Herriko musikarien aldeko apustua

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 2a, 10:59

Andra Mari Lezamako jaiak

San Antolin jaiakaz motorrak berotu ondoren, Lezamako jaiak irailaren 6an hasiko dira. Basobaltz jai-batzordeak ekintza-sorta zabala antolatu dau lezamar guztientzat: mozorroak, kontzertuak, txapelketak, diskofestea eta dantzak, beste batzuen artean. Gainera, zapatuko herri bazkaria berreskuratu dabe.

Txupinazoa bota baino lehen, tradizinoa bihurtu dan kuadrilen jaitsierea izango da barikuan. “Jaietan dagozan gauza politenetariko bat da, herritarrek prestatzen dabezan mozorroengaitik eta egiturengaitik. Oso giro polita sortzen da eta inoz 20 kuadrillak be hartu dabe parte jaitsieran”, azaldu dau jai-batzordeak. Aurtengo gaia pelikulei eta telesailei dago lotuta. Pregoia Kurutze dantza taldeak irakurriko dau. “Azken urteotan, pregoia irakurtzeko aukerea eskaini deutsegu herriko alkarteei, jaietan bertan zein urtean zehar Lezaman egiten daben lana eskertzeko eta ikusgai egiteko. Aurten Kurutze dantza taldeari emon deutsegu aukerea, jaietan beti hartzen dabelako parte eta laguntzea behar izan danean ere hori emoteko prest egon diralako. Gainera, urteurrena ospatzen dabiltza”.

Basobaltz jai-batzordeko kideek jaiak herritik eta herriarentzat egitea dabe helburu. Horren haritik, ahalegin berezia egiten dabe adin guztietako lezamarrentzako ekintzak antolatzeko eta jai parekideak sustatzeko. Beren berbetan, aurreko urteetako eskemari jarraitzen deutsie jaiak diseinatzeko orduan, “ikusi dogulako jenteari gustetan jakola eta feedback onak jaso ditugulako”. Emaitzea pozgarria izan da.  “Azken urteotan jentearen parte hartzeak nabarmen egin dau gora eta horrek jaiak aberasten dauz”.

Aurtengo jaietako nobedade nagusia da zapatuko herri bazkaria berreskuratu egin dala. “Pare bat urte emon dogu herri bazkaria egin barik eta beste formatu batzukaz saiatu gara, esaterako tortilla txapelketeagaz edo kopauagaz. Baina bazkaria barriro antolatzea erabagi dogu aurten; bestalde, bazkari aurretik zein ondoren Kittu taldea izango dogu giroa alaitzen”. Zalantza barik, gaueko kontzertuak dira jente gehien erakartzen daben ekintzak. “Halanda be, lehen aitatu moduan, kuadrillen jaitsierea be erreferente bihurtu da azken urteotan. Era berean, uste dogu herri bazkaria aurtengo ekintza nagusietako bat dala, baita domeka arratsaldeko Xaibor diskofestea eta Eingo taldearen dantza-plaza ekitaldia be”.

Kontzertuei jagokenez, esan beharra dago jai-batzordeak bariku gauerako herriko musikarien aldeko apustua egin dauala eta 22:00etatik aurrera talde eta abeslari honeek igoko dirala agertokira: Domezain, Hakima Flissi, Kartzarot eta Mamagigis. “Musika talde batzuk dagoz herrian eta herritarrek askotan proponidu deuskue Lezamako taldeen gaua egitea; hori antolatzen ahalegindu gara aurten. Talde asko diranez, kontzertuak ohikoa dan baino apur bat laburragoak izango dira, baina uste dogu oso gau polita izango dala lezamarrentzat”. Tokiko musika taldeen kontzertuen ostean, erromeria egongo da Garilak 26 taldearen eskutik; zapatu gauean, Bad Sound, Huntza eta Oxabi taldeek eskainiko dabe kontzertua.

 

Erasorik ez

Herritar guztiek eukiko dabe Andra Mari jaietan zer ikusi eta zertaz gozatu: pelota partiduak, puzgarriak eta tailerrak, dantzak, diskofestea, sukalki eta tortilla txapelketak eta kale antzerkia, beste batzuen artean. Gainera, bariku eta zapatu gauean odolosteak eskainiko dira tabernetan eta jatetxetan bazkaltzeko. Azkenik, aitatu behar da Basobaltz jai-batzordeak urteak daroazala Txorierriko Mankomunitateko berdintasun teknikariagaz, Lezamako Moreak alkarteagaz eta udalagaz erasorik bako jaiak izateko. “Tamalez, emakumeen aurkako erasoek gora egin dabe azken urteotan, eta uste dogu prebentzinoa ezinbestekoa dala gurean halakorik gertatu ez daiten. Lezaman ez dogu inongo eraso sexistarik, homofoborik edo errazistarik onartuko, eta horretan jarraituko dogu lanean”.

