Ahalegintxoa, mundua salbatzeko

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 15a, 10:20

Lehen sektorea behar-beharrezkotzat jo zen alarma-egoeraren hasieran, eta baserritarrak egunero ibili ziren lanean, herritarrok itxialdian oinarrizko beharrizanak bete ahal izateko, hau da, guk zer jan izan genezan. Une latzetan tokikoak funtzionatzen duela argi utzi dute eta, hortaz, 0 kilometroaren garrantzia azpimarratzeko momentua da. Martin Uriarte LORRA Bizkaiko nekazarien eta abeltzainen kooperatibaren zuzendari-kudeatzaileak argi du zioa: alde batetik, gizarte-erantzukizunagatik; eta bestetik, ingurumena zaintzeko.  

“Lehenengo eta behin, supermerkatuak eta dendak tokiko produktuez hornitzeko, lehen sektoreak egin duen lana aintzat hartu behar da”, esan digu Uriartek. “Bestetik, aipatu beharra dago Horeca kanala –hotelak, jatetxeak eta kafetegiak– ixteak kaltetu zituela azpisektore batzuk, hala nola, txakolingintza eta sagardogintza, Idiazabal jatorri-deiturako gazta, nekazaritza ekologikoa eta produktuak batez ere ostalaritzara eta kontsumo-taldeetara bideratzen dituzten ekoizle txikiak; gainera, eskola-jantokiak itxi izanak ere eragina izan du azken horietan”. Uriartek azaldu digunez, konfinamenduan, banatzaile nagusiek tokiko produktua kontsumitzeko konpromisoa hartu zuten, baina banatzaileek Euskal Baserri jatorrizko berme-markako produktuak eskatu ohi dituzte, eta ez Eusko Label berme-markakoak. Ondorioz, eta adibidea ipintzearren, piper labelduna Euskal Baserrikoa balitz bezala saldu behar izan zen, eta prezioa ia % 35 merkatu zen.

Ekoizleek produktuak ateratzeko moduak topatu behar izan zituzten, eta askok onlineko salmentaren alde egin zuten. Horrela, orokorrean fakturazioa murriztu zen arren, onlineko salmenta hirukoiztu egin zen itxialdian. Ekoizle batzuek euren kabuz saldu zuten, baina BBK Azoka eta Hermeneus moduko plataformak asko erabili ziren online saltzeko. “Idiazabal gaztak, bestalde, heren batera murriztu ditu salmentak, eta batzuek gazta hutsean bilgarriratzea erabaki zuten gero saltzeko. Arkumeen sektoreari dagokionez, gobernuak hitzarmenak egin zituen kooperatibekin merkatuan zegoen produktua sal zedin, eta okela orokorrean ondo saldu bazen ere, Horeca kanalera bideratzen zen txuletoia saldu ahal izateko, batzuek onlineko eskaintzak egin behar izan zituzten, baita txuletoia hanburgesa bihurtu ere”. Aipatutakoez gainera, landetxeak eta landare apaingarriak ekoizten dituzten enpresak ere kaltetu ditu COVID-19ak eragindako krisiak.

Alarma-egoera ezarri zuenean, Espainiako Gobernuak ezinbestekotzat jo zuen lehen sektorea eta, itxialdian, nekazariak eta abeltzainak egunero ibili ziren lanean dendak eta supermerkatuak 0 kilometroko produktuekin hornitzeko. “0 kilometroko produktua tokiko produktua da. 0 kilometroko produktua beste edozein produktu baino askoz jasangarriagoa da: zure kontsumo-gunetik zenbat eta gehiago urrundu, hainbat eta erregai fosil gehiago beharko da produktua hona ekartzeko, eta horrek kalte egingo dio ingurumenari. Guk hau esaten dugu: eskura Lezamako tomatea baduzu, esaterako, ez erosi Marokokoa. Azken hori merkeagoa izango da, beharbada, baina 1.700 kilometro egin behar izan ditu hona ailegatzeko; ondorioz, atmosferara C02 kantitate handia isuri da. Gainera, produktua zein lan-baldintzatan ekoiztu den ere hartu behar dugu kontuan, izan ere, langileak lan-kontratu barik eta abar ibiltzea izan daiteke, adibidez”.

Jasangarriagoa eta klima-aldaketa gutxitzen lagungarria izateaz gainera, 0 kilometroko produktua gure baserritarren bizimodua da. “Gure lehen sektoreak bizirik jarraitzea nahi badugu, tokiko produktuen alde egin behar dugu. Horri lotuta, azpimarratu behar da baserritarrak ingurunearen kudeatzaileak direla, gu jatekoz hornitu ez ezik ingurune naturala –mendiak-eta– zaindu ere egiten baitute”.

“0 kilometroko produktua beste edozein produktu baino askoz jasangarriagoa da”

Ingurune naturalarekin bat

Uriarteren esanetan, badirudi aurreko lerroetan adierazitako mezua sartu egin dela gizartean, ekoizleek kooperatibaren arduradunei esan diete-eta tokiko produktuen salmenta handitu dela. “Nire ustez, pandemiak herritarrok ingurune naturalarekin ahalik eta gehien bat eginda bizi izatea ekarriko du: dena gelditu denean naturak izan duen erantzuna ikusi besterik ez dago. Espero dezagun tokiko produktuen aldeko jarrera iragankorra ez izatea, baina, iragarri duten moduan, osasun-krisialdiaren ostean ekonomia-krisia badator, zaila izango da. Hala ere, baldintza-berdintasunean eta antzeko prezioak egonda, nahiz eta tokiko produktua apur bat garestiagoa izan, argi izan behar dugu 0 kilometroko produktua erosiz gero mundua salbatzeko gure ahalegintxoa egiten gabiltzala”.

LORRA kooperatibaren zuzendari-kudeatzaileak aipatu duenez, administrazioak lehen sektorea sektore estrategikotzat hartu behar du. “Bi arrazoirengatik: jatekoz hornitzen gaituelako eta lurraldea kudeatzen duelako. Beraz, administrazioak baserritarrek ordezkoa izatea bermatu beharko du, baita nekazaritza-aktiboak izaten jarraitzea ere. Eta nekazaritza-aktiboak izateko modu bakarra da baserritarrek euren produktua sal dezatela. Orain dela urte batzuk Nirea egitasmoa ipini zen martxan eta lortu zen banatzaile handiek tokiko produktuari lehentasuna ematea; Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek oraingo honetan ere familia-baserritarren aldeko politika publikoak sustatu beharko dituzte”.

“Administrazioak lehen sektorea sektore estrategikotzat hartu behar du, jatekoz hornitzen gaituelako eta lurraldea kudeatzen duelako”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).