“Gure garaian, behar zana eta apur bat gehiago emon behar izan genduan”

Aikor aldizkaria 2019ko ira. 3a, 09:59

Lurdes Prudencio Vidal, andereño erretirauta

Herriko eskolan andereño 32 urte ibili ostean, lezamarrak erretiroa hartu eban aurreko ikasturtearen amaieran. Emozinoz betetako egunak izan ziran ekainaren azkenak, mobimentu handikoak be bai, baina andereñoak tartetxoa atera eban gugaz eretxiak eta esperientziak partekatzeko. 

Urte luzeetan egindako lana eskertzeko bideoa grabau, eta omenaldia egin eutsuen eskolaren urte amaierako jaian. Zelan bizi izan zenduzan hori?

Emozino pilo bat izan zan. Zerbait espero neban eta urduri nengoan, ez jatalako gustetan protagonista izatea. Baina ondo sentidu nintzan gero, maitasunez egindakoa zala ikusi neban eta. Berba zoragarriak be bota ziran; hunkitu nintzan.

Oso inportantea izan zara lezamar askorentzat…

Bueno, bueno, ez dakit oso inportantea izan nazen; halanda be, egia da garrantzitsua dala ume txikiak noren esku itxiten diran. Guraso batzuk lagunak dira, beste batzuk kalean edo dendan ikusten dodaz

Lezama moduko herri txiki baten lantokia eta bizilekua izateak desabantailarik ekar daike?

Nik ez dot inoz arazorik izan. Ez dakit; ume txikiakaz lan egiteak zerikusia euki ahal izan dau horretan, beharbada. Ondo moldatu naz.

Eta zeintzuk dira herri txiki baten lan egiteko abantailak?

Eskola familiarra dala, eta lekua bera be bai: naturan gagoz, eta ez kale artean. Kanpoko instalazioak be ondo dagoz, barruko gelak txikiak izan arren.

Bokazinoz ailegau zinan haur-hezkuntzara?

Egia esateko, ez; baina banekian pertsonakaz lan egitea gustetan jatala, eta apurka-apurka joan nintzan bokazinoa eraikitzen. Gure garaian, euskerea gogor sartu zan irakaskuntzan eta oposizinoak gaur egungoak baino errazagoak ziran. Gainera, haur-hezkuntzan lan-aukera gehiago egozan. Edozelan be, esan daiket oso pozik izan nazala aukeratutakoagaz.

Zein da ume txikiakaz egoteko alde ona?

Emoten deutsuen eguneroko alaitasuna, izan be, hareentzat egun guztiak dira onak. Helduok, agian, gogo txarragaz etor gaitekez eskolara, baina ume txikiakaz beti dago jaia, gura zein gura ez. Osterantzean be, dana jolasetan oinarritzen danez, oso ludikoa da eta norberak txipa aldatu egiten dau; arazoak ahiztuten dira. Alde txarra, ostera, nekea izan daiteke, umeak nekaezinak diralako… Eta, jakina, beste mota batzuetako arazoak be egon daitekez, baina hori ez da hemen gertatzen: oso familia arruntak dira eta giro ona dago. Ondorioz, gustura etortzen zara eskolara.

Zelako eskola topatu zenduan? Zelako eskola itxiko dozu?

Eskola txiki gelditzen dabil, nahiz eta Hezkuntza Sailerako hori lehentasunezko arazoa ez izan. Orain dala urte batzuk, gurasoek eskolea handitzeko proiektua egin eben, baina ezebezean geratu zan. Biztanleria handitzen doa, eta eskola handiagoa izan ezkero, askoz hobeto egongo geintekez. Dana dala, egoerea dramatikoa be ez da, eta esan behar da danetarik izan dogula: laborategia, informatika-gela, zeramika-tailerra… Bestetik, gaur egungo irakasleak gu baino askoz prestauago dagoz: eskolan hasi eta dana dabe kontrolpean. Hareek be eskolan inplikazino handia daben arren, gure garaian konpromisoa bestelakoa zan: eskolea ia-ia hasten ebilan eta emon behar zana eta apur bat gehiago emon behar izan genduan. Eskolea lana baino gehiago zan eta familia bihurtu ginan. Eta familiakaz batera jaiak antolatzen hasi ginan –esate baterako, Inauteriak– eta jai horreek herrira zabaldu ziran gero. Azkenik, aitatu beharra dago metodologia aldetik be asko aurreratu dogula. Edozelan be, beti izan gara nahiko eraginkorrak arlo horretan, eta prestakuntzea guztion ardurea izan da beti, eskolan zein eskolaz kanpo.

