Ainhoa Lekerika I artista

“Burua 24 orduan zazpi egunean dot beharrean”

Aikor aldizkaria 2020ko ira. 10a, 13:24

Lezamako gazteak modu ezin hobean amaitu barri dau Arteko Gradua; izan be, aurkeztutako gradu amaierako lanari hamar bat eta ohorezko matrikula ipini deutsie. Lekerikak instalazino bat atondu eban Politeknika Ikastegia Txorierrin eta bertan afektuei lotutako esperimentazio-gunea sortu eban.

“Lana itxialdiaren lehen egunetan ha­si neban eta gogorra izan zan, personakaz lan egiteko joerea dot eta. Hortaz, batez be aurretik egindakoa aztertzen ibili nintzan, zorrotz. Baina deskonfinamentua heldu zanean konturatu nintzan zerbait fisikoa egiteko beharra nebala, nahiz eta artean zer egin argi ez neban”, aitatu deusku. Epaimahaikideei esperientzia fisiko hori izateko proposamena egin eutsen eta, baietz erantzuteaz gainera, hareek edozein lekutara hurbiltzeko prest azaldu ziran. “Hasiera baten, instalazinoa Bilboko kaleetan egitea pentsau neban, halandaze be, aukera baztertu neban akabuan: edonork hartu leike elementuren bat, eta eraman edo apurtu. Instalazinoa Politeknikako kiroldegian ipintzea proponidu eusten aitak eta osabak, eta zuzendariagaz egin neban berba. Egia esan, oso eskuzabalak izan dira eta  erraztasun handiak emon deustez”.

 

“Itxialdiak ekarritako hainbeste frustrazinoren ondoren, behar nebanari entzuteko gauza izateak notak baino askoz
gehiago poztu nau”

 

Afektuak nagusi dira lezamarraren lanetan eta Politeknikan be izan dabe isla. “Lekuaren konnotazinoak eta hango elementuak –saskibaloiko saskiak, futboleko ateak, lurreko marrak…–  kontuan hartuta, afektuak ikusteko dodan modua islatu neban bertan, eta futbolean ordez, nire lanagaz zerikusia daukan zerbaitean jolastea proposatu, ea zer gertatzen zan”. Ateek eta saskiek, beraz, ohiko funtzinoa galdu eben eta guneagaz batera esperimentazio-bide bihurtu ziran. “Epaimahaikideek esan eusten oso gauza txikiakaz mugimendua sortu nebala eta espazioaren trataerea be oso handia zala. Euren berbetan, lanak alerta sentikorra-edo piztu eutsen eta kanpora urten ziranean beste modu baten ikusi eban dana”. Gradu amaierarako lanari ipinitako nota bikainak asko poztu dau gaztea. “Edozelan be, itxialdiak ekarritako hainbeste frustrazinoren ondoren, egoerari bueltea emon eta behar nebanari entzuteko gauza izan izanak askoz gehiago poztu nau: gatxa bazan be, ausarta izan naz eta oso ondo atera jat”. Epaimahaikideen berbak be oso esanguratsuak izan dira berarentzat. “Epaimahaia nik benetan miresten dodazan artistek, erreferenteak direnak, osatu eben, eta nire lanarekiko izan dabezan gorespen-berbak entzun izana zein nire ikuste sentikorrak harritu dauzala ikusi izanak ikaragarria izan da”.

Aitortu dauanez, Arte Ederretako Fakultadean sartzea bihozkadea izan zan. “Matrikulan «Ikus-entzunezkoak» idatzi neban, baina handik 10 minutura, ero-eroan, ezabatu eta «Arteko Gradua» ipini neban, benetan hori egin gura neban eta. Bizitzan, nire alde sentikorrari garrantzia emon deutsat beti, baina batxilergoan, esaterako, letrak aukeratu nebazan eta unibertsidadearen aurretik ez neban arte-arloan inongo heziketarik jaso. Horregaitik, Arte Ederretako Fakultadean hastearen beldur nintzan, ez nekielako ezer egiten. Dana dala, intuizinoak emaitza ona izan dau eta ez naz damu”. 

 

Tabakaleran esperientzia

Fakultadean hiru espezialitate ikasteko aukerea dago: diseinua eta sorkuntza, zaharberritzea eta artea. Hasieran diseinua aukeratu arren, Lekerikak arteagaz saiatzea erabagi eban bigarren mailaren ondoren. “Uda hatan, Donostiako Tabakaleran izan nintzan beka bat eskuratuta. Hilabete eta erdiko egonaldia gozatu neban Jon Mikel Euba eta Itziar Okariz artisteakaz eta beste 15 ikasle eta artisteakaz, ikasten eta sortzen, eta konturatu nintzan benetan gustatzen jatana artea zala. Era berean, ohartu nintzan arteagaz diseinua egin ahal dala, baina diseinuan ikasten danagaz artea egitea gatxagoa dala”.

Uste daitekeenaren kontra, Arteko Gradua exijentzia handikoa da. “Jenteak alferrak garela pentsa daike, baina nire esperientzia bestelakoa da: fakultadean 08:30etik 19:00etara emon dot astean zehar, eta burua 24 orduan zazpi egunean dot beharrean”. Ikasketen gainean nebazan itxaropenak hankaz gora ipini ziran gradua hasi bezain laster. “Ez dot topatu espero nebana: askoz hobea izan da eta ez naz damu”.

Datorren ikasturtea lasaitasunez hartzeko asmoa dau. “Ingeles titulua atera gura dot, eta lana topau. Era berean, kanpoan master bat egitea gustatuko litxakit, ze hemengo egoera eta lan egiteko erak ezagutzen dodaz, eta testuinguruaren arabera lan egiteko era erabat aldatzen da. Ondo informatuko naz eta nora joan erabagiko dot. Doktoretza be egin gurako neuke, eta etorkizunean artistaren lana eta irakaslearen lana buztartu”. Amaitzeko, euskal artearen gainean kontau deusku oso oparoa dala, eta artista askok lanak mundu osoan saltzen dabezala. “Zorte handia izan da hemen ikasi izana”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).