Kurtzeko jaiek lekukoa hartuko dabe irailaren 13tik 15era. “Honeek be gero eta parte-hartzaileagoak dira eta eguneko festea oso polita da sukalki eta tortilla txapelketeakaz. Gainera, umeentzako ekintzak egongo dira zapatu goizean zein arratsaldean, eta Bocabeats Comedia taldeagaz barreak botatzeko aukerea izango da”.

Irailak 2, astelehena. San Antolin

12:00 Mezea.

12:30 Kopaua, trikitilariek girotua.

 

Irailak 6, barikua

18:00 Pelota partiduak: Andra Mari Txapelketearen finalerdiak (zaletuak).

19:00 Kuadrillen jaitsierea, Mikel Zarate enparantzatik. Gaia: pelikulak/telesailak.

19:30 Txupinazoa eta pregoia, Kurutze dantza taldearen eskutik.

19:45 Poteoa, herriko tabernetatik. Sakatu elektrotxarangak girotua.

21:45 Txosnak zabaltzea.

22:00 Umeen mozorro lehiaketearen sariak banatzea.

22:00 – 00:00 Mozorrotuta dagozanentzat, 2x1 garagardo eta kalimotxo katxietan eta alkohol bako edarietan.

22:00 – 00:00 Kontzertuak: Domezain + Hakima Flissi + Kartzarot + Mamagigis + Garilak 26.

01:00 Nagusien mozorro lehiaketearen sariak banatzea.

Jatetxeetan eta tabernetan, odolosteak afaltzeko.

 

Irailak 7, zapatua

11:00 – 14:00 Umeentzako puzgarriak eta tailerrak.

13:00 Poteoa, herriko tabernetatik. Kittu taldeak girotua.

14:30 Herri bazkaria, Estankoaren eskutik. Txartelak herriko komertzioetan salgai, 10 euroan.

16:00 Kantaldia, Kittu taldeagaz.

17:00 – 19:00 Umeentzako puzgarriak, tailerrak eta diskofestea.

19:00 Baldin bada kale antzerkia, herriko plazan.

20:00 Ekidazu abesbatzearen eta UPV/EHUko abesbatzearen kontzertua, eleizan.

22:00 Txosnak zabaltzea.

23:00 Kontzertuak: Bad Sound + Huntza + Oxabi.

Jatetxeetan eta tabernetan, odolosteak afaltzeko.

 

Irailak 8, domeka. Andra Mari Eguna

11:00 Mezea.

11:00 Pelota partiduak: Lezamako pelota eskolako umeak eta Andra Mari Txapelketearen finala (zaletuak).

11:45 Dantzak, Kurutze dantza taldearen eskutik.

17:00 Xaibor diskofestea, herriko plazan.

19:00 Dantza-plaza txosnagunean, Eingo taldeagaz.

 

Irailak 9, astelehena

12:00 Mezea.

 

Irailak 10, martitzena. Bolalekuko jaiak

14:00 Paella txapelketan izena emotea.

15:00 Paellak aurkeztea eta sariak banatzea.

16:00 Mus txapelketea (20 euro bikoteka).

17:00 Umeentzako puzgarriak eta tailerrak.

19:00 Txokolatadea, Goiko tabernaren eskutik.

19:30 Erromeria, Gauargi taldeagaz.

 

Kurtzeko jaiak

Irailak 13, barikua

19:30 Batukada, Batukandra taldeagaz.

21:30 Erromeria, Broken Izotz taldeagaz.

Jatetxeetan eta tabernetan, odolosteak afaltzeko.

 

Irailak 14, zapatua. Santa Kurtze

10:00 Mahaiak eta aulkiak banatzea (txartelak erosteko azken eguna: irailaren 12a).

11:00 Umeentzako tailerrak, goizean; eta jolasak, arratsaldean.

11:30 Sukalki eta tortilla txapelketetan izena emotea.

12:00 Mezea, ermitan.

14:00 – 14:15 Sukalkia eta tortillak aurkeztea eta sariak emotea.

14:00 Umeentzako bazkaria (txartelak erosteko azken eguna: irailaren 12a; 7 euro).

17:30 Igel-toka txapelketea.

18:30 Ikuskizuna: Bocabeats.

21:30 Diskofestea: Peeter Pan dj.

22:00 Bingoa eta afari-meriendea: solomo eta hirugiharra-ogitartekoak.

Diskofestea.

 

Irailak 15, domeka

12:00 Mezea, ermitan. Ostean, kopaua.

Jaien amaierea.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).