Zuhaitz Gurrutxaga, aktorea

“Umorea oso terapeutikoa da”

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 8a, 09:48

Zuhaitz Gurrutxaga domekero agertzen zaigu telebistan Herri txiki, infernu handi saioan, baina gaztetan 15 urte eman zituen futbolari profesional moduan. Gaur egun, jarraitzen du futbolari lotuta, baina beste arlo batetik, ezohikoa erabat, umoretik. Izan ere, duela zazpi urte utzi zion futbolean jokatzeari, baina bere eskarmentua Futbolistok bakarrizketan jaso zuen eta herriz herri dabil saioa aurkezten. Azkenetako bat Lezama izan da.  

t: Gaizka Eguzkitza

Zelan Lezaman?

Ondo, eskerrak eman nahi dizkiot Lezamako Udalari, nire bakarrizketa kontuan hartu izanagatik. Arraroa izan zen antzezlana elizan egin genuelako: ez da batere ohikoa, nahiz eta Herri txiki, infernu handi saioan askotan elizetan ibili. Tira, publikoa berehala egokitu zen, eta ni ere bai.

Ospea batez ere ETB1eko Herri txiki, infernu handi saioak eman dizu. Herri txikiak benetan badira infernu handiak? 

(Kar-kar) Ez, inondik inora. Eta saioaren bukaeran guztiz kontrakoa esaten dugu: “Esaera zahar batek dio, herri txiki, infernu handi. Hau infernua bada, biba infernua eta biba zuek!”.

Saioari esker Txorierri ezagutzen duzu. Zer deritzozu?  

Bai, Larrabetzun, Zamudion eta Lezaman izan gara. Eta gainera, Zamudiokoa denboraldiko gehien ikusi zen saioetako bat izan zen. Derio ere ezagutzen dut, irailean Baserri Antzokian izan nintzelako. Gustura ibili naiz beti, bertako jendeak dena eman didalako.

 

"Txorierrin gustura ibili naiz beti, bertako jendeak dena eman didalako”

 

Lezaman Futbolistok bakarrizketa antzeztu zenuen. Zertan datza ikuskizuna?

Umorezko bakarrizketa da, guztiz autobiografikoa. Batez ere futbolari profesionala izan nintzen garaia jorratzen dut ikuskizunean. Eta bertan futbolariek normalean esaten ez dutena esaten dut: zer sentitzen duzun kanporatzen zaituztenean, gol bat zure atean sartzen duzunean... Izan ere, askotan futbolariek buruz ikasitako lau klixe ikasten ditugu eta hori baino ez dugu esaten. Gainera, izenburuak azaltzen duen moduan, TOK sindromeari buruz, hau da, nahasmendu obsesibo-konpultsiboari buruz, ere hitz egiten dut. Gaztelaniaz TOC esaten zaio eta euskaraz TOK esatea zuzena izan ez arren, lizentzia poetikoa hartu dut. Interesgarria iruditu zitzaidan gai hori mahai gainean jartzea.

Zelangoa da zure umorea? 

Ez zait besteen lepotik barre egitea gustatzen; nire kontura barre egin nahiago dut, ordea. Eta agertokian eskarmentua hartu dudan heinean, konturatu naiz publikoaren iritziz miseriak garaipenak baino askoz barregarriagoak direla. Behin txantxa bat egin nuen lorpen baten inguruan eta inork ez zuen ezta irribarre txiki bat ere erakutsi. Eta txiste ona zen (kar-kar). Beraz, nire miseriei buruz hitz egiten dut. Nire ustez, umorea oso terapeutikoa da: Lehenengo Mailan debuta egin nuen egunean txartel gorria erakutsi zidaten eta oso txarto pasatu nuen. Horren kontura txantxak egiten hasi nintzenean, arazoa desagertu egin zen.

Hainbat urtetan futbolaria izan zara, baina orain, aktorea. Zelan egin zenuen salto batetik bestera?

Futbolaria izan nintzenean, gitarra jotzen ikasi nuen. Beranduago, kantak idazten eta kontzertuak ematen hasi nintzen. Kanten artean azalpenak ematen nizkion publikoari: zertan zetzan hurrengo kanta, zelan konposatu nuen... Eta jendeak barre egiten zuen. Apurka-apurka konturatu nintzen bakarrizketa-tarte horiek kantak eurak baino arrakastatsuagoak zirela. Batetik, polita zen, alde komiko hori ogibide bihurtzeko aukera ikusi nuelako; bestetik, aldiz, garratza zen, kantak idaztea kostatzen zitzaidalako eta jendeak horiek aintzat hartzen ez zituelako.

Harrezkero, zer gertatu zen musika taldearekin? 

Vanpopel zuen izena, pop musika egiten genuelako eta Van Poppel txirrindulari holandarra izugarri gustatzen zitzaidalako. Ulertu nuen talenturik ez nuela eta musika bertan behera utzi nuen.

 

 

“Dena zor diot Clementeri”

Zuhaitz Gurrutxaga Loiola (Elgoibar, 1980) Errealeko beheko mailetan egin zen futbolari. Azkenean, 1999an, ametsa bete zuen eta Lehenengo Mailan egin zuen debuta. “Clementek eman zidan lehenengo taldean jokatzeko aukera eta dena zor diot horregatik. Ez da oso gizon maitekorra, baina nirekin gertua izan zen eta asko estimatzen dut. Zarautzen bizi omen da, ea berriro hortik ikusten dudan eta agurtzen dudan. Antzezlanean berari buruz hitz egiten dut, noski, eta, kartelean, omenaldia egin diot, beheko aldean San Clementeren marrazkia agertzen delako, baina ez benetakoa, Javier Clementeren aurpegia duena baizik. Dena biribiltzeko, azaroaren 23an jaio nintzen, San Clemente egunean, alegia (kar-kar)”.

Zuhaitzek ez zuen Lehenengo Mailan luze jokatu eta batez ere Bigarren eta Bigarren B Mailan aritu zen 15 urteko ibilbidean: Algeciras, Rayo Vallecano, Real Union, Lemoa, Zamora eta Beasain. Gipuzkoarrak lorpen bi goraipatzen ditu: batetik, 2003an Ligako txapeldunordetza Errealarekin; eta bestetik, 2008an Bigarren B Mailako Real Union taldeak Erreal Madril Kopatik kanporatu izana. Aipatzeko beste kontu xelebre bat izan zen Lezaman, Marcelo Bielsa Athleticen entrenatzailearen eskutik. “Deitu zidan bakarrizketa futbolarien aurrean antzezteko; baietz esan nion, baina musutruk egingo nuela, klubean lagunak nituelako. Hala ere, nire jarrera ez zitzaion batere gustatu, bere ustez kultura ordaindu egin behar delako. Esan zidan hurrengo egunean berriro deituko zidala. Azkenean prezioa jarri nuen eta bakarrizketa egin. Nire publikorik onena Athleticen jokalariak izan ziren, nire bakarrizketarekin bat egiten zutelako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).