Koronabirusa

Baserritarrak urduri dagoz

Aikor aldizkaria 2020ko mai. 6a, 12:27

Txorierrin hainbat nekazari doguz eta eurak be badabilz koronabirusaren krisian murgilduta. Maiatzean baserriko produktuak merkaturatzeko kanpaina nagusia egiten da eta baserritarrak urduri dagoz, Jon Lekerikak esan deuskun moduan. Lezamarrak LORRA Bizkaiko nekazarien eta abeltzainen kooperatibaren presidentea da.

Pandemia inori ez jako ondo suertatu, baina baserritarrek urteko arorik garrantzitsuena gainditu beharko dabe, maiatzean, produktuak merkaturatze aroan hain zuzen be. Birusak ezjakintasuna zabaldu dau, eta horrek, urduritasuna. “Orain merkaturatze garaia dator eta ikusiko dogu zelan doazan salmentak. Baserritarrak urduri gagoz, ezer ez dakigulako: zer gertatuko dan, birusa nozko geldituko dan gugaz… Ez dakigu zer gertatuko dan datorren astean be. Dana aldatzen da egun batetik bestera", esan dau Jon Lekerikak.

“Orain merkaturatze garaia dator eta ikusiko dogu zelan doazan salmentak”

Beste sektore batzuek esan dabe laguntza beharko dabela eta ziur asko baserritarrak ez dira salbuespena izango. "Aldundiagaz egin dogu berba eta aitatu  deuskue dirulaguntzak banatuko dabezala, baina oraindik ez dakigu zenbatekoak izango diran. Lehenengo sektoreak be ezin dau oraindik zehaztu zenbat galduko dauen. Oraindik goiz da ondorioak atarateko". Lezamarraren esanetan, lehen sektorean hainbat azpisektore dagoz eta hori be kontuan hartu behar da, benetako kaltea noraino helduko dan jakiteko. "Txakolingileak txarto dabilz pasatzen, produktua batez be tabernei eta jatetxeei saltzen deutseelako eta horreek itxita dagozalako".

Beste batzuk, ostera, ez dagoz hain kezkatuta. Lekerikak bere baserria bera jarri deusku adibidetzat, baita Interneten bidez saltzen dabezanak be. "Guk tomateak, letxugak eta piperrak ekoizten doguz eta momentuz arazo handirik ez dogu euki: tomateak eta letxugak kontsumitzaile arruntei saltzen deutseguz eta eurek jarraituko dabe horreek biak jaten. Piperrak, ostera, batez be ostalaritzara bideratzen doguz eta ziur asko gitxiago salduko dogu, edo prezioa nabarmen jaitsi beharko dogu. Ostera, online saltzen dabezanen salmentek gora egin dabe".

Lekerika baikor agertu da etorkizunari buruz galdetu deutsagunean. "Azokak itxi egin dira eta horrek kalte egingo deusku, baina Bizkaiko baserriak txikiak gara eta, ondorioz, beste lekuetako baserritarrek baino errazago salduko dogu gure produktua, azken baten produktu kopurua be txikia dalako. Adibide bat jarriko dot: umeek ez dabe eskolan bazkaltzen, eta merkatu hori itxi egin jaku, baina orain familia guztiak gehiago bazkalduko dogu etxean eta barazkiak, fruta eta abar gehiago erosiko doguz. Hau da, orekari eutsiko deutsagu".

Errutina antzekoa

Birusaren eragina ezin da momentuz aztertu lehen sektorean, baina Lekerikak esan deusku pandemiak aldaketa gitxi ekarri deutsela nekazariei. "Lehen sektorea funtsezkoa da eta, ondorioz, muga gitxi jarri deuskuez. Batzuk etxean egongo dira, baina guk lanean jarraitzen dogu baserrietan. Eta gure errutina antzekoa da: guk ez dogu domekarik, ez barikurik, egun guztiak diralako antzekoak", esan deusku Lekerikak. 

Lezamarrak aitatu dau normalean kontu handiz ibilten dirala, higieneari eta garbitasunari behar bezalako garrantzia emoten deutseela. Eta orain, are gehiago. "Hiru langile doguz eta Eusko Jaurlaritzak emondako segurtasun-argibideak eurei be emon deutseguz: batez be, kutsatzeko arriskua murrizteko. Ganera, egiaztagiria emon deutsegu langileei, lanera etorri ahal izateko. Lan egiteko, normalean eskularruak erabilten doguz eta garbitasunari arreta berezia eskaintzen deutsagu. Maskarak be erabilten doguz gaur egun". 

Jon familiagaz eta amagaz bizi da baserrian. Han be badauka lantokia. Anaiak eta langileak bertan batzen dira egunero lan egiteko. Zorionez inork ez dau osasun-arazorik euki. "Gure kezka nagusia ama da, adinekoa dalako. Ganerakook ondo gagoz, bai senideak, bai langileak. Bakotxa bere etxean dago eta bakarrik batzen gara lan egiteko, segurtasun-neurriak beteteaz beti be. Etxean gelditzeko agindua emon zanean, langileei lan egitera ez etorteko esan geuntsen astebetean, garai hatan lan handirik ez egoalako. Gero bai, gero etorri ziran, eta orokorrean, oso jarrera ona erakutsi dabe", adierazo dau Lekerikak.

Koronabirusaren gaineko datuak Txorierrin hemen

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).