eta bestetik, emakumeak ekoizten dituen fabrika”, azaldu digu Sernak. Fabrika horretan emakumeengan eragina duten eta hainbat indarkeria-motari lotuta dauden estereotipoak sortzen dira. Eta Maitek, argumentua kontatzen duenak, fabrikari estereotipoak sortzeko baliagarriak ez zaizkion elementuak batzen ditu. Elementu horiek berriro erabiltzen ditu indarkeriak azpikoz gora jartzeko eta bere asmakizunak egiteko. “Maiteren lantegiak ekonomia soziala irudikatzen du: indarkeria horiek, erakundeetan zein gizartean, ez errepikatzen saiatzeko diskurtso eta errebindikazio berriak”. 

Dokumentala Euskal Herrian, Madrilen, Txilen eta Medellinen grabatu dute. “Ikerketan Estatuko beste herri batzuek, eta Latinoamerikako herri batzuek ere, hartu dute parte. Hori dela eta, dokumentalean Mendebaldeko emakumeengan eragina ez duten beste arazo batzuk ere azaltzea nahi zuten. Ezinezkoa da munduko erradiografia egitea, baina ahalegindu gara beste errealitate batzuei buruzko zertzeladak ematen, eta estereotipoek zenbait esparrutan nola eragiten dieten azaltzen”. Txile eta Kolonbiako eszenak grabatzeko, hango ekoiztetxe batzuekin ipini ziren harremanetan.

 

Alternatibak

Aretoetan ikus daitekeen dokumentalaz gainera, egileak dokumental interaktibo bat garatzen dabiltza. Plataforma martxoaren hasierarako egongo da prest. “SETEMen ikerketari jarraipena emango diote etorkizunean, horregatik du zentzua dokumental interaktibo bat egiteak. Bertsio interaktiboak aukera ematen digu mundu bietan –emakumeak ekoizten dituen fabrikan eta Maiteren tailerrean– murgiltzeko eta proposamenak egiteko edo hainbat eduki ikusteko”.

Fabricando mujeres dokumentala iaz aurkeztu zen, eta Zinebin eta hainbat aretotan –emakumeen etxeak eta ahalduntze-eskoletan, tartean– eskaini da. Lezamara martxoaren 22an ailegatuko da, Martxoaren 8aren inguruan antolatuko diren ekintzen haritik. “Aukera interesgarria da indarkeria matxistak aurre egiteko hainbat ikuspuntu eta alternatiba ezagutzeko. Gainera, beste lagun batzuei entzutea ere bada interesgarria, gure inguruan diskurtso berberak daudelako eta gutxi dakigulako beste errealitate batzuei buruz. Dena dela, lanari modu positiboan heldu diogu, gai gogorra dela dakigun arren, nahi genuelako dramatismotik aldendu eta proposamenak egin. Azkenik, dokumentala hausnarketarako bidea ere bada”.  

Egilea

Ana Serna Reinaresek 30 urte ditu eta Otxarkoagakoa da, baina gaur egun Lezaman bizi da. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen, eta Artearen Ikerkuntza eta Sorkuntzari buruzko masterra egin du. 2015ean Al Borde films ekoiztetxea sortu zuen Iglesiasekin batera, eta bertan zuzendari, gidoilari eta produktore dabil. Batez ere sormenezko dokumentalak eta gizarte-gaiak jorratzen dituzte. Iaz El aleteo de la mariposa lana aurkeztu zuten Zinebin, zeinetan emigrazio fisikoak eta emozionalak lantzen baitzituzten, eta momentu honetan hiru proiektu dituzte esku artean: lehena Euskal Herrian dugun denbora-kontzeptuari buruzkoa da; bigarrena hizkuntzari eta komunikabideei dago lotuta; eta hirugarrenak okupatutako Sahararen egoera jasotzen du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).