Lezamako Udalak hiru informazio-taula mugitu behar izan ditu

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 5a, 11:44

Orain dela hilabete batzuk, Lezamako Udalak informazio-taula batzuk ipini zituen herrian, bakoitza leku esanguratsu batean. Lezama Bizirik elkartearen ustez, tauletako batzuek –Andra Mari elizaren ondokoa, Kurtze ermitaren ondokoa eta Atheticeko instalazioen ondokoa (Done Jakue bidea) – ez zuten Euskal Ondareari buruzko legea betetzen, eta Udalari eskatu zioten taula horiek kentzeko. Udalak ezetz erantzun zien eta elkarteak Bizkaiko Foru Aldundira jo zuen; udalak ere eskera bat aurkeztu zuen aldundian, informazio-taulak ipini ahal izateko. Aldundiak taulak ipintzeko baimena eman dio udalari, baina ñabardura batzuekin, eta hiru taula mugitu behar izan dituzte: Kurtzeko ermitakoa eta Andra Mari elizaren inguruan zeuden bi.

Jon Ander Aurrekoetxea alkateak adierazi duen moduan, Ondare Saileko teknikari birekin ibili dira informazio-taula guztien kokapena aztertzen, hori egokia zen ikusteko. Andra Mari elizak babes berezia du, eta, horregatik, haren ondoan ipinitako informazio-taula zein Sabino Arana plazan jarritakoa 15 metrora mugitu behar dira. Alkatearen esanetan, taula biak aldatzeko lanetan dabiltza eta laster egongo dira kokapen berrian. Bestalde, eta foru aldundiak xehatu duen moduan, Kurtzeko ermitak oinarrizko babesa du; hala ere, “nahiz eta babes-eremurik ez izan, ez dirudi kokapena egokia denik, zeren ez baitu ahalbidetzen eraikinaren ikuspegi integrala eta eragozten du, espaloi mugakidean, oinezkoen zirkulazioa”. Hori dela eta, informazio-taula sei metrora mugitu da.

Azkenik, aldundiak zehaztutakoaren arabera, “errespetatu beharko dira Errepideen Foru Arauak. Edozein kasutan, errepideen arloan Sail eskumendunari eskatu behar zaio baimena”. Aurrekoetxeak azaldu duenez, Done Jakue bidea ere foru aldundiaren eskuduntza da eta berarengana jo dute. Gainera, 10 urte ingurutik hona errepide hori ez da forala, herrikoa baizik. Ondare Saileko teknikariek ez dute beharrezkotzat jo taula-informazioa handik mugitzea.

Informazio-taulak ipini zirenean udalak azaldu zuenez, taulak bisitariak herrira erakartzeko jarri ziren, eta, horretarako, hitzarmen bat egin zen Athletic futbol-klubarekin. Informazio-tauletako alde batean, lekuaren edo ondare-eraikinaren gaineko informazioa dago; eta beste aldean, futbol taldekoari buruzkoa.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).