Andereño moduan, zeintzuk izan dira zure kezkak?

Ume txikiek ondo sentidu behar dabe ikasgelan, babestuta eta maitatuta. Irakasleok segurtasuna emon behar deutsegu. Hasieran dana da ezbardina eta, normala danez, negarrez ibili ohi dira: geureganatu behar doguz. Horrezaz gainera, ume bakotxarengandik onena atera behar dogu, eta, horretarako, euren erritmoa eta izaerea errespetau. Ume guztiak egin behar doguz ikusgai.

Familia eta lana buztartzea ez da erraza eta gero eta goizago bidaltzen doguz seme-alabak eskolara. Beharrezkoa da bi urteko umea eskolara joatea?

Ez. Ume txiki batek lehenengo eta behin heldu bategaz egon behar dau, eta gero bere erritmoa errespetau daitela: loa, jana, berba asko egin dakiola… Umeak hiru urtegaz-edo hasten dira esparru soziala lantzen: aurretik alkarregaz egon daitekez, baina ez dabe alkarrenganako interesik.

Zerbait ikasiko dabe eskolan…

Bai, jakina, baina geroago be izango dabe ikasteko aukerea. Nire ustez, ume gehienak larregi estimulatuta dagoz gaur egun: pailazoak edo pelikula bat ikustera joan, antzerkira, eskolaz kanpoko ekintzak… Askotan ekintzen bonbardaketea izaten da eta ez dakie hori guztia behar moduan kudeatzen. Ondorioz, kontzentrazino-arazoak sortzen dira. Horretarako adin nahikoa dutenean, eskolaz kanpoko ekintzak egitea polita da, umearen gustua definitzen dalako eta hori inportantea da bihar-etziko ikasketei eta lanari begira. Baina probateko aukerea emon behar jako umeari, eta ekintza bategaz edo bigaz nahikoa da.

Zer landu behar da ume txikiakaz?

Patxadaz egoteko denporea behar dabe eskolan zein etxean. Ikasgelan arbela digitala erabilten dogu, joerea umeak mundu digitalera bideratzea dalako –adibidez, lehen hezkuntzako laugarren mailan ez dago libururik eta dana ordenagailuaren bidez egiten da–; dana dala, haur-hezkuntzan pantailak neurriz erabili behar dira eta helburu pedagogiko bategaz. Gehienbat lehengo jolasetara jo behar dogu: berbarako, ikasturte honetan musika-tresnak egin doguz trasteak erabilita, eta umeek horreek manejau dabez eta musikea jo dabe. Era berean, alkarregaz eta bakarrik jolasten, alkarregaz konpontzen… ikasi behar dabe umeek

“Etxean hezten da; eskolan, irakatsi”. Ados zagoz esaldi horregaz?

Ez, biak batera doazalako, eskolan nahiz etxean. Edozelan be, egia da gurasoak ezinbestekoak dirala, erroa, emozino-mundua etxean dagoalako. Etenbako komunikazinoa egon behar da eskola eta gurasoen artean, eta uste dot Lezaman hori nahiko ondo betetzen dala. Bestetik, gustauko litxakit aitatzea eskola-proiektuan estamentu guztiak inplikatzea ezinbestekoa dala, bakotxa jagokon neurrian: administrazinoa, udala, gurasoak eta irakasleak. Herriko inportanteena ez bada, eskolak herriko egitasmorik garrantzitsuenetariko bat izan behar du; eta baliabideak emoteaz gainera, interesa izan behar da bertan gertatzen dan guztian.

Aspaldi honetan berba asko egiten da hezkuntza inklusiboaren gainean; hau da, eskolak ume bakotxaren beharrizanetara moldatu behar dauala. Baliabiderik badago horri heltzeko?

Paperean oso polito dago, baina errealidadean hori bermatzea kostatu egiten da. Umea eskolatu orduko, egundoko txostena egiten da eta arazoei aurreikusteko baliagarriak diran adierazleak ipintzen dira. Halanda be, baliabideak gero –psikologoa, adibidez – ez dira haur-hezkuntzara bideratzen, lehen hezkuntzara baizik. Eta kulturara heltzeko, emozinoek finkatuta egon behar dabe. Beraz, ahal dana egiten dogu, nahiz eta hori beti idealena ez izan.

Zeintzuk dira euskal eskolearen indarguneak eta ahulguneak?

