Lezamako HAPOa behin betiko baliogabetu du Gorenak

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 15a, 11:04

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Lezamako Hiri-antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) deuseztatu zuen 2018ko otsailean, eta udalak kasazio-errekurtsoa ipini zuen. Auzitegi Gorenak ez du errekurtsoa onartu eta behin betiko baliogabetu du Lezamako HAPOa.

Jon Ander Aurrekoetxea Lezamako alkateak adierazi duenez, epaia onartzen dute, harekin ados ez badaude ere. Era berean, esan du 2020an hasiko direla “Lezamak behar duen hirigintza-planeamendu berria lantzen”. Bestetik, Aurrekoetxeak justiziari eskatu dio auzi antzekoetan irizpide berberak erabiltzeko. Udalak ohar batean azaldutakoaren arabera, Auzitegi Nagusiak Larrabetzuko HAPOa onartu zuen 2019ko otsailean, nahiz eta Lezamakoak zituen lau forma-akatsetatik hiru zituen. “Nolanahi ere, Larrabetzuk izandako aldeko epaiaz pozten gara. HAPOa egitea oso luzea da, 4-5 urte, eta, gainera, kostu handia du udalerri txiki batentzat”.

Auzitegi Nagusiak ez zituen Lezamako plana onartu arrazoi hauengatik: telekomunikazio-txostenik aurkeztu ez izana, prozesu parte-hartzailea berandu bultzatu izana, balio handiko lurra babesteko egin beharreko izapiderik egin ez izana eta lurzoru batean jarduera kutsagarria egon zen aztertzeko txostenik aurkeztu ez izana. Epaiak, berriz, zuzentzat jo zuen planean jasotako etxebizitza-kopurua eta industria-jarduerarako lurzorua handitzeko aurreikuspena, eta berretsi zuen etxebizitzak egin ahal zirela urpean gera zitekeen ustezko lurzoru batean, hori uholdegarria ez baitzen.   

Bestela, Lezama Bizirik elkarteak esan du, haiek aurreikusi zuten moduan, helegiteak bakarrik balio izan duela denbora eta dirua galtzeko, eta espero dute “azken baliogabetzeak zabal dezala, partaidetzatik eta adostasunetik, herrirako plangintza iraunkorra eta bidezkoa egiteko aukera”. Horri lotuta, berriro azaldu dute prest daudela “HAPO aurrerakoi eta adostu berri baten negoziazioetan eta tramiteetan laguntzeko”, eta, “udalak azken asteetan aipatu duen ildotik, problematikoak ez diren bizitegi-gune batzuk garatzeko zer aukera dagoen aztertzeko”. Aurrekoetxeak gogora ekarri du hiri-antolamenduko plan orokorrak beti egin direla herritarren parte-hartzearekin, eta horrela egiten jarraituko dutela. Hala ere, kezkatuta agertu da Lezama Bizirik elkarteak izan ahal duen jarrerarekin, hurrengo planaren punturen batekin ados ez badaude.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).