Hurrengo lasterketarako prest

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 10a, 16:04

Mikel Valladares Barrera, atleta

Hamazazpi urteko lezamarra tximista baino azkarrago dabil pistan. Horrela, bada, harro dago bere markez: 1:57.02, 800 metroko lasterketan; eta 4:04.11, 1.500 metrokoan. Bizkorra da, kirolean nahiz bizitzan; eta saiatua. Itxura oneko etorkizuna dau atletismoan.   

Mikelek pozik baino pozago amaitu eban aurreko denporaldia: Euskadiko txapelduna izan zan 1.500 metroko lasterketan (pista estalia); Euskadiko bigarrena, 800 metroko lasterketan (aire zabala); eta Bizkaiko txapelduna, 400 metroko lasterketan (aire zabala). Ganera, Espainiako txapelketan be hartu eban parte: 10.a lotu zan 800 metroko lasterketan (pista estalia); eta 15.a, 1.500 metroko lasterketan. Emaitza horreek 18 urtez azpiko kategorian lortu ebazan, baina kategoria absolutuan be emaitza onak lortu ebazan: bosgarren amaitu eban Euskadiko 800 metroko lasterketan (pista estalia); eta zazpigarren Euskadiko 1.500 metroko lasterketan (aire zabala).

Hain fruitu onak izateko, gogor eta gogoz entrenatu behar dau. Astelehenetan indarra lantzen dau gimnasioan, eta eguaztenetan eta zapatuetan (lasterketarik ez badago) serieak egiten dauz, iraupena eta abiadura lantzeko. “Oso saio gogorrak dira eta batzuetan zorabiatu be egiten naz. Baina, egia esan, gustatzen jat sentsazio hori: entrenamendua amaitzen danean ondo sentitzen naz, hain zorrotza dan saioa amaitzeko gauza izan nazalako. Lasterketarako prest sentitzen naz”. Bestalde, eguenetan teknika jorratzen dau, eta domeketan karra egitera urteten dau bere kabuz.

Aurtengo denporaldia hasi berri da eta Mikelek are eta bizkorrago ibili beharko dau, kategoriaz aldatu da eta. “Hogei urtez azpiko kategorian nago eta zailagoa da Espainiako txapelketetara sailkatzea; edozelan be, ahaleginduko naz”. Pistan korrikalari azkarra dan arren, aitortu deusku krosa ez dala bere indargunea. “Pistako lasterketak baino lehen kros-proba bat dago. Kluben probea da eta kide guztion lana da garrantzitsua Espainiako txapelketara joan ahal izateko. Ahalik eta ondoen egiten saiatuko naz. Nire ustez, talde ona dogu; ganera, taldekide barria dogu, tria­tloietan ibilia dana. Ea laguntzen deuskun!”.

Karra egiten zortzi urtegaz hasi zan, aitagaz eta oporretan egozala. Hurrengo ikasturtean izena emon eban Galdakaoko klubean eta bertan jarraitzen dau gaur egun. Oraindik aitagaz urteten da korrika egitera. Lasterketa baten 12 urte ebazala hartu eban parte estreinakoz, eta harrezkero erakutsi dau pistan azkartasuna eta trebezia dauzala. Espainiako txapelketa baten ibili zan lehenengo aldia etorri jako burura. “Orain dala urte bi izan zan. Hamasei urtez azpiko kategoria nenbilen eta 1.000 metroko lasterketea (pista estalia) egin neban. Finalera bakarrik bederatzi onenak doaz eta nik sailkatzea lortu neban. Zortzigarrena izan nintzan eta Espainiako rankingean lehenengo 10en artean egon nintzan. Oso ondo sentidu nintzan”.

 

Bere buruaren kontra

Gustura dago Galdakaon, pozik. “Entrenatzaileari eta taldekide guztioi esker bagoaz helburuak betetzen. Alde batetik, entrenatzaileak oso entrenamendu egokiak eta pertsonalizatuak prestatzen dauz atleta bakotxarentzat; eta bestetik, taldekideak entrenamenduetan batera gagozanez, bada, hobetzen laguntzen deutsagu alkarri”. Txorierrin atletismo klub bat, Beste Bira, sortu da orain gitxi, eta, Mikelen esanetan, albiste pozgarria da. “Bizkaian ez dago zaletasun handirik eta klub gehiago egotea ona da, zaletasuna bultzatu eta handitzen dau eta”.

Atletismoan korrikalaria bere buruaren kontra dabil eta horrek hain zuzen be erakartzen dau gaztea. “Helburua ez da beste talde bati edo lehiakideei irabaztea, zeure markea hobetzea baino. Eta hori lortzen dozunean subidoia balitz bezalakoa da”. Kirol arloan beti bere onena emoten ahaleginduko dala esan deusku, eta kategoria guztietan saiatuko dala Estatu mailako txapelketetara joaten. Halanda be, badaki gero eta gatxagoa izango dala. “Inoz Espainiako txapelketan kategoria absolutuan parte hartzea gustauko litxakit”. Orain arte txapelketetan topau dauzan korrikalaririk onenak Gaztela eta Leonekoak, Kataluniakoak eta Andaluziakoak izan dira, eta atleta kutun bi dauz: Adel Mechaal katalana eta Jakob norvegiar gaztea. Biak munduko onenetarikoen artean dagoz. Berak be Olinpiadetara joatea amestu dau inoz. “Uf, baina hori bai dala gatxa!”. Bitartean, arrakasta handia lortzen jarraituko dau Euskal Herriko zein Espainiako pistetan.

 

 

Korrika, beti

Mikelek zientzien batxilergoa dabil ikasten eta aurten bigarren maila hasi dau. Tristuraz esan deusku ikasketak dirala-eta kirola egiteari itxi behar izan deutson jentea ezagutzen dauela. “Badakit gogorra izango dala biak buztartzea, baina ez neuke nire burua halako egoera baten ikusi gura. Atletismoa asko gustetan jat eta ez dot gura alde batera itxi. Ganera, Espainiako txapelketetara joateko aukera handiak dodaz. Beraz, ahaleginduko naz”. Gakoa denporea ondo antolatzea da eta orain arte ederto moldatu da. “Ikastolatik etxera ailegatzen nazenean ikasi ohi dot; gero entrenatzera, eta itzultzen nazenean jarraitzen dot ikasten. Denpora gehiago izaten dot asteburuetan”. Lagunakaz egon eta gitarrea joteko tartea be badau. “Musikea ikasi dot eta gitarra klasikoa joten hasi nintzan; orain elektrikoa. Rock eta metal taldeen abestiak interpretaten doguz”.

Batxilergoa amaitzen dauenean matematikari edo fisikari lotutako zerbait ikastea gustauko litxakio; eta, ondoren, horretan lan egitea. “Eta atletismoagaz jarraitzea, jakina! Atletismoaz bizitzea? Uf, hori ia ezinezkoa da: Espainiako onenetarikoa izan behar dozu, munduko txapelketetara joan, babesleak izan… Bestalde, beste kirol batzuetan baino askoz diru gitxiago irabazten da”.

Atleten kirol-bizitzak 30 urte eta pikora arte iraun daike. Mikelek ahalik eta gehien aprobetxatuko dauz aurretik dauzan urteak. “Ahalegina egingo dot maila altuko lehiaketetan parte hartu ahal izateko; ondoren, horretarako nagusia nazenean, nire kabuz segiduko dot korrika egiten”.