Bost denda eta 13 taberna/jatetxe dozuez Lezaman, zein egoeratan dagoz?
Dendetan arazo gitxiago sumatu dogu, konfinamenduan jenteak erosketak herrian bertan egin dauz eta: igoera bat egon da eta orain apurka-apurka ikusi beharko da zer gertatzen dan. Lezamako tabernek eta jatetxeek, bestalde, edozein herritako ostalaritza sektoreak dauen arazo bera dabe: baimendutako edukiera, izan be, horrek eguneroko lana baldintzatzen dau. Dana dala, Lezaman abantaila hau dogu: espaloiak nahiko zabalak dira eta taberna gehiegirik ez dago; ondorioz, terrazak handitu ahal dira eta mahai gehiago ipini, edukierea % 50 baino handiagoa izateko.
Aitatutakoaz ganera, ze neurri hartuko dozuez sektore biei laguntzeko?
Ahal dogun neurrian lagundu behar deutsegu gure dendariei eta ostalariei. Lehentasuna zuzeneko dirulaguntzei emongo deutsegu eta momentu honetan aztertzen gabilz horreek zelan bideratu: itxaroten dogu erabagia ekainaren erdialderako hartuta izatea. Ondoren, egoerea “normalagoa”-edo danean, beste aukera batzuk hausnartuko doguz, berbarako, herrian kontsumitzeko bonuak ateratzea. Beharbada, Lezama Saretzen merkataritza eta ostalaritza alkartegaz batuko gara eta guztion artean aztertuko dogu bonuak zelan bideratu, aurretik izandako esperientzietan bonuak gehienbat ostalaritzan gastatu diralako, eta dendetara ez da dirurik ailegau; beraz, bonuen bidezko laguntza sektore bietara heltzea lortu behar dogu.
Dendek eta tabernek bizia sortzen dabe eta ezinbestekoak dira herrietan; are ezinbestekoagoak dira herri txikietan?
Bizia sortzen dabe, batez be asteburuetan, lanaren ostean jenteak depora libre gehiago dau eta. Beste alde batetik, kalidadea eskaintzeaz ganera, gure denda txikiek bertoko produktua saltzen dabe eta lehenengo sektoreari laguntzen deutsie holan. Guztion artean ahalegindu behar dogu gure komertzioetan eta tabernetan gehiago kontsumitzen.
Horren harira, herritarrak kontzientziatzeko kanpainaren bat egiteko asmorik dozue?
Orain ez bada, datorren urtean egingo dogu. Dana dala, ez dot uste kanpaina hori bakarrik COVID-19a izan dalako egin behar danik. Askotan ahazten dogu herriko komertzioak eta lehen sektorea oso hur doguzala eta kalidade handiko produktuak eskaintzen deuskuezala, eta merkataritza-gune handietara joten dogu han erosteko dana. Honegaz ez dot esan gura merkataritza-guneetara joan behar ez danik, ez bada ze lehenengo eta behin herriko dendetan erosten ahalegindu behar dogula, eta gura doguna herrian ez badago, beste herri batzuetara edo merkataritza-gunera joan. Hau da, gure erosketak apur bat moldatzen ahalegindu behar dogu herriko dendariei eta tabernariei laguntzeko. Era berean, ekoizleengana zuzenean joan gaitekez eta Zero Kilometroko produktuak erosi geinkez sektoreari laguntzeko, eurak be une latza pasatzen dabilzalako. Ganera, udan, herrietan ez da ohiko azokarik egongo, segurtasun- eta higiene-neurriak ezin diralako bermatu, eta horrek galerak ekarriko deutsez.