Neure eretxiz, guztia da aldekoa: gizartea askotarikoa dan heinean, eskolea be askotarikoa da eta alkarrengandik ikasten dogu. Era berean, ikasgelan itunpeko eskoletan baino ikasle gutxiago egoteak banan-banako arreta eskaintzeko aukerea emoten deusku. Beste alde batetik, jakina, baliabide gehiago behar doguz eta beti gabilz hori aldarrikatzen: beti administrazinotik tiraka, protestaka.

Zein da andereño baten poztasunik handiena?

Arazoren bat dauan edo izan daiken umeak bere lekua topatzen duanean; edo bere lekua topatzera bideratzen dozunean, besterik ez. Beharbada, nagusitan be mugaren bat izango dau, baina munduan bere lekua hartu dauala ikustea oso pozgarria da.

Etapa barria hasiko dozu. Planik?

Ez dot planik egin gura: ea nora joko dodan. Alde batetik, pena emoten deust, baina erretiroa hartzeko aukerea eskaini deuste eta hori aprobetxau gura dot, beste gauza batzuk egin ahal izateko. Gainera, nigaz hasi ziran guztiak erretiratuta dagoz eta uste dot neure txanda be badala. Eta zerbaiten faltea sentiduko ete dodan? Bada, norberaren balioa, beharbada, izan be mundu honetara zerbait egitera etorri gara –zein polita dan hori!–, eta hemendik aurrera energia non ipini.

 

 

Konpromisoa

 

Lurdes Prudencio Vidalek 60 urte dauz eta irakaskuntzan 39 urte daroaz: urte batez Gallartan izan zan; hurrengo sei urteetan, Etxebarriko San Antonio eskolan; eta azken 32 urteetan, Lezaman. Prudencio Bilbotik etorri zan Lezamara bizi izatera, eta handik gitxira plazea eskuratu eban herriko eskolan. Haur-hezkuntzako irakaslea ez eze, zuzendaria eta ikasketa-burua be izan da bertan. “Eskolea zuzentzea guztiz ezbardina da: andereño zarenean zure umeen taldean ipintzen dozu arretea eta lasaiago bizi zara; zuzendaria zarenean, ostera, fronte gehiago dozuz zabalik. Dana dala, gustura ibili nintzan: azken baten helburua eskolearen alde lan egitea da eta erronkea polita da. Gurea eskola txikia da eta akabuan guztion artean administrau behar dogu bai ala bai. Alde polita be badau, oso demokratikoa izan daiteke eta”.

Lezamarrak konpromiso handia dau euskereagaz eta Zorrizketan euskera alkartearen sortzaileetariko bat izan zan. “Euskerea ikasi egin neban eta argi euki neban euskaraz bizi gura nebala: Lezamako eskolak aukera hori emon deust. Gehiago oraindik, hona etorri nintzanean argi izan neban neuk be herriko euskeraz egin gura nebala”. Bere esanetan, Fernando Olabarrietak ilusinoa kutsatu eutsan eta buru-belarri murgildu zan Zorrizketanen sorreran orain dala 16 urte. “Urte honeetan euskera alkarteak lan polita eta inportantea egin dau euskerearen alde, beti be apaltasunez”. Alkarteak ahalegin handia egin dau euskerea eta euskal kultura herrian bultzatu guran, eta, horretarako, ekintza ugari antolau dabez; Mikel Zarateri omenaldia be, euren artean. “Gurea herria euskalduna da: euskerea badogu, baina ez dogu erabilten. Ez doguz beste herri erdaldunago batzuetan izan daikiezan beharrizan berberak, eta horregaitik da gatxagoa asmatzea. Gazteak behar doguz, idea barriak ekarri dagiezan; halanda be, dedikazinoa eskatzen dau horrek eta mundu guztia ez dago denpora librea eskaintzeko prest”.

Prudencioren ustez, euskal eskola publikoak euskaldun osoak hezten dauz; gitxienez, bere esperientziaren arabera. “Eskolatik euskeraz bizitzeko beste jakinduriagaz eta prestakuntzeagaz urteten dira, baina gero, kalean, euskera gutxi entzuten da. Gurasoek bizpahiru berba egiten dabe euskeraz eta ondoren gaztelaniaz egiteko joerea dabe; beraz, umeek gaztelania entzuten dabe eta nagusitzen diran hainean hareek be jotzen dabe erdarara. Dana dala, ez dogu ezkorrak izan behar. Horri lotuta, ikasturte hasierako bileran gurasoei azaltzen deutsegu gurea D ereduko ikastetxea dala, baina eskolatik kanpo be euskeraz ibiltzea plusa dala. Era berean, ahalegin handia egiten da ikasgelan be bakarrik euskerea entzun daiten”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).