Leia Zarate, Athleticen jokalaria

"Ez dot inoz pentsau hain gora helduko nintzanik"

a: Athletic Club 2019ko aza. 29a, 15:31

Athletic sortu zanetik hainbat txorierritar ibili dira emakumezkoen taldean: Amaia Olabarrieta,  Iraia Iturregi, Julene Guarrotxena, Joana Flaviano… Gaur egun, ostera, Leia Zarate lezamarra da gure ordezkari bakarra. Leia gaztea da, baina bere izenak adierazoten dauen moduan, baita kementsua be.

Zelan hasi zinan futbolean jokatzen?

Bospasei urte nebazala Bizia Lezamako futbol eskolan hasi nintzan jokatzen. Ez zegoen neska askorik, baina ez dot inoz mutilakaz jokatzeko arazorik izan. Etxean oso kirolariak izan gara beti eta horrek laguntzen deutsu kirolean murgiltzen. Pelotan be jokatzen neban txikitan.

Zergaitik aukeratu zenduan futbola, eta ez pelotea?

Indarra pelotan futbolean baino garrantzitsuagoa da, eta ni ez nintzan mutilen mailara heltzen; futbolean, ostera, bai: euren mailan jokatzeko gauza nintzan. Ganera, futbola taldeko kirola da eta hori be gustetan jat.

Zelan hartu zenduan Athleticen fitxaketea?

Bizia taldetik Derio taldera joan nintzan jokatzera. Hamalau urte nebazala, min hartu neban belaunean eta ebakuntza egin behar izan eusten. Osatu nintzanean, Athleticen bigarren taldean hasi nintzan jokatzen. Deitu eustenean poz-pozik ipini nintzan, jakina, Athleticen inon baino hobeto egongo nintzala banekialako. 

 

"Gaur egun futbola 24 ordu egunean dot buruan"

 

Txikitan Athleticen jokatzeko ametsa zenduan?

Ez dot inoz pentsau hain gora helduko nintzanik. Futbola izugarri gustatzen jat betidanik, asko disfrutetan dot entrenetan eta jokatzen. Eta gaur egun futbola 24 ordu egunean dot buruan, bai astean zehar, bai asteburuetan.

Orain dala hiru urte egin zenduan debuta lehenengo taldean. Zelan daroazu taldean finkatzeko prozesua?

Gatxa da. Ia partidu guztietan hartzen dot parte, baina gehienetan aulkitik ateratzen naz eta bakarrik 10-15 minutu emoten dodaz zelaian. Eta ez da gauza bera hasierako hamaikakoan hastea edo ordezkari ateratzea. Entrenatzaileak esan deusku taldeak guztiok behar gaituala, eta aurten ia guztiok izan gara titularrak partidaren batean. Horrek motibazinoa emoten deutsu.

Zelango ametsa dozu Athleticen?

Epe laburrean, hasierako hamaikakoan sarriago sartu gurako neuke. Tira, eta barriro Liga irabaztea lortuko bagendu, edo Kopa, zoragarria izango litzateke. Badakit oso zaila dala: taldeak gero eta hobeak dira, gero eta atzerritar eta jokalari hobeak dagoz, klubak gero eta profesionalagoak dira… Halanda be, guk partidu guztiak irabazi gura doguz eta horretarako ateratzen gara zelaira.

Athleticen lorpen handi bi bizi izan dozuz: Liga irabaztea eta San Mamesen 50.000 ikusleren aurrean jolastea. Zein izan zen onena?

Onena ezin dot esan. Bakotxa era desbardin baten disfrutau genduan. Liga hainbat egunetan zehar gozatu genduan. Eta San Mamesen jolastea be zoragarria izan zan. Bertan entrenatzea bakarrik itzela da eta, ganera, Atletico de Madrid taldearen kontrako partiduan zelaia erabat beteta ikustea zirraragarria izan zan. Ez daukat hitzik.

Bukatzeko, bitxikeria bi: bata, izena, Leia. Nondik dator?

Jenteak uste dau Star Wars filmeen pertsonaiari dagoala lotuta, baina ez da hori. Amari gustetan jakon Leia izena, indarra adierazoten dauelako. Antza danez, arazo piloa euki ebazan erroldan jartzeko, baina azkenean, hainbat paper eta kutxa bat pastel bidalita, lortu egin eban.    

 

"20. zenbakia daroat Adurizek be eroaten dauelako: biok gara aurrelariak eta bera erreferentea da"

 

Eta bestea, zenbakia. Zergaitik daroazu 20. zenbakia?

Gaztetan beste zenbaki batzuk euki dodaz, baina Athleticera heldu nintzanean, batzuk nebazan aukeran. Horreetako bat 20. zenbakia zan eta mutilen taldeari buruz hasi nintzan pentsatzen. Han Aritz Adurizek daroa hogeigarrena, eta erreferente ezin hobea iruditu jatan: biok gara aurrelariak, mutil jatorra da… Orain 20a da nire zenbakia.

 

 

Gitxieneko batzuk

Leia Zarate Gonzalez lezamarrak (1998/03/27) 2016an egin eban debuta Athleticen lehenengo taldean, baina klubean 2014an sartu zan, bigarren taldean. Guztira, talde zuri-gorrian 71 partida jokatu dauz eta bost gol sartu. Leiak inork baino hobeto ezagutu dau azken urteotan emakumezkoen futbolak euki dauan gorakada. Horren haritik, jokalariek lan-baldintzak be gero eta hobeak izatea gura dabe. Horregaitik, grebea egin dabe azaroan. "Agian, nik Athleticen baldintza onak dodaz, baina beste taldeko kide batek, ordea, ez. Beraz, azpimarratu gurako neuke jokalari guztiok bat egin dogula, alkarri laguntza emoteko".

Lezamarraren ustez, neskek "gitxieneko batzuk" besterik ez dabez eskatzen. "Azken hilabeteotan negoziatzen ibili ga­ra, hitzarmen kolektiboa sinatzeko, baina ez dogu ezer lortu. Beraz, grebara deitzea beharrezkotzat jo genduan. Eta ez pentsa milioiak eta milioiak kobrau gura doguzala. Eskatzen doguna klub guztiek ordaindu ahal dabe". Jokalariek 12.000 euro urtean kobratzea eskatu dabe eta klubek 8.000 euro eskini dabez. Azkenean, Estaduko futbolariek grebea egin da­be azaroaren 16an eta 17an.

Futbola Zarateren bizitza da, baina horrezaz aparte, lezamarrak etorkizuna bermatu gura dau eta Pedagogia dabil ikasten. "Lehen Deustun ikasten neban, baina orain goizez entrenetan dogunez, Unir Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearen bidez nabil ikasten, online, arrastietan". Futbolari izateari itxi daienean ez daki zer egingo dauen, baina "arazoak dabezan lagunakaz" behar egitea gustau litxakio. "Kirola eta pedagogia gustetan jataz eta biak buztartu gurako neukez".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).